«Laguntza eskaera desesperatua da hau». Hala abiatu zuen Gari Berasaluze idazle eta kazetariak, orain dela hogei urteko irailaren 23an, BERRIAn idatzi zuen zutabea. Artezki zuen izenburu, eta, hain justu ere, izen hori hartu zuen 2003ko irail hartan Artozki (Nafarroa) Itoizko urtegitik defendatzeko antolatu zuten kultur egitasmoak. Hartarako babes deia zen Berasaluzerena: «Ez dute bota, baina gaur bertan bota dezakete. (...) Ezkutuak behar ditu etengabe, eta artea ezkutu ederra izan daiteke». Ideia horri tiraka, Euskal Herri osoko sortzaileei beren lanak hara eramateko eskatu zieten Itoitzekiko Solidarioak taldeak eta herriari zutik eusteko lanean ari ziren gainerako lagunek. «Artozki Artezki bihurtu behar dugu, Artozkik bizirik iraun dezan». Egoerak behartuta, eta jasotako elkartasunari esker, denbora gutxian lortu zuten Artozki Artezki bihurtzea.
Hilabete gutxi ziren hondeamakinek Itoitz herria eraitsi zutela, eta patu bera izatear zen Artozki ere. Bizilagunek irailaren 15ean utzi zituzten beren etxeak, ez borondatez. Eta herriari bizirik eusteko deia egin zuten solidarioek. Etxeak defendatzeko, hainbat lagunek herrian geratzea erabaki zuten, eta beste zenbait asteburuan joaten ziren, babesa ematera. Berasaluze tartean. Txalaparta argitaletxean editore zebilen garai hartan, Tafallan (Nafarroa). «Ni gogoratzen naiz irailaren 21ean joan nintzela hara, igandean, bakarrik. Han zeuden solidarioak, baita Europatik etorritako jendea eta, ni bezala, bestela ezin eta asteburuan joandako jendea ere». Ez ditu ahazteko igande hartan egin zen batzarrean Itoizko bizilagun Dani Unzitik bota zituen hitzak: «Danik esan zuen Artozki zela Itoiztik geratzen zitzaion bakarra, eta bere etxea balitz bezala defendatuko zuela. Esaldi horrek txikitu egin ninduen... Eta ez naiz gogoratzen hitz egin nuen edo ez, baina bai ideia bat atera zela batzarrean: zuek gorputzak jarriko badituzue, guk liburuak jar ditzakegu, eta kulturaren mundutik ere ekarpen bat egin». Liburuak bezala, diskoak, margolanak, eskulturak eta bestelakoak ere bil zitzaketela bururatu zitzaien. «Joko gaituzte, eta herria ere eraitsiko dute, baina, igual, kulturaz betetzen badugu, pixka bat zailagoa izango dute; hori zen ideia». Bilera hartan erein zuten Artezki izango zenaren lehen hazia.
Liburuak. Argitaletxe eta idazleek emandako aleekin, etxe bateko horma aldez alde jantzi zuten liburuz.Gari Berasaluze
Ingurumenaren aldeko mugimenduan engaiatua zen Josetxo Lukas, eta hark ere parte hartu zuen Artozkiko batzarretan. «Zurrunbilo» batean igaro izan balitu bezala gogoratzen ditu egun haiek. «Ahal zuena egiten zuen bakoitzak. Taldetxoak sortu ziren, eta bakoitza zerbaitez arduratzen zen: batzuk erresistentzia guneak prestatzen zebiltzan, beste batzuk komunikazioan, kultur jardueren antolaketan...». Gogoan du bera ere ezin zela egunerokoan herrian geratu, eta Artezki abiatzeko ideia atera zenean bere burua eskaini zuela artistekin hitz egiteko. «Nik hartu nuen ardura hori, eta berehala pentsatu nuen: 'Jo, berriro zabaldu duzu ahoa, eta orain...' [barrez] Baina izugarria izan zen! Ezin nintzenez han geratu eta, gainera, ardura hori hartu nuenez, batetik bestera bueltaka ibili nintzen aste osoan».
Ez zuen harreman berezirik artearen munduarekin; artista batzuk ezagutzen zituen, «baina besterik gabe». Renault 4L zahar bat zuen Lukasek, eta kilometro mordoa eginarazi zizkion astebetean. «Cuatrolatas-arekin martxan jarri, eta Hondarribira [Gipuzkoa] joan nintzen lehenbizi». Ezagun zituen Izotz Mendiburu eta inguruko beste artistaren bat, eta haiekin mintzatu zen lehenbizi. Halaber, altsasuarra izaki, eskualdeko zenbait artista ere ezagutzen zituen, eta haiekin ere hitz egin zuen, hala nola Dora Salazar, Jose Ramon Anda, Koldo Arnanz eta Josetxo Cresporekin.
Bilduma, astebetean osatua
Bitartean, Tafallara itzulia zen Berasaluze, eta beste zenbait kulturgilerekin harremanetan zebilen. «Asteburuko-turista-solidario» moduko zerbait zen sentipenarekin itzuli zen etxera igande hartan, eta segituan zerbait egiteko beharrarekin. «Uste dut gau hartan bertan edo hurrengo goizean hasi nintzela jendeari idazten liburuak eta diskoak biltzeko: idazleei, Susa argitaletxeko lagunei, Fermini [Muguruza]...». Ez dago ziur, baina uste du bazela posta elektroniko bat atxikimenduak biltzeko. Edonola ere, azkar hasi zen baiezkoak jasotzen. «Akordatzen naiz Ferminek Txalapartara deitu eta esan zidala taldekideekin hitz egingo zuela animatzeko, baina bera ziur joango zela, eta esateko solidarioei». Orduan idatzi zuen laguntzarako deia egiten zuen BERRIAko zutabea ere.
Bere auto zaharrean batera eta bestera segitzen zuen, bien bitartean, Lukasek: «Okurritu zitzaidan [Juan] Gorritirengana joatea, Arribera [Nafarroa]. Ez nuen ezagutzen, baina azaldu zidaten nola joan. Haren etxera iritsi, eta pieza bat eman zidan, eta esan: 'Pixka bat itxaroten baduzu, oraintxe iritsiko da [Jose Luis] Zumeta angelusa hartzera'. Gorritiren etxean elkartzen ziren beti, eta haiekin hartu nuen angelusa [barrez]». Segituan eman zion Zumetak beste lan bat, azalpen askoren beharrik gabe. «Azaldu nien Artozki urperatuko zutela, eta artisten lanak herriarekin urperatuko zirela. Ideia oso iradokitzailea egin zitzaien». Lukasek dio artista gehienek ez zutela Artozkiren berri, baina urtegiaren aurkako borrokaren berri bai. «Ez nuen ez testurik ez beste ezer eramaten; ahoz kontatzen nien dena. Gero, segidan joan zen dena: artistek bidaltzen ninduten beste artistengana».
Horma irudia. Hainbat euskal marrazkilarik mural handi bat pintatu zuten.Gari Berasaluze
Hain zuzen, bi sortzaileek esan zioten Iñigo Altolagirrerengana jotzeko. «Sakanakoek, berriz, [Xabier] Morrasengana jotzeko, beste batzuek beste batengana... Beste edozeinek planifikatu egingo zuen dena, baina kaotiko hutsa naiz: martxa hartu, eta aurrera... Hala ibili nintzen. Haiek esaten zidaten norengana jo». Izan zen zuzenean Lukasengana jo zuenik ere. «Zumaiakoei [Gipuzkoa], adibidez, nire zenbakia eman zieten, eta haiek deitu zidaten». Ez du gogoan berak jaso ote zituen haien lanak, edo haiek helarazi ote zituzten erakusketara, baina Zumaian lanean ari ziren eta Artezki-n parte hartu zuten artisten artean egon ziren, gutxienez, Txiki Agirre Keixeta, Barbara Stammel, Ander Ormazuri eta Iñaki Olazabal.
Bada zerbait Lukas bereziki harritu eta hunkitu zuena: «Berezia izan zen: artista askorengana jo nuen, eta guzti-guztiek baiezkoa eman zidaten, berehala. Ez zidaten beste zitarik egin, esan zidaten: 'Tori, eraman eta kito'. Harrigarria zen; Tximaluze bat etorri —garai hartan kristoren tximak nituen—, Artozkiko afera kontatu, eta hain azalpen gutxirekin, obra jaso, eta martxa beste batengana. Hala bete nuen cuatrolatas-a». Hamabost-hogei artistarekin mintzatuko zen, ez du zehazki gogoan. Eta astebeteren buruan obraz betea zuen autoa.
Ordurako, «pilota jada nahiko handituta» zegoela dio Berasaluzek. Aste bereko ostegunean, gogoan duenez, Artezki-ren gainekoen berri eman zuten prentsaurreko batean, eta herritarrei asteburuan Artozkira joateko deia egin, iganderako bereziki. Egun horretarako, eliza artelanez beteta zegoen, eta hamaika kultur ekitaldi egiteko bidean ere bai.
Liburutegi oso bat zintzilik
Txalapartako ehun liburu inguru, Susako beste hainbat, idazleek sinatuak asko, Esan Ozenki diskoetxeko CDak... Horiek bilduz eta bideratuz joan zen Berasaluze, eta Artozkin jartzen ere jardun zuen. «Asteburuan joan ginen hara, eta liburu mordo bat paretetatik zintzilikatzen aritu ginen». Sinatutakoak, berriz, elizako erakusketan egon ziren, artelan, disko eta bestelako objektuekin batera.
Fermin Muguruzak eta haren taldekideek kontzertua eman zuten Artozkin irailaren 28an.Jagoba Manterola / Foku
Ordurako han baitzeuden artelanak, gehienak Lukasek eramanak. Ez azken orduko ezustekorik gabe, ordea. «Obrak bildu, autoa hartu, Agoitzera abiatu eta... kontrola. Sekulako estualdia pasatu nuen, ea artelanekin zer gertatuko zen, baina pasatzen utzi zidaten». Agoitzera lan guztiekin iritsi zen, eta beste ekarpenen bat biltzeko astia eman zion. «Patxi Eugi pilotariarekin topo egin, eta istorio guztia kontatu nion; 'baina nik zer emango dut, ba?', galdetu zidan, eta nik 'ba pilota bat edo!' [barrez], eta pilota bat ekarri zuen, sinatua. Gero, Peio Martinez de Eulaterekin jarri zen harremanetan, eta hark kamiseta bat eman zuen. Dena horrela sortu zen, eta izugarria izan zen eliza nola bete zen ikustea».
Festa giroan igaro zen igandea: eliza artez beteta, etxeak liburuz jantzita, eta kaleak fanfarreek alaituta; eta Muguruza eta haren kideek kontzertua eman zuten, gainera. Mural handi eta koloretsu batean, bizilagunez betetako herri bat irudikatu zuten hainbat marrazkilarik, tartean zirela Asisko Urmeneta eta Patxi Huarte. Irudian bezain bizirik egon zen Artozki egun hartan. Ez luzaz. Irailaren 30ean sartu ziren Polizia eta makinak herrira; azken solidarioak atxilotuta, urriaren 2rako bota zituzten etxe guztiak.
Horrekin ez ezik, obretako batzuk poliziek eraman zituztela jakitearekin gaizki pasatu zuela aitortzen du Lukasek. Baina nahiago du alde ona gogoratu. «Lortu zen, eta izugarria izan zen. Niretzat garrantzitsuena da ikustea benetan zerbaitetan sinisten duzunean zer gaitasun duzun hori aurrera ateratzeko».
Handik egun gutxira, Artozkira itzuli zen Berasaluze. Lehenago atera zituen argazkietan bizitzaz beteta ageri diren leku berberak erretratatzeko. Hondakinen erdian ez da artelanen arrastorik. Baina berriki agertu dira obretako hamalau; «urteetan bulego ofizialetan» egon ondoren, «modu anonimoan» utzi baitituzte, atzera, solidarioen eskuetan. Eta hasi bezala itxi du zirkulua Berasaluzek, idatzi batekin. Artisten babesa jaso zuen testua irakurri baitzuen obrak agertu zirela jakinarazi eta gertatutakoa salatzeko agerraldian. Besteak beste, aldarri hau egiteko: «Hogei urte geroago, koadroa amaitu gabe dago. Artozkira ez da gutunik heltzen, baina amets egiten segitzen dugu».
Museo bat Renault 4L zahar batean
Artozki Itoizko urtegitik defendatzeko, 'Artezki' egitasmoa abiarazi zuten orain hogei urte. Premiak hartaratuta, eta elkartasunari esker, egun gutxian lortu zuten herria kulturaz betetzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu