Munduaren isla

Nazioartean puri-purian diren musika estilo eta joerek badute eragina euskal musikan ere. BERRIAko kritikariek aurten kaleratu diren lanen pluraltasuna nabarmendu dute

ORBEL. Lur hezea diskoa atera du aurten. FANNY MAILLARD.
mikel lizarralde
2022ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Pandemiak erabat baldintzatu dituen bi urteren ondoren, musika ekoizpena bere ohiko datuetara itzuli da amaitzear den 2022. urte honetan, eta ugaritasun horrek berak proposamenen pluraltasunean ere izan du isla. Azken asteetan, Hertzainak-en itzulerak erakarri ditu komunikabideetako erreportaje eta kronikak, baina, nostalgiaz harago, urteak osasuntsu dagoen musika eszena bat utzi du agerian, proposamen berriei leku nabarmena egiten diena eta atzera baino gehiago orainera begiratzen duena. Horren erakusle da Urko Ansa, Julen Azpitarte, Ihintza Orbegozo eta Andoni Tolosa BERRIAko musika kritikariek egindako aukeraketan ez dela disko bat bera ere errepikatzen. «Badirudi Euskal Herrian —eta mundu osoan, oro har— sormenak ez duela etenik. Izan ditugun bi urte arraro hauetan ere lan ederrak ezagutu ditugu, eta 2022 hau ere ez da gutxiagorako izan», laburbildu du Orbegozok.

Euskal Herria ez da irla bat, eta munduan zabaltzen ari diren musika estiloak iristen dira hona ere. Nabarmena da hori musika urbanoaren alorrean, adibidez. Orbegozoren iritziz, «munduan joera direnak Euskal Herrira normalean beranduxeago iristen dira», baina, haren iritziz, aurten agerikoa izan da rap, trap eta elektronika doinuek gazteen artean izan duten oihartzuna: «Hor dira Odei, Merina Gris, J Martina eta Olaia Inziarte. Autotunearen erabilera ere izugarri ari da zabaltzen estilo horietan, baina baita horren ohikoak ez direnetan ere».

Azpitartek ere azpimarratu du musika urbanoaren kultura sendotu egin dela. «Urteak joan, urteak etorri, gero eta gehiago trinkotu da J Martina, Merina Gris eta Chill Mafiaren inguruan garatutako ekosistema». Gainera, musika proposamenak ugaritzearekin batera, entzuleak ere nabarmen ugaritu dira. «Ezbairik gabe, albiste ezin hobea da euskal musikarentzat, gazteak ez ezik ipurterreak, lotsagabeak eta ausartak ere bai baitira».

Hain zuzen ere, Merina Grisen Zerua orain diskoa urteko bere gustukoenen artean sartu du Azpitartek: «Zortzi kantu bildu ditu kasete formatuan, eta, doinuon bidez, ideia argi bat haizatu du: esperimentazioaren bidetik ere entzuleria zabal batera irits daiteke. Argi dago bere musikak etorkizunean gora baino ez duela egingo, gora eta gora, eta alboan J Martina, Chill Mafia eta bestelako partner-ak izango ditu, hirietako zein herrietako ikus-entzuleen gozamenerako».

Azpitartek dionez, euskal musika mundukoari lotuta dago erabat, eta hori ere islatzen da aniztasunean eta oparotasunean. «Hartara, ezinezkoa da gurean egiten den musika guztia besarkatzea: folka, esperimentala, mainstream-a...».

Musika urbanoak presentzia eskuratu du euskal musikan, baina horrek ez du esan nahi 90eko hamarkadan egonkortu zen rock eszena desagerrarazi duenik. Azpitarte: «Ibilbide luze eta trinkoa egin duten taldeen multzoa azpimarratuko nuke, batez ere zuzenekoen poderioz publiko fidel eta nahiko zabala lortu dutenak». Anari, Willis Drummond, Mice eta Joseba Irazoki eta Lagunak aipatu ditu, eta haien osasuna «ona» dela iritzi arren, «koska bat edo bi gehiago» igotzeko beharra dutela uste du. «Goi maila horietara iristeko gaitasun eta profesionaltasun nahikoa dute». Orbegozok ere nabarmendu du rock eszena osasuntsu dagoela: «Hor dira Joseba Irazokik eta Pettik elkarlanean argitaratutako lana, Micek bigarren diskoan erakutsi duen heldutasuna, edo zapalgailu bat dirudien Bazkaren indarra eta amorrua».

Ansak ere uste du rockak eusten diola bere lekuari, nahiz eta jada ez izan «estilorik arrakastatsuena». Hark dioenez, «duela 50 urte ere bazen hilda zegoela esaten zuenik. Baina argi dago eutsi egingo diola». Hala ere, nabarmendu du hainbat euskal talde garai berrietara egokitzen saiatu direla, eta Gatibu eta Kokein jarri ditu horren adibide.

Rocka egiten duten taldeen artean, Vulken Vulk ez da diskoa aipatu du Azpitartek bere urteko disko gogokoenen artean. «Gitarretan oinarritutako egungo euskal talde interesgarriena da», haren iritziz, eta gainera garapen «aipagarria» izan du, «hala musikalki nola hizkuntzaren aldetik». Azpitarte: «Joy Division eta antzeko post-punk izar itzaltsuetatik gehiegi edaten zuten kantuak aurkeztetik, ezaugarri pertsonal gehiago duen proposamen batera egin dute salto».

Emakumeen presentzia

Ansak azpimarratu du emakumeen lekua ere gero eta nabarmenagoa dela musikaren eremuan. Haren ustez, emakume gazteek, abesteaz gain, instrumentuak hartzeko joeran ere sakondu dute. «Bai gazteak, bai jada ibilbide bat daukatenak, harrotasun berri baten jabe egin dira». Eta horren adibide jarri du Izarok lortutako arrakasta.

Tolosaren iritziz ere, gero eta emakume ahots gazte gehiago azaltzen ari da, eta hori komunikabideetan eta programazioetan nabaritzen da: «Izarok eta Olatz Salvadorrek irekitako bide arrakastatsuari jarraitzen dion belaunaldi berri bat da. Kantautorearen mundu transzendentearen eta mainstream-aren dirdiraren artean dabiltzan artistak dira, eta leku garrantzitsua hartzen ari dira euskal musikaren esparruan». Eta aurten euskal musikaren plazara atera den izen bat (Olaia Inziarte) eta haren diskoa ere (Lehengo lepotik burua) eman ditu: «Indarra, konbentzimendua eta kalitatea darizkio. Une rockeroenetan zein akustikoenetan, gozo zein indartsu kantatzen duenean. Zaila da antzekorik topatzea haren belaunaldiko kideengan».

Ipar Euskal Herriaren eta Hego Euskal Herriaren arteko muga administratiboak, askotan, galarazi egiten du bateko zein besteko musikariak ezagutzea, baina horretan ere pausoak eman direla adierazi du Orbegozok, eta bi disko jarri ditu horren adibide, Orbelen Lur hezea eta Mairuren izen berekoa: «Bi horiek eta merezi duten beste hamaika lanek erakusten dute Iparraldean beti egon den musika-kultura aniztasunari eta sormenerako gaitasun apartari merezi duen errekonozimendua eta begirunea erakusten hasi garela Hegoaldekoak behingoagatik». Eta gaineratu du: «Pixkanaka, musikan ere izan den muga imajinario hori ere lausotzen ari da».

Ariketa nostalgikoak

Durangoko Azokan hainbat berrikuntza aurkeztu dira, baina, azken asteetan, Hertzainak taldearen itzulerak eta agur esateko bira laburrak erakarri dute, batik bat, komunikabideen arreta. Halako «nostalgia» ariketekin kritiko azaldu da Azpitarte: «Nostalgia kontu arriskutsua da, batez ere kolektiboa denean, orainaren gaineko ikuspegia lausotu ez ezik entzuleriaren ahalmen kritikoa ere lotaraz baitezake». Horren aurrean, iraganaren ezagutza indibidualaren alde egin du BERRIAko kritikariak: «Gure musika ondarean bada bere sasoian aitortza nahikorik jaso ez zuen musika asko, eta interesgarria da horretan murgiltzea; baina hori norberak musikazale gisa egin beharreko zerbait da, norberaren esparrutik eta perspektibatik, oraina ulertzeko ezinbestekoa baita iraganean arakatzea».

«Nostalgia ariketa kolektiboen harira», emanaldi erraldoi horietara doazenei Verde Pratoren Euskal pop erradikala EPa entzuteko gomendioa egin die Azpitartek, «tolosarraren asmoa nabarmena baita: iraganari begiratu, kosk egin, eta orainean erabat iltzatuta dagoen sorkuntza lana itzultzea». Disko horretan, besteak beste, Hertzainak-en Pakean utzi arte eta Kortaturen Zu atrapatu arte-ren moldaketak egin ditu Verde Pratok, eta, bien bidez, «80ko rock erradikala pop garaikide erradikal bihurtu du», Azpitarteren iritziz: «Artista totala ez ezik, nortasun handiko sortzailea ere bada».

Ansarentzat ere, neurri batean bada ere, itzuleren urtea izan da aurtengoa: «Delirium Tremensek eta Hertzainak-ek BECen lortutako arrakastak txunditu gaitu, baita beste talde batzuen itzulerak ere. Potemkinen emanaldiak oso sutsuak izan dira, eta Keikeren itzuleraren arrakastak aurreikuspen guztiak hautsi ditu».

BERRIAko kritikariek bestelako lanetan ere jarri dute arreta. Adibidez, Broken Brothers Brass Banden bosgarren diskoa (Katebegia) kokatu du bere gustukoenen artean Tolosak: «Erakutsi dute hemen genero musika duin, erakargarri eta esanguratsua egin daitekeela. Lotsarik gabe uztartzen dituzte New Orleansko [AEB] kale musika, euskal herri musika eta hiri bati dagozkion eragin urbanoak». Igor Elortzak eta Rafa Ruedak ondu duten Anonyme Popular proiektua ere nabarmendu du Tolosak, eta bide berriak saiatu eta probatzearen adibidetzat jarri du. «Ezinezkoa da musika eta bertsolaritza banatzea; are gehiago, anai-arrebak dira bertsolariak eta musikariak. Baina harreman hori gutxitan iritsi da Elortzak eta Ruedak sinatu duten disko honek proposatzen duen testuen eta musikaren arteko dialektika maila honetara, non testuak aurrez aurre begiratzen dion musikari, eta bigarrena jartzen den lehenengoaren mesedetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.