Etxepare sariketaren 2010eko irabazlea dugu lan hau. Formatu handiko (30,5 x 21,5 cm) album ilustratua da, aspaldi honetan modan jarritako collage eta ordenagailuetako marrazketa estetikatik urrun, arkatz lanaren eredu.
Neskato batek, Ixabelek, lagun berezi bat du, Alex, eta berak bakarrik ikus dezake. Alex munstroa da, baina horrek ez du inporta, Alex lagun on-ona delako Ixabelekin. Elkarrekin jolas ugari egiten dituzte eta Ixabelen bakardadea arintzen du, zeren landetxe batean bizi baita, bakarrik, bere gurasoekin.
Gurasoek, ordea, ez dute begi onez ikusten alabaren jokabidea, etxez aldatzea erabakitzen dute, eta hirira joaten dira bizitzera. Hirian Ixabelek lagun berriak egiten ditu, baina Alexek berekin jarraitzen du. Denborarekin, ordea, Alex gero eta gutxiago etortzen da Ixabel ikustera, harik eta egun batean elkarri agur esaten dioten arte.
Istorioa ez da borobila, lagun ikusezinaren bertsio hobeak daude merkatuan (Rikardo eta dinosauro gorria, besteak beste), eta gurasoen jarrera ez da ulertzen, lagun ikusezina haurtzaroan maiz agertzen den pertsonaia izanik. Halere testuak dohain narratiboa erakusten du irudien menpe jarrita dagoelarik… Ezen irudiek istorioa kontatzeko indarra eta adierazkortasun handia erakusten dute. Ikuspuntu ugari erabiltzen dira, kontaketak eskatzen duen fokatzea eta perspektiba bilatuaz, zinemaren begiratutik hurbil.
Idazlea: Mikel Gurrutxaga.
Ilustratzailea:Maite Gurrutxaga.
Argitaletxea: Pamiela-Faktoria K.
LITERATURA. ALEX NIRE LAGUNA
Munstro laguna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu