Museoa alderik alde zulatzea

Modernitatea eta kolonialismoa ditu ardatz Bilboko Alondegian jarri duten erakusketak

Inigo Astiz
Bilbo
2014ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Zuriak, lauak eta garbiak. Ia klinikoak izaten dira erakusketa aretoak. Xabier Salaberria artistak, ordea, tripak atera dizkio Bilboko Alondegikoari. Hormetariko bat alderik alde zulatu, eta jendearen bistan utzi dizkio barrenak. Agerian zurak, iltzeak eta isolamendu materialak. Neutraltzat jotzen den espazio hori desnaturalizatzea izan da haren asmoa: artelanak erakusteko modu hori konbentzio bat baino ez dela azaleratzea. Eta antzera jokatu nahi izan du Catalina Lozano komisarioak erakusketa osoarekin. «Kolonialismoa eta modernitatea parean ulertzen saiatu naiz. Historikoki garai berean sortu ziren, eta oso lotuta daude. Silvia Federicik dioenez, agian, Europak bere burua kolonizatu du. Praktika kolonialak ez dira soilik kanporanzkoak: Europa barruan ere badaude halakoak». Eta praktika horiek azaleratzea izan da Lorategi batek diziplina desiratzen duen moduan desiratzen ditu makina batek jarraibideak erakusketaren asmoa. Nazioarteko hamahiru artistaren lanak biltzen ditu, eta irailaren 7ra arte egongo da zabalik. Alderik alde zulatuta.

Salaberriak egin du erakusketa osoaren muntaketa. Modernizazioaz geroztik artea erakusteko sorturiko erarekin apurtzea izan da haren erronka, eta berezia da horregatik aretoaren itxura. Sartu eta berehala, erabat hutsik dagoen espazio handi bat ikusiko du bisitariak, erakusketaren titulua ageri duen zurezko hormaren atzean. Lurra garbitzeko tresnak eta eskailera batzuk daude bertan. «Ez du inolako funtzionalitaterik nire esku hartzeak».

Baina Salaberria ez da bilduman parte hartu duen euskal sortzaile bakarra. Bertan da Iranzu Antona artista nafarra ere, Elkartzea sorrarazi piezarekin. Greziako arkitektura klasikoaren eta Le Corbusier arkitekto arrazionalistaren lanak parekatzen ditu Antonak, argazki eta maketa bidez. Eta paretsu ageri dira inoiz Delfosen eraikin izandakoen hondakinak, eta gerora eraikin izatera heldutakoen planoak. «Oinarri arrazionalista dute biek, eta biek hartzen dute kontuan giza gorputzaren eskala».

2012an, komisario gazteentzako Marco/Frac Lorraine saria jaso zuen Lozanok. Horregatik, aurrez Vigon (Galizia) eta Lorrenan (Frantzia) izan da orain Bilbon dagoen erakusketa. Baina aldiro zerbait aldatu duela dio komisarioak. Pisu berezia du Jimmie Durham artista txerokiaren lanak, adibidez. Harena da erakusketari izena ematen dion esaldia, eta haren bi lan daude erakusketan: marrazki bat eta Maria Thereza Alves artistarekin batera sortutako instalazio bat. Izan ere, klase guztietako piezak daude bilduman.

Grezia du hizpide Anja Kirschner eta David Panos artisten bideoak. Sorgin eta izpirituentzat lumaz egindako eskailera bat sortu du Klaus Weber artistak. Paganismoaren oihartzunak biltzen ditu Jorge Satorrek Beltzak (inskripzioak, keinuak) lanean. Eta hiritartasunaren eta paisaiaren arteko lotura aztertzen du Carme Nogeira artistaren bideoak. Horiez gain, Harun Farocki, Patrick Keiller eta Candice Lin artisten lanak ere hartzen ditu bildumak. Guztiak, komisarioak deskribatutako lan ildoan. «Modernoak ez diren pentsamendu motak suntsituz joan gara».

Maoriak eta ondarea

Bada bereziki ironikoa den pieza bat, adibidez. Maria Thereza Alves eta Jimmie Durham artisten Europako Normaltasunaren Museoa. Irauli egiten dute etnologia. Europaren aurka bihurtu dute Europak besteak ikertzeko sortutako tresna. Eta zorrotza da emaitza. Eta bereziki interesgarria da emakume baten erretratua eta azalpen testu bat batzen dituen lana: Fair Head Trade(Buruen bidezko merkataritza). Soluzio sinplea proposatzen dio artelanak nazioarteko problema gatazkatsu bati: Frantziak ondare etnologikoa diren aitzakian gordetzen dituen maori buruen jabetzaren arazoari, zehazki.

Behin baino gehiagotan egin dute maoriek eskaera. Bueltan nahi dituzte beren arbasoen buruak, baina Frantziak ezetz. Beren ondarearen parte bat lapurtzea litzatekeela hori. Eta maoriek, beren arbasoen buruek ez dutela inolako zerikusirik Frantziako ondarearekin. Eta hor artisten proposamena. Erretratuan ageri den Lille hiriko Emile izeneko neskak bere burua eskaini du bidezko hartu-eman programarako: neska prest azaldu da maoriei bere burua emateko. Baina Europa osokoa da programa, artisten azalpenen arabera, eta boluntario bila dabiltza: burua nork jarriko. Helbidea ere gehitu dute azalpenean, bisitariren batek burua eman nahiko balu ere: [email protected].
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.