Ixabel Etxeberria. Ikertzailea

«Mundua aldatu da, eta zailagoa da memoria atxikitzea»

Taularatu bezain pronto desagertzen da antzerkia, eta, beraz, ez da erraza egindakoa gorde eta hurrengoei transmititzea. Ahanzte horren kontra egin nahi du Etxeberriak.

Ander Perez Argote
2015eko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Arduratuta dago euskal antzerkiaren sektorea, egiten dena dokumentatu eta gordetzen ari ote den. Kezka horren bueltan, mahai ingurua antolatu du EHAZE Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak, Euskal antzerkiaren memoria historikoa izenburupean. Gaur izango da, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean, eta horretan parte hartuko dute Ixabel Etxeberria (Urruña, Lapurdi, 1960) eta Mari Karmen Gil Fombedilla ikertzaileek, bai eta Patri Urkizu idazle eta ikertzaileak ere (19:00).

Ba al du memoriarik euskal antzerkiak?

Bai, memoria badu, batetik, idazle batzuei esker, horri buruz idatzi baitute, guri kontatzeko. XX. mendean, [Antonio Maria] Labaien eta antzeko idazle batzuek kontaketaren beharraren kontzientzia hartu zuten, eta antzerkigintzari buruzko oso liburu garrantzitsuak argitaratu zituzten, bai euskal antzerkia aztertzeko eta bai kanpoko antzerkigintza Euskal Herrira ekartzeko ere.

Edonola, bada kezka, euskal antzerkigintza egunez egun egiten duena gordetzen ari ote den.

Antzerkigintza oso gauza bizia da Euskal Herrian, eta Ipar Euskal Herrian bereziki. Altxor gisa atxiki izan dugu pastorala, baina beste forma asko ere izan dira, karrikara ekarriz problematika eta salaketa askotarikoak. Forma eta irudi ezberdinetan saiatu da euskalduna, herritarra herrietan zeuden arazoak plazaratzen.

Akaso, alderantziz egin beharko genuke galdera: antzerkiak memoria bai, baina euskal herritarrak ba al du bere antzerkiaren memoriarik?

Luzaroan atxikimendu handia izan da euskaldunaren eta antzerkiaren artean. Herritar xumeen arteen ere, beti gogoratu izaten zen antzerkia, lehen kanta zaharrak ikasten ziren moduan. Kontua da gaur informazio iturri askotarikoak badirela, eta etxeko giroko transmisioak garrantzia galdu du. Memoria geroz eta gehiago jaso behar da idatziz, edo aztarna uzteko moduan. Mundua aldatu da, eta zailagoa da memoria atxikitzea.

Gaurko euskaldunak, beraz, ezagutzen al du bere antzerkiaren historia?

Bai eta ez. Gure hizkuntzaren egoerarekin lotura du horrek. Hizkuntza galduz joan den heinean, euskal antzerkigintzak bere eremua eta espazioa txikitzen ikusi du. Hori errealitate latza da gurean. Plaza txikitu zaigu; beraz,herritarrengana heltzea askoz zailagoa izan da azken 30 urteetan. Bereziki Ipar Euskal Herrian, non euskararen egoera eta ezagutza txikituz joan den. Non, eta antzerkia zinez maitatua eta atxikia izan den tokian.

Zaila da antzerkia denboran gordetzea. Une bakarra irauten du, eta taularatu bezain azkar desagertzen da.

Bat-batekotasunaz ez du ordezkorik, momentuan bizi dena momentuan bizi da. Halere, bideoak eta gaur egungo tresnek eskaintzen dute modua, neurri batean behintzat, jaso ahal izateko. Horretan ari dira batzuk dagoeneko, adibidez, Aldudarrak elkartean. Baina egia da bat-batekotasunak gehigarria ematen diola antzerkiari, eta publikoari interes berezia sortzen dio.

Garrantzia du antzerkiak herri baten historian. Iturri historikotzat ere har daiteke.

Bai, dudarik gabe. Antzerkigintzan idazlearen gogoeta dago, baina baita antzerkia emanen duen taldearen eta taularatzea beraren gogoeta ere. Beraz, gogoeta ezberdinak daude hitz bakar batzuen inguruan, eta hori oso aberasgarria da aurrera egiteko.

Transmisioan garrantzia du ikerketak. Zuk egin duzu zure ekarpena, Piarres Lartzabalen inguruko lanarekin. Zein zen helburua?

Helburu nagusia nire mundua, euskal mundua, ulertzea zen. Lartzabalen antzerkigintzak ekarpen handia egina zuen, baina ez zegoen horren inguruko ikerketarik. Geure buruari buruz, euskal munduari buruz ikerketa egitea oso inportantea da, ez ikasgaiak emateko, baizik eta geure burua konprenitzeko.

Identitarioa esan diote Lartzabalen obrari. Antzerkiak ere balio du, beraz, identitateak sendotzeko.

Hori da, bertsogintza bezala, edo Orixek Euskaldunak poema idatzi zuenean bezala, guk ere geure nortasunaren elementu batzuk azaldu behar ditugu. Antzerkia oso garrantzitsua da zentzu horretan, plaza hartzen baitu, eta herritarrarekiko lotura erakutsi.

Ez zen erraza izango ikerketa egitea, dokumentazio faltagatik, hain zuzen ere.

Bai, sasi guztiak irekitzeko beharra dago arlo horretan. Euskal kulturgintzaren inguruko ikerketan jende asko behar da, eta zaila da espazio askotara iristea. Dokumentazio zentro gutxi ditugu. Saiatu behar dugu gauzak ongi gordetzen, bederen aztarna batzuk gorde ahal izateko .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.