LIBURU AURRERAPENA

Munduko tokirik ederrena —Astronauta—

Nola bizi atzoko guztiak hainbesteko pisua badu. Horra Iñigo Aranbarrik (Azkoitia, Gipuzkoa, 1963) bere lehen ipuin bilduman dakarren galdera. Ezinarekin borrokan, adiskidantzaren ertzen eta sentimendu primarioen artean dabiltza liburuko pertsonaiak.

2018ko azaroaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Lanbroa ari du oroimenean, eta langarretan Pelloren autoa da bihurgunea goma-orroan igo eta etxe atariko harri txintxorretan kolpean geratu dena. Ate-atean utzi du, gurasoak balkoira atereak direla, eta diosalaka da jaitsi denerako, ilea kizkur, bibotea irribarrez.

Eskua goratuta zabalik, hara Ameriketako presidentea, gure ama agurtu du, gure aita agurtu du. Igotzeko diotse biek balkoitik, hartuko duk kafe bat. Baina pauso laburrez, zapatak zikintzeko beldurrez, etxekonekoak furgoneta uzten duen uralitazko teilatuperantz doa, eta hantxe erreparatu die alkandoran erori zaizkion tantei.

— Soldadua hemen al dugu?

— Atzo jo zian telefonoa, arrestatuta omen zagok. Ceutan zinen garaia zen. Akordatzen nola idazten nizun?, eta orain ekartzea nekezagoa zaidan hau guztia kontatzen nizun, nola agertu zitzaizun laguna etxera, nola galdetu zigun zugatik, aldatua zebilela aspaldian. Helbidea, ez dut sekula ahaztu: Fortaleza Monte Hacho. Eta Pello gaizki esaka, ba al dugu hori ere, militar puta hauekin ez dago ezer onik. Noiz etorriko zaren jakin nahi du. Zertarako behar otezintuen galdetu dio amak aitari balkoiko ateari kisketa eman dionean. Ez dakiela erantzun dio Pellori sorbaldak harrotuta, ez dagoela jakiterik noiz aterako zaituzten zulo zahar hartatik. Zer egin duzun, ez dago garbi. Paseotik berandu heltzeagatik izan dela esanda engainatu duzu ama, zertarako kezkatuko duzu.

— Orain ere erosi duzu lepoko ederra zuk.

Eta Pellori irribarrea zabalagoa egin zaio amaren hitzak entzun orduko. Erlojuari eman dio begia. Ez nau nire gelatik zelatan ikusi.

— Martxa egingo dut orduan. Esaiozu bere bila pasatu naizela.

Etorri bezalaxe doa, eskua gora, lanbroak ile kizkurrean zilarrezko dirdira txikiak egiten dizkiola. Bat-batean, akordatu keinua egin du. Gidariaren ondoko atea zabaldu eta laka potea dirudiena atera du aulkipetik. Auto aurrean makurtu da, zapia pasatu dio matrikulari. Zer du, zer dabil lehortzen, neure artean. Gero, poteari eragin eta oparo arrosatu du, ez ber-bertatik ere.

Amak galdetuko dio.

— Badakizu zertarako den laka ona? Poliziaren radarrek ez harrapatzeko.

Bidaia luzea duela, eta badaezpada. Ez duela dirurik gobernuari isunik ordaintzeko.

— Zer esan behar ote dugu besteok orduan?

Diosala egin die berriz. Autoan sartu eta astiro atera da errepidera. Goitik inor ez datorrela ikusi eta orduan sakatu dio apur bat, ez etorreran adina. Halaxe ostendu da hiruron begietatik.

Handik laburrera esan zenidan The Moon zabaldu behar zenutela, pasada bat izango da, Marian, sozio sartu zinela Pellorekin zubi ondoko lokala hartu eta obrak eginda, inguruetan inon ez zegoen bezalako puba egiteko. Zer? Puba. Orduantxe zen hasia moda, hitza ere, noiz ikasi genuen ba, eta zer eta herrian zuek. Pasada bat ez dakit, baina desberdina bai, hain zen edertasun ez ohikoa, atetik sartu eta batera konturatzen zen tontoena ere. Ibaiko harri biribilak hormak janzteko, Ibizako zuriz margotuak; burdeos koloreko olak zokaloetan, erremate guztietan. Hormetan, ilargialdien grabatu antigoalekoak; behegain grisaren, zeru ilunen eta astronauten hamaika argazki.

— Zer izen jarri behar diozue?

Barra atzean, benetako eskafandra bat, Pellok Londresen, Portobelloko azokan ondo ordaindu eta kamioizale batek mesede moduan ekarria. Estilo aldizkarietan agertu zen lokala. Ez zenuten alferrik nolanahiko dekoradorea aukeratu. Nola zioen erreportaje haren lerroburuak?

The Moon, inoiz itzaltzen ez den argia.

— Pellorekin? Zer dirurekin sartu haiz, ordea?

Eta ohi legez, musu batez estali zenion galdera amari. Ni gazteegia nintzen zertan zenbiltzaten ulertzeko.

Realeko eta Athleticeko jokalariak astegun buruzurian agertzen hasi ziren garaia. Kanpotik enteratzen nintzen, institutuan azkar zabaltzen ziren halakoak. Zu barran, Nacha Pop, Gabinete Caligari, Radio Futura, pop espainoletik asko; Duran Duran, The Pretenders, Simple Minds, codorniu benjaminak gaur egun ura bezala, goizaldera arte irristatzen zen ilargialdia kubaten izotzetan. Ordutegiak behartuta giltza eman eta gero ere, neskak bertan. Jokalarien uharan kanpotik heldutakoak gehienak, moxalak, ez egin barrerik, hala deitzen zenituzten orduan, ikusgarriak gure aldean.

Eta niri abisua beti txori txikiren batek:

— Marian, nesken oinetakoetatik edaten dinate xanpaina.

Eromenak ez zuen askorik iraun. Azkar ikasi zenuen. Zu ez zinen haientzat eta haiek ez ziren zuretzat.

Ilargia zikintzen hasi zenean, Pellok orpoa goratu, oin puntetan Neil Armstrongen urratsean indar egin eta Alexis Leonov zela sinistu zuen.

— Ito egiten nauk herrian.

Hala aitortzen zizun, edo hala kontatu zenigun behintzat orduan. Barra barruan, gero eta gutxiago egoten zen. Barra bestaldean harengatik entzuten zena, amuarraina esku artean edukitzea bezala zen.

Futbolarien agentea omen dun.

Gama altuko automobilen salmentan zabilen.

Tabako gorriaren kontrabandoan aritzen dun.

Zurrumurruekin batera ostendu zen Pello herritik. Bakarrik geratu zinen The Moonen. Astronauta bat ilargian, komunetako eskaileretan zegoen zuri-beltzezko argazki hartan bezala, ispiluarena egiten zuen eskafandraren atzean gordea. Galdetuz gero, sozio izaten segitzen zenutela erantzuten zenuen beti. Eta egia esan, hala izatekoitxura zuen. Oso tarteka, baina agertzen baitzen. Aita hil zenean, etxetik pasatu zen. Ama dut akorduan, malkoei eusteko gogorik ez, berari helduta egongela zaharrean, joan zaigu, Pello, joan zaigu. Eta berak zu bazina bezalaxe estutzen zuen.

Handik berehala izan zen. Larunbat arratsaldea zen kalean topo egin genuenean. Nora nindoan, nirekin hitz egin nahi zuela. Zertaz. Zutaz, The Moonez. Autoa hartu eta zerbait hartzera joango ginen. Zerua mendi artetik zabaldu eta itsaso gainera erori zen arte jarraitu genuen. Tony Hadleyren ahotsak bion zigarroen kearekin batera ihes egiten zuen leiho jaitsietatik. Konturatzerako, arraina plantxan jaten ari ginen portu gaineko jatetxe batean, ardo zuria izotzontzian sartuta. Zutaz aritu ginen, tabernaz. Gustura nengoen, gaztetatik gustatu izan zaizkit hizketan artetsuak diren pertsonak. Eta Pello zen. Ikusi egin nuen etortzen, eta ibaian behera hostoa nola, utzi egin nion neure buruari. Gau hartan, hoteletik deitu nion amari, lagun baten etxean gelditzen nintzela lotan, egoteko lasai, bazkaltzera agertuko nintzela.

Zarata zatarra handik gutxira hasi zen.

Pello putetxeen negozioan dabil.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.