Fatoumata Diawara: «Munduan ez da inoiz bakerik izanen emazteak ez badira bakean bizi»

Fatoumata Diawara Maliko kantariak kontzertua emanen du gaur Miarritzeko Atabal aretoan, sarrera guziak saldurik. Ohiko musika mandinga eta gaur egungoa nahastea du gustuko.

Fatoumata Diawara. BERRIA
Fatoumata Diawara. BERRIA
Iñaki Etxeleku.
2025eko otsailaren 9a
04:45
Entzun

Sarrera guztiak saldurik ariko da Fatoumata Diawara (Boli Kosta, 1982) Miarritzeko Atabal aretoan, gaur 19:30ean. London Ko (2023) diskoko kantuak emanen ditu. 2011n plazaratu Fatou diskoak famatu egin zuen. Geroztik, kolaborazioak egin ditu mundu zabalean ezagunak diren musikariekin: Mathieu Cheddid, Damon Albarn, Angelique Kidjo, Marya Andrade, Lauryn Hill, Herbie Hancock, Bobby Womack eta Roberto Fonseca. Antzerkian Naonedeko (Bretainia) Royal de Luxe konpainiarekin aritu da, eta zineman ere bai, hala nola Abdherramane Sissoko, Philippe Godeau eta Cheick Fantamadi Camara zuzendariekin. 2019an, Grammy sarietako hautagai izan zen, baita Frantziako Musika Sari Nagusietako ere. Kantuetako hitzak bere ama hizkuntzan idazten ditu, banbaraz.

Haur denbora neketsua izan zenuen. Boli Kostan sortu eta Malira mugitu zen zuen familia. Kantua noiz etorri zen?

Kantua emeki-emeki etorri da. Ene min eta sufrikarioen bidez ezagutu dut ene ahotsa. Baina, haurra nintzenez, ez nekien nola deskribatu sentitzen nuen hori. Kantatzen nuenean, ongi nintzen. Momentu batez, pentsatu nuen: «Berdin hori egin behar dut». Hasi nintzen nihauren buruarendako kantatzen. Denborarekin, jende batzuek erran didate ahots hori partekatu beharra nuela. Eta emeki-emeki, onartu dut.

Zer adin edo garaitan gertatu zen ahotsa besteei entzunaraztea?

19 urte nituen. Royal de Luxe konpainian ari nintzen. Haiek ninduten kantatzera bultzatu. Aldageletan edo hola entzuten ninduten kantatzen, nire aldetik, eta erran zidaten: «Ahots hori entzunarazi behar diezu besteei». Eta gauza franko deskubritu nituen ondoren.

«Ene min eta sufrikarioen bidez ezagutu dut ene ahotsa. Baina, haurra nintzenez, ez nekien nola deskribatu sentitzen nuen hori. Kantatzen nuenean, ongi nintzen»

Erraten duzu arbasoekin duzun harremana atxikitzen duzula kantuaren bidez. Zer da zuretzat arbasoekiko harreman hori?

Gure kulturan arbasoen aipuak garrantzi handia du. Modernizazioaren eraginez, gazteek ez dute gehiago egiten, eta harreman hori aipatzen dutenak epaituak dira, gisa batez. Kontrara, arbasoak aipatzen dituzten jendeak defendatzen ditut nik. Musikan eta kantuan bada alde mistiko bat. Ahotsean ere bai. Ez dugu hutsean kantatzen. Energiak garraiatzen ditugu —onak edo txarrak—; zuk duzu erabaki behar nolako energiak nahi dituzun ekarri. Energia ona lantzen dut, ikus-entzuleengana hurbiltzeko. Energia baikorra ekarri nahi diet, ongi egon daitezen. Maite dut ene kontzertu batetik jalgitzen direnean zoriontsu izatea, osoki garbituak senti daitezen, beren baitako energiekin, buruarekin harmonian.

Musikari famatu anitzekin lan egin duzu. Nola abiarazi dituzu kolaborazioak?

Mundu guztia sare sozialetan dabil, eta jende horiek harremanetan sartu dira nirekin. Artistak oso sentiberak dira. Badira energiak tira handiagoa pizten dizutenak. Beraz, halako jendea aurkitzeko moldea bilatzen duzu. Deitu naute, eta zinezko haurrideak bilakatu gara. Naturalki egin da.

Zure musika estiloan eraginik izan dute topaketa horiek?

Bai, eragin handia izan dute. Beste musika mota batzuetara eraman naute. Azkenean, aberasgarria da bai zuretzat, bai gomita egin dizunarentzat. Artista handiek maite dituzte halako abenturak. Elkar sentitzen dugu, eta hori ezin da hitzekin adierazi. Gero, gerta daiteke tronpatzea lan egin nahi zenuen pertsona batzuekin, aritu ondoren ohartzea, baina arraro da.

Esplikatu izan duzu mundu zabalean ezaguna izatea Afrikako berri hedatzeko molde bat zaizula. Zergatik?

Iragana ere badudalako. Afrika aipatu baino lehen, nihauren ibilbidea aipatzen dut. Oholtza gainean emazte gisa bizi izan ditudan abenturak aipatzen ditut. Mundu honetako haur gisa zer amesten dudan biharko haurrentzat. Ez Afrikako haurrentzat bakarrik, baizik eta haur guztientzat. Zer etorkizun egiten ari gatzaizkie?

«Musikak garapen faktore bat izan behar du mundu osoarentzat, ez bakarrik Afrikarentzat»

Gure ikustera heldu diren jendeen artean, herritartasun eta ingurugiro anitzetakoak badira. Mugitzen dira gure ikustera etortzeko; beraz, guri da mezuen pasaraztea gizartea aldatzeko ideiak ukan ditzaten.

Zer mezu izan daiteke?

Adibidez, emazteon egoera. Emazte guztiak ez dira uros bizi. Nik lortu dut emazte gisa bizitzen, baina mundu honetan toki bat lortzen ez duten emazte guztiak ditut gogoan. Hainbeste badira egoera horretan. Anitzetan erlijioa erabiliko dute emazteen sufriarazteko. Oinarririk ez duten tradizio batzuen izenean, dena egiten dute emazteen kontra. Ene kantuetan mutilazio genitalak salatzen ditut, eta Afrikako emakumeen egoera. Munduan ez da inoiz bakerik izanen emazteak ez badira bakean bizi. Hain du jainkoak emaztea maite, ez baituke gustukoa hainbeste sufri dezan. Eginahalak egin ditzagun emazteak behar duen lekua izan dezan mundu honetan.

Antzezle ere aritu izan zara, antzerkian eta bereziki zineman. Zer toki du horrek zure ibilbide artistikoan?

Ikaragarri maite ditut zinema eta antzerkia. Egiazko bizian jokatzen ahalko ez nituzkeen rolak eskaintzen baitizkidate. Pertsonaia bat izaten ikasten duzu. Norbaitek zerbait idazten du pentsatuz zu hori izan zaitezkeela. Liluragarri zait hori. Eta zu jokoan sartzen zara, eta eraldatzen zara. Askatasun handia bada horretan. Baina kasu egin behar da, burua gal baitaiteke.

Kontzertuetan erabiltzen ote duzu antzerkia, interpretaziorako, estetikan, jantzietan?

Jantzietan bai. Maite dut ongi beztitua izatea kantatzera joateko. Estetikak munta handia du enetzat; laguntzen nau Fatoumata kantaria bilakatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.