KRITIKA. Literatura

Munduaren gainbeheraz

hiriak
'Hiriak eta urteak' liburuaren azala.
Irati Majuelo.
2024ko martxoaren 3a
05:05
Entzun

'HIRIAK ETA URTEAK'

Idazlea: Xabier Montoia. Argitaletxea: Pamiela.

Idazle joritsua da Xabier Montoia, 1980ko hamarkadatik hona argitalpen zerrenda luzea osatu du literatur genero ugaritan. Poesia idazten hasi zuen bere ibilbidea, eta halaxe eman dio segida oraingoan ere. Hemezortzi urte igaro dira azken poema liburutik, eta esan daiteke aro berri bati eman diola abiapuntua Hiriak eta urteak lanak. 2005ean Bingo-n bildu zuen ordura arteko poesiaren atzera begirakoa; esan gabekoak eta berridazketak. Harekin fase bat itxi zuen, puntu eta aparte egin. Pamielak argitaratu duen azken lan honetan, berriz, izan zen poetaren estilo eta begirada bereizgarriak mantenduta, beste bizialdi bati erantzuten dion liburua aurki dezakegu.

Jardun apetatsutzat jotzen du poesia Montoiak, horretara berariaz jarri gabe berez datorkion zerbaiten gisan, iritsi bezala alde egiten duena. Igartzen da kaleko irudiak, notizia bitxiak, kantuak izan dituela poema askoren lehen oinarri, ideia arrunt batetik abiatzen dela sarri gogoeta-katea. Alabaina, ezin esan inspirazioari bere soilean zor zaizkion poemak direnik, landutako testuak baitira, zorrozte eta kimatze galbahe batetik pasatutakoak. Esan nahi denaren muinera jotzeko eta hori adierazteko moldea topatzeko saiakera antzematen da, besteak beste, hizkuntzaren aukeraketan, beharrezko elipsietan, erreferentzietan zein forma klasikoen erabileran.

«Munduak ez dirudi hemen mundu», abiatzen da poemetako bat, eta ideia hori da, ziur aski, liburu guztia zeharkatzen duen haria. Bizi dugun mundua gainbeheran dago, odoletan, hil-aurreko azken argazkia atera baliote bezain garden eta indarge. Gizakiaren jarduna jartzen du jopuntuan Montoiak. Ironia baliatuz edo hitz gordinez, izurrite eta zorigaitz ororen erantzuletzat hartzen du gizakia, bere burua salbuetsi gabe.

Ideia horren bueltan, animaliek hartzen dute protagonismoa liburuaren lehen zatian: gizakiei ihes egiten diete, haiengana oldartzen dira, pertsonak arantzurde, zakur eta dinosaurotan gorpuzten dira eta animaliak, aldiz, pertsonifikatzen. Poemek aurrera egin ahala, munduaren dekadentziaren ideia espazioan materializatzen da, hirietan batik bat, idazlearen gai kutunetako batera itzuliz. Hala, hiri erreal zein asmaturikoei buruzko poema sortak espazio aseezin, zital eta hiltzaile gisa definitzen ditu, gorputzak gorpu bilakatzen dituen ingurune gisa. Azkenik, idazleak gizakiengana biratzen du liburua, maitasunaz, arteaz, heriotzaz gogoeta txikiak aurkeztu eta mundua «funtsean zikin putzu bat» besterik ez dela birgogoratzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.