Euskal Herriko ilustratzaileen lanak mundura zabaltzeko sortu zuten Irudika ilustrazio topaketa, baina aurten mundua bera Euskal Herrira ekarri nahi izan dute. Edo munduaren zatitxo bat, bederen. Izan ere, jardunaldien zazpigarren aldi honetarako hiru herrialde gonbidatu dituzte, hango ilustratzaileren sormen lanak ezagutzeko: Nigeria, Polonia eta Japonia. Bada, herrialde horietako 11 ilustratzaileren sormen lanekin erakusketa bat atondu dute Gasteizko Zuloa liburu dendan. Formatu eta tamaina askotako 60 lan baino gehiago daude ikusgai denera, ilustrazioaren mundu zabalaren erakusgarri direnak.
Herrialde bakoitzeko hiruzpalau marrazkilariren lanek osatzen dute erakusketa. «Nazioarteko ilustrazio topaketan egotea gustatuko litzaigukeen baina etortzerik izan ez dutenen lanak erakustea: helburu horrekin sortu dugu erakusketa», azaldu du Elisabeth Perez Fernandezek, erakusketaren antolatzaileak eta Irudika-ko zuzendariak.
Hala, Nigeriari lotuta ageri dira, esaterako, Diana Ejaita, Blossom Oyeyipo, Styles Osunde eta Wole Lagunju; Japoniako marrazkigintzaren ordezkari dira Taro Miura, Masatsuna Fujimoto eta Yoshiko Hada; Iwona Chmielewska, Marta Ignerska eta Acapulco Studio dira Poloniako ilustrazioaren erakusgarri. Iraia Okina da, berriz, euskal ilustraziogintzaren ordezkaria.
Analogikoak eta digitalak
Erakusketa atalka dago banatuta, eta artistaren izenaren alboan ikus daitezke haren lanen sorta bat. Ilustrazioek, dena den, ez dute leku askorik hartzen erakustokian, gehien-gehienak formatu txikikoak baitira. Irudi bakoitzaren aurrean gelditu, gerturatu eta detaileez jabetzera gonbidatzen dute ikuslea. Badira tamaina handiko bi mosaiko ere.
Marraztearen sormenetik abiatuta munduari begiratzeko leiho bat da lan horietako bakoitza, Perezek nabarmendu duenez: «Ilustrazioaren alorrean herrialde bakoitzaren panorama zein den eta zein joera dituzten ezagutzeko balio dute».
Afrikako eta Latinoamerikako ilustratzaileen lanek, esaterako, «plastikotasun handiagoa» dute, gainerakoekin alderatuta. «Eskultura eta pintura eskoletatik datoz asko, eta nabari da hori, ez dutelako arlo digitala horrenbeste lantzen», azaldu du Perezek. Kontrakoa gertatzen da, aldiz, ilustratzaile japoniarren kasuan. Haien lanek formatu digitala dute gehienetan, eta «abstraktuagoak» dira.
Oso bestelakoak dira poloniarren marrazkiak, ordea. «Nabari da europarrak direla; oso bestelako ezaugarriak dituzte», azpimarratu du Perezek. «Gizarte gaiak lantzen dituzte gehiago, eta salaketa bat ikus daiteke haien lanetan».
Izakiak eta gizakiak
Nigeriarra izan arren, zortzi urte daramatza Gasteizen bizitzen Styles Osunde ilustratzaileak. Lau ilustrazio jarri ditu ikusgai erakusketan, guztiak ere ordenagailuz egindakoak. «Nire lanek fantasiarekin izaten dute lotura normalean; zientzia fikziozkoak ere egiten ditut, baina Afrikako kulturari eta mitologiari buruzkoak izaten dira denak», adierazi du artistak. Horren adibide da Adze pertsonaiari egindako marrazkia. Afrikako zenbait herrialdetako mitologian izaki banpiriko bat da, eltxo edo ipurtargi baten itxura har dezakeena. «Ez dut inoiz ilustrazio edo marrazki batean gorpuztuta ikusi, eta saiakera egitea pentsatu nuen».
«Analogikoagoa» da Iraia Okinaren lana, eskuzko tekniketara jotzen baitu normalean. Haren ibilbide artistikoan esanguratsuak izan diren hiru irudi jarri ditu ikusgai artistak. «Laneko dinamiketan egin ditudan aldaketak erakusten dituzte». Zatika marraztu eta piezaz pieza muntatzen hasi zeneko ilustrazio bat, maiz egiten ez dituen enkarguetako bat, eta zianotipia bat dira. Teknika aldatu arren, elementuak ez dira aldatzen irudietan: emakumea eta natura «konstante bat» baitira haren lanetan. «Aukeratu ahal dudan guztietan saiatzen naiz irudikatzen».
Mundua marrazki txikietan
Nigeriako, Japoniako, Poloniako eta Euskal Herriko ilustratzaileen lanak ikusgai jarri dituzte Gasteizko Zuloa liburu dendan. Irudika topaketaren harira atondu dute erakusketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu