Trafiko handiko eguna dute lokalean Usua de la Fuentek (Donostia, 1982) eta Koldo Soretek (Donostia, 1976). Niña Coyote eta Chico Tornado taldeak Atea disko berria atera du gaur, eta bezperan kazetariak joan-etorrian dabiltza, taldeak Donostiako Egia auzoan daukan lokalean. Kafea eta croissantak prest dauzkate, eta irribarrea ahoan erantzun diete galderei; nabaria da bi kideen konplizitatea. Albumeko hamabi kantuetan «betiko taldea» aurkituko dutela nabarmendu dute, «baina une desberdin batean».
Aurreko diskoan cumbia erritmoekin esperimentatu zuen Donostiako taldeak, eta azken urtea lanean eman ostean, bosgarren lan luzea plazaratu dute. «Disko bakoitza momentuan sentitzen dugunaren argazki bat da. Oraingo hau zuzenagoa da, ez hain pisutsua, erritmoari begiratuagoa», hasi da Soret. De la Fuentek lagundu dio: «Taldearen eboluzio natural txiki bat aurki daiteke diskoan. Zuzenean jotzea gustatuko litzaizkigukeen kantuak egitea izaten da beti gure helburua. Aurreko diskoa esperimentu bat izan zen, eta orain gure erroetara itzuli gara, gure betiko ahotsa berreskuratuz».
Atea da disko berriaren izena, eta bi esanahi desberdin ditu. «Beti izan dugu gustuko hitz jokoak erabiltzea», adierazi du Soretek. Batetik, leku batetik bestera igarotzeko zabaldu beharreko atea irudikatu dute. Eta, bestetik, sinesmen faltaren esanahia, gaztelaniaz. De la Fuente: «Gu ez gara sinestunak inondik inora, eta disko honek territorio berrietara iristea planteatu digu. Bi ideia horietatik datorkio izena».
Mundu zabalari begira
«Gure munduaren kronika labur bat». Hala definitzen du bikoteak bere lan berria, kazetariei zabaldutako testuan. Nolabait esateko, lokaleko zuloko behatxulotik kanpora begira aritu dira albumean. «Zikinkeria handia dauka gure munduak gaur egun. Gure hiritik atera gabe, etorkinak kalean daude gosea pasatzen, eta donostiarrek oso zail daukate ohiko soldata batekin bizitzea. Kanpora begira jarrita, Trump daukagu agintari, Gazan sarraski handia egiten ari dira, eta esplotazioa eta esklabotza daude nonahi», esan du Soretek. Bide beretik jo du De la Fuentek ere. «Sinetsarazten digute dena oso ondo doala, baina munduari begiratuta ikusten dena ez zaigu gustatzen. Hori islatu nahi izan dugu diskoan».
Kantuetan argi ikus daiteke bi kideek diotena. Disko osoan amorru oihuak eta sistemaren aurkako jarrera antzematen dira. Hala diote hitzek, besteak beste: «Dena zaborra, nekatuta nago», «ez dut dirurik, ez dut etxerik», «zertarako dugu borrokatzen/ botereak gaitu zapaltzen» edo «jada ez da ezer doan/ mesedez hemendik eroan». De la Fuenteren esanetan, hitzek badute «errendizio puntu bat». Baina, beste alde batetik, mezua argia da, haren ustez: «Irabaztea zaila da, bai, baina ezin dugu amore eman».
Trash da albumeko lehen kantua, eta argi erakusten dio entzuleari zer aurkituko duen ondorengo 11 abestietan. «Dena zaborra. Nekatuta nago», hori da kantaren leloa, eta mezu bera behin eta berriz errepikatzen da hainbat hizkuntzatan. Horretarako, bidelagun ugari izan dituzte. Taldeko kideak euskaraz entzun daitezke, Maika Makovski katalanez, Rodrigo Cuevas asturieraz, Balak galizieraz, Ovidi Zigarros eta Monica Le Ra gaztelaniaz eta Waxy ingelesez.
Paradisua kantuan, berriz, ironia puntu bat erabiltzen du taldeak migrazioari eta arrazakeriari buruz hitz egiteko. Muga nola gurutzatzen duten kontatzen dute abestian. Berez, Ameriketako Estatu Batuetako muga batean kokatzen da kanta, baina «edozein mugatarako» balio duela nabarmendu du De la Fuentek: «Halakoetan botereak edo Poliziak irabazten du, baina kasu honetan migratzaileek irabazten dute. Road movie baten itxura dauka kantak, baina Mexikoko narcocorrido-en eragina ere badu».
Mezu etsigarri asko entzun daitezke albumean, baina azken leloa guztiz kontrakoa da. «It´s time to wake up!» diote Basque panther party kantuaren hitzek, behin eta berriz. Black panther-ak edo pantera beltzak erakunde bat izan ziren: Ameriketako Estatu Batuetan sortu zen mugimendua 1970eko hamarkadan, eta komunitate beltzeko kideen autodefentsa eta biziraupena zituen helburu. Bikotearen iritziz, 1970eko hamarkadako aldarrikapenek «gaur egun ere» balio dute, eta hortik dator kantu bat eskaintzearen ideia. Abestian, ordea, basque hitza gehitu diote. «Desberdin izateagatik zapalduta gauden horiek borroka beraren parte sentitzen gara», adierazi du De la Fuentek.
Bi abesti instrumental ere agertzen dira diskoan. Horietako bat, gainera, berezia da taldearentzat. Duela hiru urte zendutako Ioritz Apaolaza lagunari keinu egin nahi izan diote Tziroi abestian. Instrumentala den arren, Apaolazaren xuxurlak gehitu dizkiete rock doinuei, baina alderantziz. Soretek dionez, jolas bat ere planteatu dute abesti horretan. «Mezu subliminal batzuk daude, eta biniloan atzeraka eginda entzun daitezke. Garai batean, Black Sabbath taldeak bere diskoetan mezu satanikoak sartzen zituela esaten zen, eta horri ere egin diogu keinu bat».
Sorkuntza prozesua
Elkar estudioan grabatu du lan berria taldeak. Victor Sanchez izan dute lagun, eta Victor Garciak masterizatu du, Ultramarinos estudioetan. Taldekideen arabera, Kalifornian (Ameriketako Estatu Batuak) egindako bira batek «elikatu» du diskoa, baina ordurako lan batzuk aurreratuak zituzten; ideia aldetik batez ere. Urrian jo zuten azken kontzertua, eta ordutik otsailera bitarte buru-belarri aritu dira lokalean sartuta, zeuzkaten ideia guztiei egitura ematen.
Duela hamabi urte argitaratu zuen taldeak lehen lana, Niña Coyote eta Chico Tornado. Hamarkada bat pasatxo igaro da ordutik, eta musika eszenan tokia egitea lortu du bikoteak. Baina urteak aurrera doazen arren, ilusioa berdin-berdin mantentzen dute. Soret: «Gustuko dugu gure lanbidea. Gozatu egiten dugu, eta hori da seinalerik onena. Nik argi daukat ezingo dudala hain erraz erretiroa hartu. Niretzat behar bat da musika egitea eta barruan daukadana erakustea; niretzat bada ere». Haratago jo du De la Fuentek: «Beste edozein ofiziotan inori ez zaio galdetzen ea zergatik ez duen lana aldatzen. Polita da zure proiektua aurrera ateratzea, nahiz eta askotan errazagoa litzatekeen beste norbaitentzako lan egitea».
Ibilbide horren adierazgarri dira atzerrian egindako kontzertuak. Mexikon, AEBetan, Argentinan, Txilen, Japonian, Errusian, Frantzian, Belgikan eta Italian aritu dira, besteak beste. Disko berriarekin hainbat kontzertu emango ditu taldeak, Euskal Herrian eta Espainian. Gerora, ikusiko da kanpora begira zein ate zabaltzen zaien.