Aurten 34. aldia bete behar zuen, eta Mexiko izango zuen herrialde protagonista. Baina Translatines antzerki jaialdia ez dela egingo jakinarazi dute antolatzaileek, Theatre des Chimeres konpainiako kideek. 1981etik, Baiona, Miarritze, Angelu eta Bokale antzezlanez bete izan ditu jaialdiak urrian, —2007tik bi urtez behin egin da—, baina diru faltagatik ezingo dutela jarraitu azaldu du Jean-Marie Broucaret zuzendariak. Baionako Herriko Etxeak jada ez dio eutsiko orain arte emandako diru laguntzari. Erabakia «sakoneko akatsa» dela uste du Broucaretek.
Ze asmorekin sortu zen jaialdia?
Guk konpainia profesional bat genuen, eta, Frantzian biran genbiltzala, hainbat ikuskizun aurkitu genituen. Halako konpainiak ezagutarazteko asmoz hasi zen jaialdia, orduan ez baitzen egiturarik haien lanak hemen aurkezteko. Garai hartan jaialdien eztanda bat egon zen, eta, oihan horretan ez galtzeko, gureak nortasuna behar zuen, eta hori ematen joan ginen ondorengo urteetan. Espainiako konpainiak izaten ziren orduan, eta euskarazko lanen bat ere egon izan da gehienetan. 1992an, aldiz, mundu berriaren konkistaren urteurrenarekin, Latinoamerikako produkzioei zabaltzeko aukera egon zen, eta hala hasi zen programazioa ildo horretan osatzen. Gerora, urtero herrialde batean jarri dugu fokua. Mexikori buruzkoa prestatzen ari ginen berri txarra jaso dugunean.
Espero zenuten halako berririk?
Egia esan ez. Bagenekien Frantzian oro har eta gure herrialdean zailtasun ekonomikoak daudela, eta, ondorioz, hainbat kultur adierazpide desagertu direla; antzerki denboraldia hasi zenetik, urritik, 150 jaialdi desagertu dira Frantzian; asko dira. Arrisku bat bazela bagenekien: alkate berriak esana zigun zailtasun horiek bazirela eta hitz egin beharko genuela... Hortaz, guk B plana prestatu genuen, soluzio merkeago bat, eta herriko etxeari aurkeztu genion, baina baztertu egin du, esanez jaialdirako deus ez zuela jarri nahi.
Zein arrazoi eman dizue herriko etxeak diru laguntza eteteko?
Arrazoi ekonomikoen harira, aukeratu beharra zegoela, eta ez zutela gure jaialdia aukeratu.
Zer iruditzen zaizue jarrera hori?
Sakoneko akatsa, ez baitute ongi neurtu publikoarentzat jaialdiak duen garrantzia. Jende asko biltzen du, aretoak betetzen ditu, gazte jendea dator, eskolak-eta asko inplikatzen dira, hiriari etekin ekonomikoa dakarkio, nazioarteko aitortza du... Herriko etxeak ez du hori guztia neurtu. Bestalde, gero jakin dugu beste jaialdi bat antolatu duela, Kulture Sport, eta hor jarri dutela Translatinesi eman ez diotena. Ez dute horrela esan, baina ezin da saihestu pentsatzea batak bestea dakarrela.
Baionako Herriko Etxeaz gainera, beste instituzioen laguntzarik jasotzen zuen jaialdiak?
Bai, noski, Miarritzek, Angeluk, Akitaniako eskualdeak eta departamenduak diruz laguntzen zuten, eta estatuak apur bat ere bai. Herrialde gonbidatuen laguntza ere bazegoen. Denak zeuden prest jarraitzeko, Baiona salbu, baina hura izan da festibalaren indar ekonomiko garrantzitsuena. Antza, Baionaren ideia zen aurrekontua Miarritze eta Angelurekin hiru zatitan partekatzea, baina bi hiriek ez dute nahi izan, ezin izan dute gainera...
Zer diote zuen Latinoamerikako lankideek, hango konpainiek?
Desilusio handiena haiek dute, eta apur bat haserre ere badaude, hain baita zaila beren herrialdetik atera eta lanak ezagutaraztea, aukera bat desagertzen denean min ematen du. Arazo bat da, batez ere guretzat, haiek ekartzen dutena aire berria baita; aireratzen ari diren herrialdeetatik datoz, indartsu, eta gu Europan pixka bat pisutsu gaude, airea falta zaigula; behin aukera edukita halako lanekin arnasa apur bat hartzeko, lastima da ezin probestu ahal izatea.
Uste duzu etorkizunean jaialdia berriro egin ahal izango dela?
Hori desio dugu, baina orain oso zaila dela iruditzen zaigu, testuinguru ekonomiko oso konplexuan baikaude, eta publikoaren erantzuteko indarra oso ahula da.
Hori faltan sumatzen duzue?
Tira... apur bat harrituta ere bagaude zenbait erreakzioren indarrarekin, hau ez dela posible esaten dutenekin. Baina ikusiko da. Charlie Hebdo-ren aurkako atentatuekin denek esaten zuten «hau ezin da ahaztu»... baina orain kezketatik erabat desagertu da. Mobilizazio eraginkor eta garrantzitsua badela sentitzen badugu, indarra izango dugu gauzak eskatzeko, baina hori gabe, soilik geure nahiarekin ez da nahiko izango.
Hala ez bada, zer galduko da?
Airea, munduak gure hiria eta bizitzak zeharkatzeko aukera, zabalkundea, sormena, ezberdina den horri harrera egiteko gaitasuna... Kultura su festak bezalakoa da; amaitzean desagertu egiten da, baina bizitzen laguntzen dizun oroitzapen bat uzten dizu barruan, eta hori ezin da ordaindu, hori gorde egiten da. Erabaki honek dirua jartzen du kulturaren bitarteko funtsezko gisa, eta hori oso jarrera txarra da. Badakigu Baiona-eta turistikoak direla, eta [Eric] Cantona-edo ekarrita Baionari buruz hitz egingo dela... Tira, hori uler dezaket, baina hori lortzeko desagerraraztea gauza ahulagoak, kulturaren odola direnak, hori ez da posible.
Jean-Marie Broucaret. Translatines jaialdiko zuzendaria
«Munduak gure hiria eta bizitzak zeharkatzeko aukera galduko dugu»
Latinoamerikako antzezlanei leiho bat irekitzen hiru hamarkada eman ditu Translatines jaialdiak, baina ez dela gehiago egingo jakinarazi dute antolatzaileek, Baionako Herriko Etxeak ez baitio diru laguntzari eutsi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu