«Betiko itxura hartuko du Durangoko Azokak». Indarrean diren osasun murrizketa guztiekin ere, Plateruenako kontzertuetarako eta Landako gunerako sarbidea mugatuta egongo dela iragarrita ere, baieztapen hori egin du gaur Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko koordinatzaileak. «Agian ez da izango gurako genukeen modukoa, baina bada». Iazko etenaren ostean, itzuli egingo dira erakusmahaiak erakustazokara, eta berriz aktibatuko dira azokaren parte diren gune guztiak ere. Guztira, 219 mahai izango dira Landakon, eta 990 nobedade izango dira salgai bertan. Pandemia aurreko azken azoketan izandako kopuruen antzekoak dira zenbaki horiek, eta «oso pozik» azaldu dira horregatik antolatzaileak jasotako babesarekin. Abenduaren 3tik 7ra egongo da martxan denda digitala, eta abenduaren 4tik 8ra egingo dute aurrez aurreko azoka.
Koronabirusak erabat baldintzatuta egongo da dena, edonola ere. Antolatzaileek azaldu dutenez, azoka segurua izatea izango da aurten Gerediagaren helburu nagusia. Pilaketak eragotzi nahi dituzte horretarako. Horregatik ezarri dute txanda sistema bat Landako gunea bisitatu ahal izateko. Duela egun batzuk jakinarazi zuten neurria, eta berretsi egin dute orain. Egunean bost txanda antolatuko dituzte, bakoitza gehienez ere 1.200 pertsonakoa eta ordu eta erdiko iraupenekoa. Txanda bakoitzeko lau txartel hartu ahalko ditu bisitari bakoitzak, eta nahi beste txandatan eman ahalko du izena. Aurrez izena emanda bakarrik sartu ahalko da salmahai artera, eta aurrez izena emanda bakarrik ikusi ahalko dira Ahotsenea guneak Plateruenan antolatutako kontzertuak ere.
Astelehenean irekiko dute izena emateko epea, www.durangokoazoka.eus webgunean.
Maskara eta ardura
Bestalde, maskara jantzia izan beharko da beti barrualdeetan, eta baita kanpoan ere, segurtasun distantziak bete ezin direnean. Eta azokako bisita bukatu ostean, herrira joanez gero, orduan ere, arduratsu jokatzeko deia egin dute antolatzaileek.
Landako guneaz eta Plateruenaz gainerako espazio guztietarako ez da aurrez txandarik eskatu beharko, baina eserleku kopuru mugatua izango dute guztiek. Areto Nagusian 70 pertsonakoa izango da muga. Szenatokian, 304 ikuslekoa. Saguganbaran, Bartolome Ertzilla musika eskolan, 100 pertsonakoa; Irudieneko areto txikian, 120koa, eta, proiekzioa areto handian denetan, doblea.
Aurrez aurrekoak eta 'online' emisioak
Ahotsenea guneak izandako eskaintza kopuru handia ere nabarmendu dute antolatzaileek. Landako guneko erakustazokarekin batera, hori izaten da jende gehien bildu ohi duen gunea. Zehaztu dutenez, guztira 50 kontzertu antolatuko dituzte aurten bertan. Guztiak Plateruena gunean izango dira, eta, hasiberri diren hainbat talderekin batera, besteak beste, Anarik, Bixente Martinezek eta Skakeitan taldeak ere emanaldi bana eskainiko dutela zehaztu dute. Aurten argitaratutako 70 literatur lanen aurkezpenak ere antolatuko dituzte: Landakon egingo dituzte haietako batzuk, eta Bartolome Ertzilla musika eskolan beste batzuk.
Guztira, 35 film proiektatuko ditu Irudieneak. Emanaldi bana antolatuko du Szenatokia guneak San Agustin Kultur Gunean 4tik 8ra bitarte. Haur eta gazte literaturari eskainitako programa propioa izango du Saguganbarak. Mundu digitalari eskainitako aurkezpenak, mahai inguruak eta tailerrak eskainiko ditu Kabi@ guneak. Areto Nagusiari izena aldatu diotela ere jakinarazi du Gerediaga elkarteak. Talaia izango da aurrerantzean haren izena. Orain arte bezala, literatur lanez aparteko argitalpenak aurkeztuko dituzte bertan, eta mahai inguruak eta solasaldiak ere egingo dituzte.
Programaren zati bat online ere emango du Azoka telebistak, eta, horrez gainera, azokak egunez egun eman duenari buruzko magazin bat emango du iluntzero.
Erabakiari eustea
Salbuespen bilakatu nahi izan dute iazko azoka antolatzaileek. Osasun larrialdiaren eraginez, aurrez aurreko azoka eten eta, haren ordez, online denda bat antolatu zuen Gerediaga elkarteak iazko azoka egunetarako. Jasotako erantzuna ona izan zela esan dute, baina aurten aurrez aurrekora itzultzeko erabakia hartu zuten duela hilabete batzuk, eta erabaki hori unean uneko egoerara moldatu behar izan dute geroztik. «Kultura ez da azokan egiten», azaldu du Gaztelurrutiak, «kultura urte osoan egiten da, baina hori guztia ikusgarri, erakusgarri eta ukigarri topaketa honetan gertatzen da, eta hori da euskal kultura bizirik dagoen froga argi bat». Eta, haren hitzetan, horregatik eutsi diote azoka presentzialari, murrizketak murrizketa.
Historikoki, Ikasle Goiza egin izan dute urtero Durangoko Azokako lehen egunean, Euskal Herri osoko hamaika ikastetxetako ikasleekin. Aurten ez dute halakorik antolatu, ordea, eta «pena» azaldu du horregatik Gerediaga elkarteko koordinatzaileak. Gaztelurrutia: «Ez dugu antolatu uste genuelako testuinguruak ez zigula horretarako aukerarik ematen, eta gure konpromisoa da hurrengo urtean, ahal den neurrian, berriz ere martxan jartzea».
Azken unera arteko ziurgabetasuna
Neurri murriztaile hauekin guztiekin ere, ezer ez dago erabat ziurtatua. Osasun egoeraren menpe egongo da guztia, azken unera arte, Gaztelurrutiak aitortu duenez. «Indarrean diren neurriak aldatuko balira, jakina, horietara egokituko ginateke. Posible da hemendik astebetera aldatzea egoera, baina badaukagu gaitasuna horretara moldatzeko».