Museoan sartu beharreko objektuez

Gizarte museoen izateaz gogoeta sakonak proposatuz, 'Que reste-t-il du Présent?' argitaratu du Baionako Euskal MuseoakHainbat esperientzia jakin azaltzen ditu, 400 orrialde eta 42 ikuspuntu bilduz

Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2012ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Baionako Euskal Museoa 1922an estreinatu zuten. Museo horren ideia zeramatenak Baionako burgesak ziren, eta museoan «objektu ederrak» nahi zituzten, gehienek beren etxeetan ere margo bildumak zituztela, edertasun hori garrantzitsua zitzaien museorako. Horren haritik, bada anekdota adierazgarri bat, Jacques Battesti museoko kontserbadore ordeak gogora ekarri duena. Museoa hornitzeko, hainbat herritar bildu zitzaizkien etxean zituztenak ematera. Eta halako batean, emazte batek bere txakur lastoztatua eman zien, zehaztuz euskal txakurra zela: «Pentsa dezakegu txakurrari betierekotasun bat emateko ekartzen duela horra. Baina arduradunentzat ez zuen museoan izaterik, eta gau batez kide batek txakurra museotik atera eta Errobi ibaira bota zuen. Hainbeste maitasun, errekan bururatu zuena... Aski krudela da». Anekdotak museoaren nondik norakoa ulertzeko balio dezake. Izan ere, museo batean ezin denez dena sartu, selekzio bat egin behar. Baina hautuak nola egin? Zer adierazteko? Zergatik baztertu txakur euskalduna? Zergatik atxiki?

Gaurko egunean, Euskal Museoa bezala, gizarte museoak deitzen direnek gogoeta sakona abiatua dute, argitaratu berri duten Que reste-t-il du Présent ? (Zer gelditzen da gaurkoaz?) lekuko. Baionako Euskal museoa, bere adiskideen sozietatea, Frantziako Ekomuseo eta gizarte museoan federazioaren eta Le Festinen arteko koedizioa da liburua.

Hilabete luzeetako lanaren emaitza, mardula, kolorezko argazkiek eta grafia zainduak 14 jatorritako 42 autoreren ekarpenak biltzen ditu, frantsesez eta ingelesez. Gogoeten ondoan, zenbait norabide azaltzen dituzte, hainbat herritan esperimentatuak.

Bereziki, mundu horretako profesionalentzat da liburua. Baionako Euskal Museoaren gisako erakustokiak baitira leku anitzetan, eta askok zalantza berak baitituzte. Liburuarekin, xedeetako bat mundu horretan «elektroxo» bat sortzea dela esplikatu du Battestik, liburua koordinatu duenak. Argi baitu geroari begira «iraultza bat» dela egin behar. «Dena ez da bi egunez eginen, baina gogoetek erakusten dute hori dela hartu beharreko norabidea». Horien izatea bera zalantzan jarria baita. Zentzu bat ote du, gaur egun, gizarte museo batek? «Baietz pentsatzen dut, baina beste molde batean. Leku interesgarria litzateke espazio kultur bereizi gisa. Parte harraraziz. Eztabaida gune gisa. Guztientzat izan daitekeena, baikanpokoentzat eta bai hemengoentzat, eta belaunaldi guztientzat ere».

Museoa bai, beraz, baina zer funtzio betetzeko? «Bere betebeharra, gure lana, lurralde hau zer den esplikatzea bada, bere aniztasunean, bere historia, bere eraginekin, orduan, ezin gara garen bezala gelditu», Battestiren ustez.

Tradizioaren Noeren ontzi

Baionako Euskal Museoaren gaurko errealitatea, hasierako bera baita, hau da, tradizio batetik etorri objektuen bilduma bat babestea. Museoa sortzean: «Desagertzen ari zenaz negarrez ari ziren. Aldaketa geldiarazi nahi zuten. Modernitateak beldurtzen zituen, eta, beraz, arrunt baztertzen zuten. Tradizioaren Noeren ontzia zen museoa», Battestiren hitzetan. Modernitateak lurraldea «inbadituko» zuelarik osoki, beren beldurra zen «ezingo zela gehiago euskalduna izan. Nortasuna atxiki zuten, mugiezina eta denboratik kanpo zen gauza baten gisa. Gauzak aldatzen direla ahantziz. Ahantziz gauzak aldatu zirela aitzin ere. Tradizio hori beste zerbaiten aldaketa zela. Ahantziz iragaten ari zen denbora behar zela kontuan hartu».

2001ean museoa berritu zuten, museografia aldatu zuten, guztia molde garaikideago batean aurkeztuz. «Baina funtsean, 1920ko hamarkadako objektu berak jarri zituzten, diskurtso eta gai berekin. Nestor Basterretxea edo Jorge Oteizaren obra batzuk salbu. Justuki, errateko Euskal Herri garaikidea museora sartu zutela. Baina ororen buru, Euskal Herri garaikidearen gaia ez zuten landu. Alta, gaurko Euskal Herria ulertzeko, egia da tradizioaren ideia garrantzitsua dela, baina orduz geroztik gertatu den guztia ere garrantzitsua da», beti Battestiren hitzetan.

Hautaketak politikoak dira

Euskal Herri garaikideari nola lekua eman, hori da beste galdera gakoa. «Iraultza» hori gauzatzeko, zer objektu bildu eta zer ez? Museo batzuek, bereziki Europa iparraldean, objektu guztiak biltzeko parioa egin zuten garai batez, kontsumo gizartea azkarki garatu arau eta berarekin batera egunero objektu berriak agertzen zirela, laster ezinezkoa bilakatu zitzaien lana.

Dena ezin da, baina zer ahal da? Gaurko Euskal Herriko etxeak hartzen badira erreferentzia gisa, guztietan segur aski aurkitu daitezke Tupperware-ak. Horiek ekarri beharko lirateke museora? Euskal bizitokietan direnez, «euskal objektuak ere badira» nonbait, berresten du Battestik. Zergatik tupperware-ak ez, eta beste zerbait bai? Eta objektua euskalduna izatea ala ez, hori ote da izan behar irizpidea?

Gogoetaz gogoeta, adibide jakinetara pasatzeko, museoan sar daitezkeen objektuen artean, bat Baso berria izan daitekeela proposatzen du Battestik. Objektu garaikide interesgarria dela deritzo: «Logoen bidez, basoa mintzo da. Bestari lotua da, eta, aldi berean,garapen iraunkorrari. Baina beste objektu anitz bezala, objektua ulertzeko azaldu beharko da, lagundu beharko da, jarriko duzun orga bat baino gehiago».

Euskara bera ez dela museoan aski landua onartu du Battestik, eta baieztatu politikoak ere badirela museoaren betebeharrak eta nondik norakoen erabakiak. Zer Euskal Herri nahi da erakutsi? Zein muga, zein itxurarekin? Gatazkak saihetsesinak direla eta, justuki, «erosoagoa da iragan urrunaz, iragan ahantziaz interesatzea. Eman dezake Euskal Herriaren karta postal itxura bat, minik egiten ez duen itxura bat. Begirada liriko nostalgiko bat. Erronka handiak daude horren gibelean».

Hori bai, objektuak beharrezkoak direla dio Battestik. Saio batzuk egin ziren, gizakia museoaren zentroan jarriz eta objektua bigarren planoan. «Baina ohartu ziren horrek ez zuela funtzionatzen. Museora gatoz objektuak ikustera. Kultura materialista dago. Bilduma ideia hor da berriz. Azken finean museoaren oinarria da hori». Subjektibotasuna ere aldarrikatzen du Battestik. Hautuak egiteko eskubidea eta, bereziki, nork bere egitekoa.

Gaia konplexua dela, preseski, konplexutasun hori museora ekartzea interesgarria litzatekeela konbentzitua da Battesti, halako espazio didaktiko bat antolatuz. Onartuz museoak ez duela «Euskal Herriaz dena» erakutsiko. «Denbora erakustea eta gertakari sozialak objektuen bidez erakustea zaila baita». Beste galdera batzuk ere badira dilindan. Nori ematen zaion begiratzera, eta zein erreferentziarekin. Hortaz, hauxe dio Battestik: «Atsotitz txinatar batek dio arraina leku txarrenean dela uraren existentziaz ohartzeko».

Argitalpen berriaren haritik, gaiari oihartzun handiagoa emateko gisan, primaderan Frantziako Ekomuseo eta gizarte museoan federazioa jardunaldiak antolatuko ditu Baionako Museoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.