Liburukote bat, zabalik; eta, haren orri zurietan proiektatuta, itxura askotako mapen irudi xeheak. «Papera, paperean proiektatuta». Hitzik gabeko liburu hori da Paperezko inperio baten atlasa; hori, eta, batez ere, proiekzioaren oinarrian dauden mapen hautaketa eta algoritmoaren diseinua. Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkum artistek sortu dute, Donostiako San Telmo museoaren Museo Bikoitza programaren barruan. Atzo aurkeztu zuten, eta museoko elizaren alde batean martxan egongo da 2023ko uztailaren 28ra arte; haren bilduman sartuko dute ondoren.
Jaiok eta Van Gorkumek museoaren artxiboko mapa bilduma aztertu dute azken urtean. «Mapak ez dira San Telmoko gauzarik adierazgarrienak edo ikonikoenak. 'Mapak? Ez ditugu hainbeste...', esaten ziguten. Ba, laurehun baino gehiago daude», azaldu du Jaiok. Horien artean, 30 bat aukeratu dituzte erakusteko, XVII. eta XVIII. mendeetakoak gehienak. Bide horretan, museoa «barrukoz kanpora» ezagutu dute: «Objektuak erakusketa aretoetan jartzen diren narratibetatik kanpora ikustean, museoa bera zeinen handia den ikusi dugu».
Museoak gordetzen eta zaintzen dituen pieza asko ezin dituzte jendaurrean erakutsi, hauskorrak direlako edo formatu bereziren bat dutelako. Mapa zahar gehienak Gordailuan edukitzen dituzte, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ondare bildumen zentroan, eta bi artistak han aritu dira lanean.
Mapak arakatu, aukeratu eta eskaneatu egin dituzte, «San Telmoren kartografia bat» marrazteko. Horretarako, tresna bat sortu dute, beso robotiko bat: «Argazki makina bat genuen, makro lente batekin, eta mapa bakoitzari argazki asko ateratzen zizkion, 300 bat, zentimetroz zentimetro. Dena elkartu genuen ordenagailuan, baina hain handia zen, ezin baikenuen ondo maneiatu». Bereizmen handiko irudi horietan, paperaren materialtasuna ere nabarmentzen da, bere testurekin eta koloreekin. Gainera, litograforen batek utzitako hatz markak ere topatu dituzte artistek.
Algoritmo bat sortu dute mapen xehetasunen artean nabigatzeko. Algoritmoa autonomoa da, eta animazio bat sortzen du zuzenean, ateratako argazki horietan barrena. «Ibilbide bat sortzen du mapekin, muga bakarra museoaren bilduma duen mundu batean». Ibilbide horrek ez du bukaerarik, gainera, aldiro berri bat egiten duelako.
Lan hori liburu batean proiektatzea erabaki dute, museoari objektu bat eman ahal izateko, bere bilduman gordetzeko. «Ez genuen algoritmo immaterial bat bakarrik eman nahi, baizik eta aingura baten moduan han geratuko den zerbait», Jaioren hitzetan. Liburua eskuz egina da; artisten Rotterdamgo (Herbehereak) lagun batzuek sortu dute. «Hain handia da, koadernatzean besoa ez baitzitzaien heltzen, eta bi lagunen artean egin behar izan dute. Proiektu osoa erronka polita izan da».
Eraikinetik kolonietara
Jaiok esan du «museoaren bildumaren handitasuna» jaso nahi izan dutela lanaren bidez: «Handitasuna paradoxaz betetako ideia bat da: bildumak hazten jarraitzen du, etengabe berrikusten da, eta hutsuneak ditu. Hau da, kontakizun bat sortzeko orduan, mugak eta kontraesanak izango ditu, eta, azken batean, museoaren erretratu bat bihurtuko da».
Mapek museotik munduari begiratzen diote. Instalazioa sortzeko, erabili dituzte eraikinaren planoak, Donostiakoak, Gipuzkoakoak... «Hiriko mapetan, ikusten da tokia nola aldatzen den gerra sasoian. Fokua zabalduz eta zabalduz doa: Euskal Herrikoak, Europakoak... eta, ondoren, mundura heltzen garenean, benetan ageri dena koloniak dira. Ez dago Asiako maparik, adibidez. Bilduma bera museoaren erretratu bat da: erakusten du museoak zelan ikusten duen mundua».
San Telmo museoak 2018an abiatu zuen Museo Bikoitza programa, Asier Mendizabal artistak proposatuta. Urtero, artista batek museoarekin eta haren bildumarekin lotutako lan bat sortzen du —gunearen «berrirakurketa bat» eginez, Susana Soto museoko zuzendariaren hitzetan—, eta beste artista bat hautatzen du, hurrengo urterako gauza bera egin dezan. Ibon Aranberrik, Erlea Manerosek eta Jose Mari Zabalak parte hartu dute orain arte.
Mundua, museoaren eskalan
Iratxe Jaiok eta Klaas van Gorkumek 'Paperezko inperio baten atlasa' instalazioa jarri dute San Telmo museoan, Museo Bikoitza programarekin. Mapen irudiak proiektatzen ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu