Musika

Murrizketekin egingo da Tolosako Abesbatzen Lehiaketa

Txapelketaren 45. edizioa azaroaren 1etik 3ra ospatuko da

2013ko urriaren 17a
16:10
Entzun

Tolosako Abesbatzen Lehiaketak 45. edizioa bete du aurten. Guztira, 9 herrialdetako 16 abesbatzak parte hartuko dute. Aurrekontuan murrizketak izan direla eta, hiru egun iraungo du aurtengo lehiaketak, azaroaren 1etik 3ra bitartean. Alemania, Txekia, Espainia, Estatu Batuak, Estonia, Finlandia, Indonesia, Errusia eta Suediako abesbatzek kantatuko dute Tolosako Leidor Antzokian.

Aurtengo bi berritasun nabarmendu dituzte lehiaketao antolatzaileek: batetik, Ganbera Saila sortu dute (20 eta 36 abeslariren arteko taldeak biltzen dituena) eta sail horren barruan ahots nahasien abesbatzak zein ahots berdinekoak lehiatuko dira. Bestetik, aurten haur abesbatzen txanda izango da. Gogoratzekoa da antolatzaileek, diru laguntzen murrizketak bultzatuta, haur abesbatzen eta ahots taldeen partehartzea txandakatzea adostu zutela.

Tolosako Abesbatzen Lehiaketa Tolosako Ekinbide Etxeak antolatzen du, eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila, Gipuzkoako Diputazioa eta Tolosako Udala ditu babesle nagusi.

Ibai Iriarte Tolosako alkatearen hitzetan, erreferentziazko lehiaketa horrek Tolosari egiten dion ekarpena oso garrantzitsua da. “Tolosa munduan kokatzen du eta mundua Tolosara ekartzen du”. Euskara mundura zabaltzen ere laguntzen duela nabarmendu du. “Gure lehiaketan interpretatzen dituzten euskal kantuak haien errepertorioan sartzen dituzte eta mundu osora zabaltzen dute gure hizkuntza”.

Azaroaren 1ean, 16:00etan, polifonia sailean lehiatzen diren abesbatzen emanaldia izango da Leidor Antzokian. 19:30ean, folklore sailekoek kantatuko dute.

Azaroaren 2an, hiru saio izango dira. 11:00etan, haur abesbatzen lehiaketan parte hartzen duten taldeen emanaldia entzun ahalko da. 18:00etan, folklore eta polifonia sailetako abesbatzen kantaldia izango da.

Azaroaren 3an, 11:30ean, lehiaketaren amaiera ekitaldia eta sari banaketa ospatuko dute.

Lehiaketaz kanpo, urriaren 19an, 20:00etan, Gipuzkoako Abesbatzen Federazioak antolatuta, Abesbatzen Topaketa ospatuko dute. Oñatiko Ganbara Abesbatzak, Hondarribiako Xatz Eskifaiak eta Junkal Guerrero Langarak emanaldia eskainiko dute San Frantzisko Elizan. 

Azaroaren 2an, Madrilgo Camerata Realek kontzertua eskainiko du 19:30ean, Leidorren. Azken egunean, azaroak 3an, Joxelu Anduezaren eta Iñaki Epelderen omenezko In Memoriam emanaldia entzun ahalko da Topic-eko auditorioan, KEA ahots taldearen eskutik.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.