Musiketan zikloak mundu osoko hamalau musikari ekarriko ditu Bilbora, urritik ekainera, egitasmoaren 27. aldian. Hemezortzi kontzertu antolatu dituzte, igandeetan. Emanaldiak BBK aretoan izan ohi dira urtero. Aurreikusita daudenak ez ezik, gehiago ere antolatzeko aukera dago oraindik.
Lizanne Knott abeslari eta konpositore estatubatuarra izango da oholtzara igotzen lehena: urriaren 13an emango du kontzertua. Bi aste geroago, hilaren 27an, Gaby Moreno Guatemalako pop abeslaria taularatuko da. Dan Owen blues abeslari britainiarrak hartuko dio lekukoa, azaroaren 10ean. Gaztea izanagatik —26 urte ditu—, eta disko bakarra argitaratu badu ere, Owen Europa osoko agertoki askotan jotzen ari da. Ondoren, Dom La Nenaren txanda helduko da: Brasilen jaio zen, eta Frantzian bizi da; abeslari, musikagile eta biolontxelo jotzailea da, eta Tempo izeneko diskoa argitaratu berri du. Azaroaren 24an emango du kontzertua. Urtea amaitzeko, abenduaren 17an, Ingalaterrako Tim Edeyk bere folk doinuak zabalduko ditu.
Urte berriarekin batera helduko da jaialdiko artista adierazgarriena: Elliot Murphy. Olivier Duranekin emango du kontzertua Bilbon, urtarrilaren 12an, eta, hori ez ezik, beste emanaldi bat ere eskainiko du Euskal Herrian, bi egun lehenago, Leioan (Bizkaia).
Azkena, ekainean
Elena Duni abeslari suitzarrak eta Rob Luft gitarra jotzaile britainiarrak izango dira gero, urtarrilaren 26an. Haien ondoren, Sarah McQuaid abeslari, gitarrista eta konpositorearen txanda helduko da, otsailaren 9an. Martxoaren 8an, Eskoziako Iona Fyfe folk abeslaria taularatuko da. Martxoaren, 29an, Bianca Gismonti Brasilgo abeslari, piano jotzaile eta konpositorearen txanda izango da; Julio Falavigna eta Antonio Portorekin batera eskainiko du emanaldia.
Apirilaren 19an, folk eta blues doinuak uztartzen dituen Australiako Hat Fitz and Cara bikoteak hartuko die lekukoa. Maiatzaren 10ean, Martyn Joseph kantautorea arituko da, eta, maiatzaren 24an, Martin Dickinson eta Catherine Ashcroft irlandarrek folk musika ekarriko dute, gitarraz eta Irlandako gaitaz lagunduta. Folk tradizionaleko kantari onenetakotzat hartua den Kate Rusby britaniarrak emango du azken kontzertua, ekainaren 7an.
Mundu osoko hamalau musikari izango dira 27. Musiketan zikloan
Urriaren 13an hasiko da, eta ekainaren 7ra arte iraungo du. Hainbat estilotako hemezortzi kontzertu antolatu dituzte: gehienak, Bilbon
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu