«Handiak» nahi dute izan, euskal kostako hiri «handian», Sebastian Farran Big Festivaleko zuzendariaren hitzetan. Uztailaren 9an hasi, eta, zortzi egunez, munduko lau izkinatatik etorritako musikariak igoko dira oholtzara Miarritzen, jaialdiaren 8. aldian. Lapurdikoa munduko beste musika festibal ezagunen pare jarri du Farranek: «Miarritze musikarien nazioarteko topagunea izanen da uztailaren 9tik 17ra».
Gaur egungo nazioarteko musikari entzutetsuek parte hartuko dute jaialdian, rock, elektronika, house, hip hop, folk eta reggae estiloak jorratzen dituztenek. Jaialdiaren aurtengo kartelean nabarmentzen diren izenen artean daude, besteak beste, Pharrel Williams, The Chemical Brothers, The Libertines, Vitalic DJ eta Prodigy. Sona handikoak guztiak ere. Dena den, Farranek azaldu du jaialdiak aukera eman nahi diela hain ezagunak ez diren musikariei ere: «Oraindik bultzada bat behar duten taldeak ekartzen saiatu gara, berriki deskubritu ditugunak jendeari ezagutarazteko». Haren ustez, nazioartera zabaltzeko aukera izan dezaketen taldeak dira. Bi euskal talde ere ariko dira aurten oholtza nagusian: John Berkhout ostiralez, eta Rural Zombies larunbatez.
Jaialdiak filosofia bati jarraitzen diola ere nabarmendu dute antolatzaileek. «Kultur topaketa bat da», zehaztu du Farrenek. Afixa ere bide beretik diseinatu dutela dio: «Muinera jo nahi izan dugu. Musikaren eta ametsen festibal bat irudikatu, eta Miarritze handia den ideia sustatu», adierazi du. Afixan ageri den irudia Kaliforniako Venice Beach Rock Festival jaialdiko zuri-beltzeko argazki bat da, 1968koa; emakume bat ageri da, dantzan, bizkarrez, aurrean hondartza duela, jendez gainezka.
Farranekin jaialdiko zuzendari kargua partekatzen du Antoine Caudronek. Lehen urtetik elkarrekin dabiltza jaialdia antolatzeko «abenturan». Haren ustez, Miarritze leku aproposa da horretarako: «Nahiko ezaguna da, eta euskal kosta gure leku naturala da horrelako gauzak antolatzeko. Leku bakoitzak bere berezitasunak ditu, eta, hemen, horiei mamia ateratzen saiatu gara».
Horretan bide onean doazela uste du Michel Pouetysek, Miarritzeko Herriko Etxean animazioaren eta euskal kulturaren arduradunak: «Jaialdia pixkanaka sustraitzen ari da Miarritzen, eta herritarrek haiena senti dezaten lortzen ari gara». Haren aburuz, «ezinbesteko» jaialdi bilakatu da, udalerrian ez ezik, baita Euskal Herri osoan ere. «Nahitaezko geldialdi bat da musika, gau luzeak, surf kultura, hondartza eta giro ona maite dutenentzat». Aurten, berriro ere Donostiako musika sustatzaile batekin elkarlanean aritu dira jaialdiaren prestaketan, Get Inekin. Iñigo Argomaniz enpresa sustatzaileko zuzendariaren iritziz, «aldi honetan jaialdia mugaz gaindikoa den ideia ezarriko da». Horrez gain, festibala aurreko urteetan baino gehiago zabaldu dela esan du.«Egun kopurua ere gehitu dugu, eta horrek lagunduko digu jaialdia hirian ezartzen», Argomanizen ustez. Pharrel Williamsekin jendea «ilusio handiz» dagoela gaineratu du.
Jaialdiaren atzean dagoen lana txalotu du Michel Veunacek, Miarritzeko auzapezak, eta Farrani eta Caudroni eman dizkie eskerrak bereziki. «Jaialdi bat ezin da sustraitu hiru edo lau alditan. Ez da erraza, dauden guztiekin. Sebastianek eta Antonek horretan lagundu dute», adierazi du. Gainera, haren ustez, denetariko taldeak ekartzen saiatu dira antolatzaileak, «heldu zein gazteentzat». Miarritzekoa Euskal Herri osoarentzako jaialdia dela nabarmendu du. Segurtasunari dagokionez,auzapezak aipatu du areagotu egingo dutela: «Segurtasun talde ona dugu». Uste du Parisen iaz izandako erasoek sortutako beldurra oraindik ez dela uxatu, baina kaltegarria litzatekeela «psikosian» erortzea: «Ez dugu ezer gertatu izan ez balitz bezala eginen, baina gehiegizko beldurra edukitzea ere ez da ona».
Jean Rene Etxegarai Baionako auzapeza ere izan da Big Festivalen aurkezpenean. Hark eman du egun horietan martxan jarriko duten mugikortasun planaren berri. «Gure ardura da horrelako gertakari handiak daudenean jendeari bidaiak erraztea». Hala, iragarri du egunez ez ezik gauez ere garraio publikoa bermatuta egonen dela; jaialdian parte hartzen dutenek goizaldeko zazpiak arte izango dituzte garraiobide publikoak.
Hiru gune, hamaika ekintza
Jaialdiak hiru gune izanen ditu. Big Boite gunean (Irati aretoa) eta Big Live gunean (Agilera estadioa) musika emanaldiak izanen dira soilik. Big Boite uztailaren 12an eta 13an irekiko dute, 23:00etatik aurrera. Big Live gunean, berriz, uztailaren 15ean hasiko da festa, 18:00etan, eta, 23:00etatik aurrera, Big Boiten jarraituko du; gauza bera gertatuko da hurrengo egunean. Agilera estadioan 30.000 lagunentzako lekua dago.
Hirugarren gunea Big Village izanen da. Musika emanaldiak ere izanen dira han. Hori soilik ez, adin guztietarako jarduerak egonen dira. Besteak beste, kantina bat egonen da, surf egiteko aukera, haurrentzako sormen tailerrak, yoga ikastaroa, eta naturaren eta ozeanoaren inguruko sentsibilizazio tailerra.
Bestalde, jaialdian, jan-edanak txartel baten bidez ordaindu beharko dituzte bertaratzen direnek. Txartel hori Internet bidez lortzen ahal da. Diruz kargatzen da, nahi adina aldiz, eta, jaialdiaren amaieran sobran izanez gero, antolatzaileek hori itzultzeko konpromisoa hartu dute.
Munduko musikarien topagune
Big Festivalen 8. aldia Miarritzen iraganen da uztailaren 9tik 17ra. Egunero, eguerditik egunsentia heldu arte, musika kontzertuak, DJak eta bestelako ekintzak izango dira, heldu eta gazteentzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu