Uztaila helduta, mundu osoko hainbat herrialdetatik etorritako eta bertako dantzariz betetzen dira Portugaleteko (Bizkaia) kaleak. Aurten zortzi taldek alaituko dituzte herriko gauak, gaur hasi eta hilaren 25era bitartean, Portugaleteko Nazioarteko Folklore Jaialdiaren 34. ekitaldian. Jaialdiak 260 parte-hartzaile inguru izango ditu. Egun horietan, hamaika hizkuntza entzun ahal izango dira herriko kaleetan, Elai Alai elkartekoek Martinika, Udmurtia, Kolonbia, Serbia, Togo, Indonesia eta Egiptoko dantzariak gonbidatu baitituzte jaialdira. Urtero legez, gonbidatzaileak, Elai Alaiko dantzariak, kanpotik etorritakoekin batera ariko dira. Euskal folklorea herritarren artean zabaltzen saiatu da elkartea 1962an sortu zenetik. Taldeak zazpi euskal herrialdeetako dantzak egiten ditu.
Portugaleten ez ezik, folklore taldeek Hego Euskal Herriko hainbat herritan egingo dituzte ikuskizunak, Bizkaian eta Gipuzkoan batez ere, baina baita Nafarroa eta Araban ere.
Dantza ikuskizunak 21:30 eta 23:00ak bitartean egingo dira gauero, San Roke enparantzan. Gaurko inaugurazioaren ostean, egunero talde bi arituko dira dantzan,Togo eta Udmurtiako errepubliketako taldeak izango dira taulara igotzen lehenak, bihar. Etzi, Indonesia eta Serbiako taldeak ariko dira; Egipto eta Martinikakoek hartuko dute lekukoa hurrengo egunean, asteazkenarekin; eta, azkenik, Kolonbia eta Euskal Herriko taldeek egingo dituzte beraien erakustaldiak hilaren 21ean, ostegunarekin. Jaialdiari amaiera emateko, uztailaren 25ean egingo dute ikustaldi nagusia eta Munduko Dantzak izenpean, talde guztiak bilduko dituzte Karlos VII.aren kalean.
Aurtengo jaialdiak Dagestan, Txile, Bulgaria eta Euskal Herriko jantzi folklorikoz, besteak beste, jantzitako gizon-emakumeen erretratuez apainduko ditu Portugale eta Abandoko metro geltokiak abuztu erdialdera arte. The Folk Faces erakusketan Asier Bastida argazkilariak aurreko urteko dantzariei egindako formatu handiko 28 erretratu aurkeztu ditu. Horietatik 13 Portugaletenizango dira ikusgai, eta gainerakoak, berriz, Abandon.
Mundu osoko dantzariak Portugaleten
Folklore jaialdiak Togo, Martinika, Udmurtia, Serbia, Kolonbia, Egipto eta Indonesiako taldeak gonbidatu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu