Mundua ikertzeko literatura

Fito Rodriguezen eta Joseba Aurkenerenaren lan berri bana eta Marisa Arruabarrenaren berrargitalpen bat argitaratu ditu Dakit etxeak

Fito Rodriguez, Joseba Aurkenerena eta Marisa Arruabarrena, beren liburuen aurkezpenean, Donostian. I. ZABALETA / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
Donostia
2022ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Askotariko gai eta estilotako hiru lan eman berri ditu Dakit argitaletxeak: Fito Rodriguezen Enararen esanak, Joseba Aurkenerenaren Konfinamenduan ere konta-kontari eta Marisa Arruabarrenaren Ezkutuan dagoena. Aurrenekotik hasita, «saiakera poetiko» modura aurkeztu du Rodriguezek berea. Ekologia jorratzen du, eta egungo egoera ulertzeko bestelako pentsamendu eta hizkuntza bat landu beharra aldarrikatu. Hala laburbildu du egileak: «Liburu labur hau zenbait mailatan pentsarazteko idatzia da; hitzak, teoriak eta oroitzapenak nahastuz munduaren akaberaz eta bonbardaketa nuklear posiblearen arriskuaz ohartarazteko».

Literaturaren funtzioa eta gaitasuna azpimarratu ditu Rodriguezek. Haren arabera, literaturaren eta poesiaren bidez aukera dago mundua ikertzeko eta bestela pentsatzeko. Galdera ere bota du: «Bonbardaketa nuklearraren atarian egon gaitezkeela esaten dugunean, galdetu genezake: 'Eta nola iritsi gara honaino'?». Denboran atzera egin, eta hainbat pentsalariren hausnarketak eta ikuspuntuak bildu ditu idazleak, eta filosofo presokratikoetan zentratu da: «Haustura bat dute magiarekin eta jakintzarekin, eta abiapuntu bat bilatzen dute mundua ulertzeko; hortik hasten dira munduaren antolaketa deduzitzen». Rodriguez, hain zuzen, filosofo presokratikoen pentsamendutik abiatu da bere ideia garatzeko; hots, aldarri egiteko «bestelako pentsamendu ekologikoa» behar dela. Itsaso Beltzean dagoen Enararen habia hartu du abiapuntutzat. Testuan ahozko hizkuntzaren eta idatzizkoaren arteko «borroka» dagoela gaineratu du.

Idazlearen esanetan, enarek etortzeari utzi ziotenean, «ziklo bat apurtu» zen. «Horrekin zer egin behar dugu? Gure mundua bai, bukatuta dago, bukatutzat eman dezakegu, baina horrek esan nahi du itzuli ez den enara ezin dela ezerekin konparatu? Ba ez guztiz». Ginkgo bilobaren metafora erabili du azaltzeko, eta adierazi hor elkartzen direla giza gaitasunak: ulermena, arrazoimena, zentzumena eta irudimena. Hala, uste du kontzeptu horiek baliagarriak direla beste modu batez pentsatzeko, ez soilik modu arrazionalean. «Bigarren mailako pentsamendua behar dugu, pentsamenduari buruzko pentsamendua. Aldarrikatzen dudana da literatura dela mundua ulertzeko eta bigarren pentsamendu hori garatu ahal izateko aukera». Lanaren bukaeran, olerkiak alde batera utzi, eta Lynn Margulisen eboluzioaren inguruko ikuspegia jaso du Rodriguezek: «Gizakiok holobionteak gara; beraz, elkarren arteko laguntza behar dugu, eta hori da bidea». Haren arabera, «akabera aurrean ikusteak» ez du gizartea etsipenera eraman behar; alderantziz, bidea argitu behar lioke. «Horretarako, baina, beharrezkoa da beste modu batez idatzi eta pentsatzea». Hala dio kontrazalean jasotako poemak:

Idatz dezagun lasai bezain sendo,
ez izateko gero eta ahulago,
baizik eta amaranto
baldin halakorik balego,
aurrekoei hartuz errelebo
inoiz izan gabe borrero
eta gaurkotik harago,
nahiz eta bizi okerrago,
bizitzeagatik pozik zeharo
ataka honetatik gara irtengo.

Itxialditik ateratakoak

Olerki liburu bat da Arruabarrenarena ere: Ezkutuan dagoena. 2020an kaleratu zuen Maiatz argitaletxeak, eta, orduko ale guztiak agortuta daudenez, berriro publikatu du Dakitek. Pandemia garaian ikusi zuen argia, beraz, lehenengoz, «nolabaiteko klandestinitatean». Orain, moldaketa «txiki» batzuk eginda berrargitaratu dute. Hala aurkeztu du idazleak: «Hamahiru urteko haurdunaldi luzearen ondoren erditu ostean, makilatu eta zesarearik gabe berriz erditu dudan nire kuttuna da». Arruabarrenaren bizipenetan oinarritutako poemak dira, Orion (Gipuzkoa) idatziak.

Joseba Aurkenerenaren Konfinamenduan ere konta-kontari, berriz, 31 ipuinez osatutako eleberri bat da. Itxialdian du jatorria, eta erretirodunen elkarte bati gertatutakoa biltzen du, errealitatea eta fikzioa uztartuz. Beti Gazte izeneko elkarteko kideek hilabetez konfinatuta egon behar izan zuten Milaneko (Italia) hotel batean, eta han 31 egunez kontatutako ipuinak biltzen ditu. «Bidasoa ibaia da nolabait nire liburu honetan azaltzen diren pertsona, herri eta lekuen banaketa lerroa, baita aipatu guztien arteko konexio eta elkartze gune naturala ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.