Museoan gelditu da Lemoiz

Vicente Ameztoik, Jose Luis Zumetak eta Carlos Zabalak 1980an elkarlanean sortutako 'Lemoiz gelditu' mural erraldoiari eta haren testuinguruari areto bat eskaini dio Bilboko Arte Ederren Museoak

Vicente Ameztoik, Jose Luis Zumetak eta Carlos Zabala artistek 1980an margotutako murala. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2020ko azaroaren 10a
00:00
Entzun

«Historia luze eta tragikoa». «Gertakari aztoragarriak». «Gure historiari eragin dioten kontraesan eta gatazkak». Uranioarekin erabiliko luketen arreta beraz aukeratu dituzte Bilboko Arte Ederren Museoan Lemoiz gelditu murala aurkezteko hitz zehatzak Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak, Miguel Zugaza museoko zuzendariak eta Iskandar Rementeria arte ikertzaileak; memoria hurbilaren kristal apurtuen gainean dabiltzan jakitun. ETAri aipamen zuzenik egin gabe. Iberduero enpresa izendatu gabe. Proiektua babestu zutenen izenik oroitu gabe. Eta, halere, haiei guztiei buruz. Mugimendu antinuklearrak 1980ko azaroaren 8 eta 9an Bilbon antolatutako Herrikoi Topaketak izeneko bi eguneko jardunaldietan margotu zuten lana Vicente Ameztoik, Jose Luis Zumetak eta Carlos Zabala Arrastalu-k, justu duela 40 urte. Jardunaldiek iraun bitartean, jende aurrean margotu zuten hiru sortzaileek ia bost metro altu eta zazpi metro zabal den murala, eta tituluak iradoki bezain argia da irudiaren mezua ere.

Salaketa zuzena zen ordurako Lemoizen eraikitzen hasiak ziren eta gizartearen erantzun zabala piztu zuen zentral nuklearraren aurka, eta horregatik ageri dira irudian sasoiko politikari, militar eta enpresarien karikaturak. Hainbat hamarkadaz batetik bestera ibili ostean, udan jaso zuen dohaintzan museoak, mugimendu antinuklearreko kideen eskutik, eta hiru artisten edo haien ondorengoen onarpenarekin, eta orain aurkeztu dute hedabideen aurrean. 32. aretoa eskaini diote piezari, eta garaiko kartel, pegatina eta egunkariekin lagunduta erakutsiko dute lana.

Murala lehenago erakusteko asmoa zuen museoak, Zugazak onartu duenez, baina espero baino denbora gehiago hartu behar izan dute, azkenean. Pieza zaharberritu behar izan dute, batetik, dohaintza behar bezala egiteko tramiteak ere luzatu egin zaizkie, eta, horrez gainera, asmatu egin nahi zuten murala aurkezteko moduarekin. «Ulertu nahi genuen murala museora ekartzeak zeukan esanahia. Ez baita margolan bat gehiago».

Erlojua gelditzea

1970eko hamarkadan, Franco artean bizirik zela, Euskal Herrian lau zentral nuklear egiteko asmoa azaldu zuen Iberduero enpresak Lemoizen, Deban, Ispasterren eta Tuteran, eta sasoiko agintarien oniritzia ere bazuen horretarako. Lemoizkoa izan zen lehen urratsa. Proiektuaren aurkako gizarte mobilizazio handiak ere antolatu zituen mugimendu antinuklearrak, ordea, eta ETAk ere behin baino gehiagotan erasotu zituen hala lanak, nola bertan lanean ari ziren arduradunak ere —1981ean bahitu eta hilko zuten Jose Maria Ryan ingeniaria—. Azkenean, zentrala eraikita egon arren, ez zen sekula martxan jarri, eta oraindik ere ikus daitezke haren hondarrak Basordas izeneko kalan. Sastrakek janda.

80ko hamarkadan oso bizi egon zen gaia, eta mobilizazio eta protesta giro orokor horren erdian antolatu zituen mugimendu antinuklearrak Bilboko Herrikoi Topaketak, 1980an. Kulturgintza proiektuaren aurka batzea zen asmoa, eta antzezlan, artelan eta kontzertu programa zabala osatu zuten horretarako, ehunka sortzaileren atxikimenduarekin. Egoera nahasi, gorabeheratsu eta gatazkatsu horren erdian, «erlojua gelditzea» ariketa «zaila» dela onartu du Zugazak, baina jardunaldiek iraun zuten bi egunetan jarri nahi izan du arreta museoak. Eta Iskandar Rementeria ikerlariak egin du lan hori.

«Monumentala da murala», azaldu du ikerlariak, «baina ez soilik artelanaren neurriagatik, baizik eta sintetizatzen duelako gizarte mugimendu baten asmoa». Artelanarekin batera, garaiko mugimendu eta egoeraren berri ematen duten hainbat argitalpen, afixa eta bideo jarri ditu ikusgai aretoan, baina ez du artxibo bat osatzeko asmorik izan, dioenez.

Carlos Zabala Arrastalu da gaur egun murala sortu zuen hiru artistako taldetik bizirik jarraitzen duen bakarra, eta muralaren nondik norakoak gogoratu ditu aurkezpenean. «Oso konplikatua ematen du hiru estilo horren ezberdinak elkartzea, baina oso erraza izan zen». Lagun ziren hiru sortzaileak, eta sinesten zuten egiten ari ziren horretan. Ameztoik Villabona-Amasan (Gipuzkoa) zuen etxean egin zuten zirriborroa, lehenik, azkar samar, Zabalak gogoratu duenez, eta, gero, berak hartu zuen zirriborro hura mural bilakatzeko egin beharreko lanen ardura.

Elkarrekin aritu ziren hirurak, baina argia izan zen lanen banaketa. Zumetarenak dira erretratuak, Ameztoirenak paisaiak eta Zabalak egindakoak dira koadroaren erdigunean ikus daitezkeen bi sugetzarrak. AEBetako banderaren koloreak ditu batak, eta Espainiakoarenak besteak. Elkarrekin kiribilduta daude. Erasokor.

Pasadizo bat ere hartu du gogoan artistak. «Bixente [Vicente Ameztoi] kexatzen zen asko, zeren, Jose Luis [Zumeta] aldamio horretako goiko partean zegoen, eta zipriztinak hona eta hara botatzen zituen, oso espresiboa zen pintatzen ere, eta Bixente paisaiak pintatzen, denbora guztian kexatzen, igotzen zen gora tarteka, pintatzen zuen goitik eta berriz behera. Ongi pasa genuen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.