Ordiziako Urdaneta eskola publikoak ipuin bat plazaratuz ospatu nahi izan du bere sorreraren 50. urteurrena, eta zer aproposagorik sortzez ordiziarra den bati, Patxi Zubizarretari, idazketa lanak eskatzea baino. Hark Jokin Mitxelena marrazkilariarekin hitz egin zuen, eta elkarrekin Erein argitaletxera jo zuten. Itxuraz gazteentzako beste edozein liburu bezalakoa dirudien arren, prozesu konplexu baten emaitza da Munduketariak; idazlearen, marrazkilariaren eta editorearen lana ez ezik, gurasoen eta irakasleen ekarpena ere kontuan hartu baitu.
Lurdes Imaz EHIGE Euskal Herriko ikasleen gurasoen elkarteko koordinatzaileak Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren testuinguruan kokatu du ipuina —Ordizian ospatuko da, Urdanetaren omenez, ekainaren 2an—, eta berekin dakartzan baloreak goraipatu ditu, hala nola «kultur aniztasuna, emigrazioa, nortasuna eta munduaren ezagutza, betiere Euskal Herrian oinarrituta».
Zubizarretak bere sorterrian aurkitu duen errealitatea izan du inspirazio iturri: «Ederra izan da deskubritzea badirela 30 jatorri baino gehiago Ordizian, eta hogeitik gora hizkuntza egiten direla». Haren ustez, eskolak «Babelgo dorrearen alderdirik baikorrena» aldarrikatu beharko luke, eta aberastasun hori bideratu: «Hain zuzen, horregatik asmatu nuen gelazkina». Gelako haurrak munduko lurraldeetan barrena eramango dituen tramankulua da gelazkina, eta, aldiko, haur talde bereko protagonista bat du gidari. Korapilorik ere bada, neskatila bat —Harmony du izena— ezeroso aurkituko baitu Kattalin irakasleak, Nigeriara bidaiatu nahi ez duelako.
Harresiaren aurkako aldarria
«Halaxe sortu zen ipuin hau, itzulpenaren izpiritua aldarrikatzen duelako, harresiaren izpirituaren kontra», esan du Zubizarretak. Javier Cercas idazlearen hitzak ere baliatu ditu Munduketariak ipuinaren nondik norakoak definitzeko; bereziki, hilean behin mundua konpontzeko gelditzen ziren lagunen istorioa izan du gogoan: «Jakina, ez zuten mundua konpondu, baina ondorio batera iritsi ziren. Hots, hiru pertsona direla beharrezko: batetik, medikua, aurrera egiteko; bestetik, irakaslea, mundua deskubritzeko; eta, hirugarrenik, ezezkoa esaten dakiena, injustizia egoerari aurre egingo diolako». Ezezko horretatik abiatu eta mundu berri bat sortzeko ahaleginari egiten dio keinu, hain justu, liburuaren izenburuak. Gaizki-ulerturik sortu du, baina: «Webguneren batean 'Mundukeriak' ipini dute ‘Munduketariak’ ipini beharrean, eta beharbada horixe bera da liburu honen funtsa, mundukerien kontra munduketariak sortzea, mosketariek bezala», esan du Zubizarretak. Alde horretatik, aldarrikapen helbururik ere badu liburuak.
Ordiziaren ispilu
Aitziber Arrugaeta Ordiziako Urdaneta eskolako irakasle eta gurasoaren arabera, ipuinak herriaren errealitatea islatzen du: «Jatorri askotariko familiak ditugu, hizkuntza asko, eta egoera sozioekonomiko, hezkuntza behar eta euskalduntzeko premia ezberdinak». Horri guztiari publikotasunean oinarrituta erantzun behar diotela esan du, «guztiei lekua eginez, bakoitza bere nortasun, sinesmen eta pentsaerarekin onartuz»; eta hori bera egitera datoz ipuineko protagonistak ere, hots, Kattalin irakaslea, eta Mikaela, Harmony, Hodei, Alejandra eta Haizea ikasleak.
Haatik, aldarrikapenaz harago doa ipuin horren balioa, Inazio Mujika Iraola editoreak azaldu duenez: «Oso liburu polita da, baina ez soilik pasatzen dituen balioengatik, baita kontatzeko moduagatik ere, hori ere garrantzitsua baita».
Jokin Mitxelena marrazkilariak estereotipoei egin behar izan die aurre: «Batzuetan oso praktikoak dira, ez baituzu esplikazio handirik eman beharrik, eta lana laburtzen baitute, baina abusatu ere ez da egin behar». Liburuan garrantzi handia du Afrikak, eta Mitxelenak Ghanako lagun baten aholkuari jarraitu dio, liburua ilustratzerakoan: «Gauza oso koloretsuak, oso ozenak eta oso handiak gustatzen omen zaizkie Afrikan; oso ozenak ezin dira marraztu eta oso handiak ere ez, liburua txikia izaki, baina kolorea behintzat badute». Bestalde, liburuan jende askok parte hartu duela eta «ekintza artistikoa denak ados jartzea» izan dela azpimarratu du.
Munduketariak ipuinari protagonismo berezia emango zaioEuskal Eskola Publikoaren Jaian, ekainaren 2an. Ordurako unitate didaktiko bat ere jarriko dute EHIGEren webgunean, ipuinean azaltzen diren gaiak eskolan landu nahi dituztenentzat.