Donostiako San Telmo museoak laugarren katebegia lotu dio Museo Bikoitza programari. Asier Mendizabalen ekimenez abiatu zen proiektua. Hark Ibon Aranberri hautatu zuen lehen sorkuntza lanerako; Aranberrik Erlea Maneros Zabalari eman zion lekukoa; horrek, Jose Mari Zabalari, eta Zabalak atzo jakinarazi zuen nor murgilduko den datozen hilabeteetan museoaren artxiboan, horren bidez esku hartze artistiko bat egiteko: Iratxe Jaio (Markina-Xemein, Bizkaia, 1976) eta Klaas van Gorkum bikotea (Delft, Herbehereak, 1975). «Hasteko irrikan» daudela esan du Jaiok, uste baitute Museo Bikoitzak San Telmoren berezitasuna nabarmentzen duela, eta «lotura sakona» sentitzen dute Mendizabalek proiektua martxan jartzeko zehaztu zituen premisekin.
Jaio eta Van Gorkum hautatzeko arrazoiak azaltzean, Zabalak garrantzi handia eman dio bikote artistikoan aritzeari. «Arte plastikoetan ez da batere ohikoa pertsonak elkartzea, zeren pauso bakoitza akordioz eman behar baita; espontaneotasuna galtzen da, eta sakontasuna irabazten», azaldu du. Batek pentsa lezake artistak askeago egiten duela lan bere kasa beste pertsona bati lotuta baino; Zabalak, ordea, kontrakoa pentsatzen du: taldean lan eginda artistaren lana ez dela hartzen burutaziotzat, eta horrela «askeago» jokatzen dela instituzioekiko eta «kontakizun kolektiboarekiko».
Jaiok Arte Ederrak ikasi zituen EHUn, eta Herbehereetara joan zen 1998. urtean; Hagan, Rotterdamen eta Maastrichten osatu zuen bere prestakuntza akademikoa. 2001az geroztik egiten du lan Van Gorkumekin batera. Rotterdamen bizi dira orain. Zabalaren hitzetan, haien obrak airean dauden galderei erantzuten die: «Edonork egin litzake galdera horiek, baina, arrazoia edozein dela ere, ez zaie kasurik egiten».
Objektuen esanahia
Bi artistek «ikuspegi antropologikotik» egiten dute lan, Jaiok esplikatu duenez. Objektuen bidez sor daitekeen jakinduria mota interesatzen zaie: «Landu izan dugu nola jorratu den materialitatea arkeologian eta etnografian, adibidez. Diziplina horietan elkarrekiko interesa daukagu, baina ez da ohikoa izaten elkarrizketa bat sortzea».
Museoaren ondarea aztertzeko lana ez da arrotza izango haientzat; izan ere, dokumentazioa izan ohi da haien langaia. Objektuen eta dokumentuen esanahi soziala aztertzen dute, horiek beste testuinguru batean erreproduzituta. Besteak beste, Iruña-Veleiako aztarnategiko inskripzio polemikoei eta 36ko gerran hiru soldadu alemaniarri eskainitako monumentu bati buruzko proiektuak egin izan dituzte.
Susana Soto San Telmo museoko zuzendariak adierazi du Museo Bikoitza programa «egonkorra» dela dagoeneko. Bi alde goraipatu ditu: gertuko artistek osatzen duten «narrazio museografikoa» eta haren ondarea handitzea. Maneros Zabalaren Norusta eta Zabalaren Magia, materia eta beharra erakusketak ikusgai daude oraindik.
Museo Bikoitzak, lekuko bikoitza: Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkum
Jose Mari Zabalak aukeratu ditu bi artistak San Telmo museoaren programari jarraipena emateko. Begirada antropologikoarekin aztertuko dute bilduma datozen hilabeteetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu