Mundua biltzen duen mintza

Jose Luis Otamendiren 'Landura' poema liburua kaleratu du Susak. Aldi baten amaieraren sentipenaz, eta pertsonala eta kolektiboa uztartzeko zailtasunaz aritu da, besteak beste

Leire Lopez editorea eta Jose Luis Otamendi idazlea, atzo, Donostiako Pandora tabernan. IÑIGO URIZ / FOKU.
Andoni Imaz
Donostia
2022ko irailaren 6a
00:00
Entzun
«Hezetasun eta hozbero kontrastea tarteko, kanpoaren eta barruaren artean osatzen den ur pelikula da landura, kristal gainean ageri ohi dena argien». Jose Luis Otamendi idazleak hitzaren esanahia argitu du aurrena. Izan ere, Landura bere poema liburu berriaren izenburua ere bada; hamargarren poesia bilduma du. «Gure arteko landura fenomeno fisiko edo atmosferikoa baino gehiago ikusten dut nik gauzei erreparatzeko era bat bezala, esan eta idazten denari nolabaiteko izaera materiala eman nahi sotil bat». Non dagoen eta zer ikusten duen kontatzeko gogoz ondu du liburua, komunitatearekiko onginahiz. Atzo aurkeztu zuten, Donostiako Pandora tabernan.

«Poeta bat naiz, poesia gaitz autoimmunea dela aipatzen dut poema batean, eta bizi dudana ahalik eta modu doienean eta ahalik eta ederren eskaintzea dagokidala uste dut», Otamendik. Poesiara eraman ditu, besteak beste, «aldi baten amaieraren sentipena, norbere gogo-gorputzean itxita bizitzearen klaustrofobia molde bat, eta alderdi pertsonalak eta kolektiboak harmonizatzeko zailtasuna».

Itxialdi garaian idatzitako testu asko dagoen arren, idazleak ez du pandemiari eskainitako liburu bat egin. «Nago, bizitzea egokitu zaigun garai hau ulertzeko eta kontatzeko ahaleginetan nabilen honen zalantza, kezka eta itxaropen sorta idatzia dela, ustez poesiaren ehunez kalerako jantzia».

Gaurko garaiaren ezaugarritzat dauka, hain justu, bizitakoari geruza baten atzetik begiratzea. «Bilbe sozialaren ahultasunak eta beldurraren ugaltze orokorrak geure baitara biltzeko ihesbide bila jartzen gaitu, eta munduari ia beti pantaila baten ostetik so egitera». Otamendi arduraz aritu da inguruan sumatu dituen gauza batzuez: beti hobea den iraganaren zamaz, indarkeriaz eta joera autoritarioen harrotzeaz, esaterako.

Kristaleko landurak ez du uzten beste aldean dagoena ikusten, eta horrek imajinazioa pizten du, Leire Lopez editorearen esanetan. «Horregatik, askotan gehiago esaten digute modu lausoan ikusten ditugun gauzek, nolabait antzemandakoek, osorik ikusten ditugunek baino, zeharka ikusitakoa, sumatutakoa, guk geuk osa dezakegulako», azaldu du Lopezek. Eta literaturarekin lotu du ideia hori: «Horrelaxe ibili naiz liburu hau irakurri dudan bakoitzean, erakusten eta ezkutatzen duenak sortzen duen jolas horretan».

Horregatik, landurak, kanpora begiratzean, barrura begira ere jartzen du norbera. «Landura dei bat ere bada, galdera, tentazioa, itxaropena. Baita berbaro ustez eder jantzien gainetik zerbait egiteko premia ere». Gauzen kontzientzia hartu nahia adierazten du, Otamendiren hitzetan. Eta zerbait egitea, harentzat, garai nahasi hauetan zerbait ematea da: «Zerbait ematen saiatu nahiko nuke, inorentzat on izango diren gauzak egin. Hala ere, oraingoz ez dut lortu poema sorta hau osatzea besterik. Objektu poetiko bat balitz sikiera».

Letra xehez idatzitako 47 poemak osatzen dute Landura: horietako bost, neurrian, ez dira hogei ilaratik gora; beste zazpik hogei eta 25 bertso lerro artean dituzte, eta gainerako 35ak luzeagoak dira. «Dena bateratsu gertatzen da, nahas-mahasean, eta, aldarteak hala eskatuta, ez dut liburua ataletan banatu nahi izan oraingoan. Hasi eta buka dena bat da hemen».

Kontzientziak argituta

Xabier Gantzarainek egindako azalean, aldamio sarez bildutako eraikin bat ageri da, atzealdea kolore horizkoa duela. «Sare edo estalkiak, teila puskak edo harri kozkorrak erortzen badira, inor jotzetik libratuko du, baina gehienetan ilusioa baino ez da itxurazko segurtasun hori. Harriak ez ezik, esperantza eta pertsonak ere jausten baitira etengabe gu bizi garen eraikinetatik, eta ez dago gainbehera horri eutsiko dion sare aski sendorik», idazlearen hitzetan.

«Aldiro jakiteko non jaio/ beti behar izan dugu/ beste batzuk izan», bukatu du Otamendik Non jaio poema. «Zenbaten minak zenbaten pozak:/ non amaitzen da bestea eta non hasten norbera», berriz, Beste bat izateko jarraibideak. «Zenbaitetan beste bat izateko premia enpatiarekin lotzen dut; beste askotan, berriz, ideia hori eskapismotik eta norbere baitan kabitu ezinetik gertuago dagoen susmoa daukat», azaldu du. «Baina ez dakit».

Norberaren eta besteen onaren nahiak bultzatuta, ezinezko xede baten atzetik irudikatu ditu orriok: «Sobera nabarmendu beharrik gabe, modu diskretuan maite, eta halatsu bizi, euskarri kolektiboen bermearekin. Bide-orri politiko trauskil baterako hastapena izan zitekeen. Bizimodu apal antzeko eta burujabe baten edertasuna aldeztu kulturan bezala jendartean eta herri gisa, nork beretik emanez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.