Mundu osoko folk doinuek bat egingo dute Getxon

Jaialdia hilaren 5etik 8ra izango da, eta Clannad, Budiño eta Yacine & The Oriental Groove ariko dira, besteak beste

Iker Tubia.
2013ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Mendebalde eta ekialde, ipar eta hego, mundu osoko folk musikak bere txokoa izango du Getxon irailaren 5etik 8ra bitartean. Irlandako Clannad banda, Galiziako Xoxe Manuel Budiño gaiteroa eta Mediterraneo inguruko doinuak uztartzen dituen Yacine & The Oriental Groove taldeek eskainiko dituzte kontzertu nagusiak. Baina kanpokoek ez ezik, bertakoek ere izanen dute tokirik. Izan ere, Kepa Junkerak kontzertua eskainiko baitu ostegunean, eta Kukai dantza konpainiak Kukai & Lagunak ikuskizuna aurkeztuko du.

Areetako Geltokia plazan eskainiko dituzte kontzertu nagusiak, 21:00etatik aurrera —igandean, ordubete lehenago—. Ostegunean, Budiñok joko du, Junkerarekin batera, euskal eta galiziar doinuak aurkeztuz. Hurrengo egunean, berriz, musika zeltaren txanda izango da: Clannad taldeak joko du. Yacine & The Oriental Groove taldeak, berriz, mendebaldeko, ekialdeko eta Magrebeko doinuak uztartuko ditu larunbat iluntzean. Dantza egiteko aukera izanen da, 512 eserleku baizik ez baitira jarriko —gainerakoak zutik egongo dira—. Igandean, Euskal Herriko eta munduko kulturak nahastuko ditu jaialdiak: Kukai dantza taldeak euskal dantza tradizionala eta beste dantza estilo batzuk uztartuko ditu oholtza gainean.

Egun osoan

Iluntzeko kontzertuez gainera, musikaz gozatzeko aukera gehiago izanen da. Thalassa hirukotea, Mariachi Imperial Elegancia Mexicana taldea eta Ana Alcaide tekla-biola jolea plazaren ondoko aparkalekuan izango dira arratsaldeetan. Bestalde, Elkartasun Gunea eta Munduko Terraza deitutako txokoak zabalduko dituzte, hainbat gobernuz kanpoko erakundek antolatuta. Bidezko merkataritza, artisauak eta munduko janak izango dira bertan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.