Poesiak batutako bost ikaskidek sortu zuten Fontainers DC taldea, 2014. urtean, Dublinen. Musika eskolan ezagutu zuten elkar, eta laugarren diskoa kaleratu berri dute orain: Romance. Apirilean iragarri zuten lan berria, eta, harrezkeroztik, aurrerapenen bidez joan dira bildumaren nondik norakoak argitzen. Musika elektronikoa nagusitzen ari den sasoiotan, salbuespen moduko bat da Fontaines DC boskotea —seikotea zuzenekoetan—. Rock talde klasikoaren formazioarekin, gutxik sortzen dutelako eurek besteko zirrara gaur egun, eta, horregatik, askok itxaron duten diskoa da kaleratutakoa. «Entzuleek gure bilduma kaxa batean sar ez dezaten egin dugu lan hau, eta uste dut lortu dugula», azaldu du Grian Chatter taldeko abeslariak.
Diskoaren izenburuak maitasunaren eta erlazioen haritik eraman dezake entzulea, baina diskoko kantak entzutean konturatuko da taldeak ez duela hori transmititu nahi izan. Pasioen analisi bat egiten saiatu da Fontaines DC haren kantu-hitzen bidez, haien ustez mundua «erortzen ari den» bitartean. Melankoliaz beteriko bilduma da, baina melankoliaren alde iluna argitasunez bete du taldeak. «Munduaren amaieran maitasunaren sugar txiki hori sustatzeko disko bat da Romance», azaldu du Chatterrek. 11 kantak osatzen dute Romance.
Diskoaren argitaratze ofiziala baino lehenago bost aurrerapen egin zituzten, bakoitza bere bideokliparekin. Seigarren bat ere atera zuten, lehenengoa izan zena: diskoaren izenburu berbera duen kantaren zati bat da, askok diskoaren intro moduan identifikatu dutena. Starbuster izan zen osorik kaleratutako lehen abestia, eta bertan musikariek Chatterren izu atake bat interpretatzen dute. Hasiera leunagoa da, baina Chatterren arnas-hotsak areagotu eta izu atakea abeslariari gaina hartzen ari zaion heinean, hip-hop erritmoak eta ahotsak nagusitzen dira, Chatter rapean entzuteraino. Taldearen soinu esperimentalenak entzun daitezke lehen aurrerapen hartan.
Bigarren aurrerapena diskoko azken kanta izan zen: Favourite. Lehen kantarekin alderatuz, bigarren aurrerapena argi handiagoz agertu zen. Eta segur aski hori da diskoko kantarik komertzialena. Kanta horrekin, Fontaines DC taldeak pop soinuak berreskuratu ditu, eta agerikoa da haien ibilbidean hain garrantzitsua izan den The Cure taldearen eragina. Chatterren esanetan: «Favourite amaitzen ez den soinu bat da, euforiaren eta tristuraren arteko ziklo jarraitu bat, biratzeari uzten ez dioten bi mundu».
Punka atzean
Taldearen musikak aldaketak izan ditu lehen diskotik azkenera. Orain, hip-hop erritmoak, musika elektronikoaren alde distopikoa eta grunge estiloa taldearen oinarrietan finkatzen ari dira, lehen diskoan erakutsi zuten punk retro izaera hura pixkanaka atzean utziz. Bestalde, aurreko diskoan (Skinty Fia, 2022) entzundako shoegaze ukituak bilduma berrian hedatu dira, Conor Curley gitarristaren eraginez.
Soinu aldaketa ez da taldeak izan duen aldaketa bakarra. Diskoetxea aldatu dute. 2018. urtean Partisan Recordsekin sinatu zuelako taldeak, eta haien eskutik kaleratu zituztelako lehen hiru bildumak. Baina oraingoa XL Recordings diskoetxearekin egin dute, eta soinu arduradunarena izan da beste aldaketa. Oraingoan James Ford aritu da lan horretan, aurrez Arctic Monkeys taldearekin ere lan egindakoa dena.
1990eko hamarkadako boskote bat dirudi taldeak itxuraz, eta haien doinuek ere maiz badute aire hori. Nolabait ere, euren proposamenak hamarkada haietako musika britainiarraren melodiak gaur egunera moldatzen baititu. Bilakaera jarraitu batean egon arren, Fontaines DC-k erakutsi du gai dela bere izaerari eusteko.