Munduaren soinua, gizakiaren musika

Oreka TX taldeak multimedia ikuskizun intimo bat estreinatuko du gaur, Bergaran, karpa ibiltari baten barruan. Euren bidaien funtsa zuzenean eskaintzeko tresna gisa prestatu dute.

XABIER MARTIN DONOSTIA
2008ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Kanpoaldeak ez du barrualdearen arrasto handirik ematen. Kupula puzgarri erraldoiak barruan gordetzen du ezustea. Haima, iglu, tipi, yurta edo antzinako beste edozein babeslekutara sartzen dela begitatzen zaio bisitariari. Gizateriaren antzinako umetokia da hein batean, sekretu misteriotsuak gordetzen dituen planetarioa; milaka urtetako usainak, urrutiko kulturen ohiturak bilduta, Oreka TX taldeak munduaren soinua sartu du bere karpa ibiltarian, gizakiaren askotariko musikak, eta proiektua Bergarara eraman du, Mundumira jaiaren baitan estreinatzeko. Gaur, bihar eta etzi herri hartan ariko dira euren ikuskizun multimedia intimoa eskaintzen.

Igor Otxoa eta Harkaitz Martinez de San Vicente Oreka TXko txalapartariek buruz ikasi dituzte egunotan Donostiako Tabakalera eraikin erraldoiaren korridore eta gelen kokagunea. Hango gela handi batean prestatu dute karpa ibiltaria, eszenografia, dekoratua, argiztapena eta abarrez arduratu den talde oso batekin. Eta asteak iraun duen prozesu konplexu baten amaieran dira azkenean, karpa ibiltariaren estreinaldian.



FILMAREN ARRAKASTAREN ONDOTIK. Nomadak Tx filma 2006ko irailean estreinatu zuten Donostiako Zinemaldian. Gerora mundu zabaleko zinemaldi eta jaialdi askotan arrakasta handia lortuko zuen dokumental sarituak. Ordurako karpa ibiltariaren egitasmoa buruan zuen joan-etorrian Igor Otxoak. «Berez Nomadak Tx proiektuaren barruan bazegoen karpa egiteko asmoa; izan ere, karparen ideia zaharragoa da filmarena baino», dio Igor Otxoak.

Zergatik atzeratu da orduan? Oreka TXko beste kideak, Harkaitz Martinez de San Vicentek, filmaren arrakastarekin lotu du kausa. «Uste genuen filma bukatzean berehala hasiko ginela karparekin, baina filmaren ibilbideak uste baino luzeago jo du; zinemaldiz zinemaldi ibili gara bi urteotan, eta oraindik gonbidapenak jasotzen ari gara, baina haiei uko egitea pentsatu genuen karparekin hasteko».

Nomadak Tx-ren entzuten den musika, arnasten den antzinako kultura, sumatzen den giro exotikoa, «zuzenean eskaintzeko bide bat da» karpa ibiltaria, Oreka TX-koek egindako bidaietan ezagututako kultura anitzetako musikariak berreskuratzeko modu bat. Gaur Bergaran estreinatuko duten euskarriak badu tankerako beste bat martxan, gainera. Antzekoa da biak ala biak zuzeneko ikuskizunak diren heinean. «Getxon aurrestreinaldi bat egin dugu jadanik. Zuzeneko kontzertu bat da, sinkronizatutako irudiekin lagunduta; karparekin alderatuta euskarri ohikoagoa da». Halaxe dio Martinez de San Vicentek. Bi txalapartariekin batera, Mixel Ducau, Juanjo Santorena, Ritxi Salaberria, Iñigo Egia eta Mikel Ugarte ariko dira beste proiektu horretan. Irailetik aurrera abiaraziko dute.



ZUZENEKO MUSIKA SINKRONIZATUA. «Herrialde nomadak ezagutu genituen gure bidaian, eta gu ere nomadak bilakatu ginen txalapartaren bidez». Horra karpa ibiltariaren funtsa Harkaitz Martinez de San Vicenteren ahotan. Berriro nomadak bilakatu nahi dute bolada batez, eta karpak horretarako aukera emango die. «Gure tipia izango da, gure yurta edo iglua; herriz herri joango gara. Asmoa da jendeak bidaiatzea musikaren bitartez, txalapartaren bidez».

Hala, karpa jartzen duten herrian hainbat emanaldi egingo dituzte egunero, Bergaran hasita. Karparen barruan 30 lagunetik gora sartuko dira, 40 minutuko ikuskizunaz gozatzeko. Musikarien inguruan kuxinetan eserita, Igor Otxoa, Harkaitz Martinez de San Vicente eta Mikel Ugarteren mugimenduak ikusi eta entzungo dituzte. Egurrezko txalapartan eta harrizko txalapartan ariko dira, kupularen paretetan azalduko diren irudiekin bat. Mundu zabaleko askotariko musika txalapartaren ttakunarekin sinkronizatua entzungo da, Indian, Laponian, Marokon, Saharan edo Mongolian izango balira bezala. «Oso gertuko bizipena da, azken mugimendua ere antzeman daiteke eta txalaparta natural-natural entzuten da», dio Igor Otxoak.

Hasiera batean karpa ibiltaria Euskal Herrian zehar ibiliko da, baina aurrerago kanpora ateratzeko asmoa dute Oreka TXko kideek. Jakin badakite proiektuak bide luzea izan dezakeela atzerrian, Nomadak Tx filma oraindik ere erakusten ari den moduan. Film hori egiteko Otxoak eta Martinez de San Vicentek euren ekoiztetxea sortu zuten, eta azpiegitura hori probestuz etorkizunean ikus-entzunezko eta disko gehiago ekoiztea ez dute baztertu; «baina oraingoz indarrak karpan jarri nahi ditugu; nekaturik bukatu dugu azken urteotako bidaiak direla-eta».



Munduari begira

Mundumira jaia gaur hasiko da, arratsaldeko 17:30ean, eta Oreka TXren ikuskizun berriaz eta Alpha Blondyren kontzertuaz gain, beste hainbat ekitaldi antolatu dituzte igandera bitartean. Euskal Herria aldizkariak antolatuta, munduko kulturak bilduko dituzte hiru egunez Bergaran, egitarau zabal batean jasoz. Lehen ekitaldiak atzo egin ziren, eta Bylakuppeko (India) Sermey Tsangpa Khangtsen monje tibetarrek Bakearen Mandala hasi zuten.

Ekitaldiak lau ataletan banatu dituzte: Kalea, Bost kontinenteetako musikak, Mendia, natura eta bidaiak eta Gizarte ekimena. Musika, antzerkia, gastronomia eta artisautza topagune bat izateaz gain, eztabaidarako gunea izatea ere nahi dute; horretarako sortu dute elkartasun foroa. Jaia antolatzen den laugarren aldia da gaurkoa.





EGITaraua

Ostirala

18:00. Himalaya, la puerta hacia Shambala erakusketara bisitaldi gidatua eta Bakearen Mandala egingo da, Juan Ramon Llavoriren eta Indiako monje tibetarren eskutik.

18:30. Nepal maite bideo-emanaldia eskainiko da, Koldo Aldazen eskutik.

19:00. Musika eta giroa, Tandarica Orkestar Balkanetako musika eta zirkoa. Gypsi musikaren proposamen ikusgarria.

19:30. Psicobloc: ur sakoneko bakardadea bideo-emanaldia, Patxi Usobiagaren eskutik.

20:30. Nömadak ikuskizun berria estreinako aldiz eskainiko du Oreka TX taldeak.

20:00 Salam! Kalejira.

21:00 Revolutionary Brothers Reggae Sound System.

22:30 Alpha Blondyren kontzertua.



Larunbata

11:00. Circ Menut-Ñaño Zirkoa, zirko eskola txiki ibiltaria.

11:00. Munduko Zaporeak gunea.

11:00. Nömadak ikuskizuna OrekaTXen eskutik.

12:00. Kairoko Derbitxeen (Egipto) ikuskizuna.

12:30. Bidaitzeko eredu berria? Diaporama eta hitzaldia (Turismo arduratsuaren foroa).

13:00. Musika-kalejira eta Los Naribol obra, Artea Teatro taldearen eskutik.

13:00. The Baghdad Ensemble (Irak).

18:00. Laboratorio de Samba taldea.

18:00. Nömadak ikuskizuna, OrekaTXren eskutik.

19:00. Musika eta giroa, Alkora perkusio-konpainiaren eskutik.

20:00. Kairoko derbitxeen saioa (Egipto).

21:00. Tasha's (Herbehereak-Erresuma Batua).

23:00. 08001 taldea (Katalunia).

00:30. DJ Floro (Espainia).



Igandea

11:00. Munduko Zaporeak» gunea, Eusko Label txahal errea eta gazta Lehiaketa herrikoia.

11:00. Nömadak ikuskizuna, OrekaTXren eskutik.

12:00. Mahaster River Bergarako taldeen kontzertua.

13:00. Musika eta giroa, Batukada Taupadaren eskutik.

13:00. Barbad (Armenia, Iran eta Aljeria).

17:00. Bakearen Mandala desegiteko zeremonia eta tibetar teaz eta arroz gozoaz gozatzeko aukera.

17:00. Musika eta giroa, Batukada Taupadaren eskutik.

17:00. Belcelblues Bergarako taldeen kontzertua.

18:00. Asikides.



Asteburu guztian

Autokarabanen kontzentrazioa.

Otras realidades film labur zikloa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.