Arkaitz Miner. Musikaria

«Mundu kontserbadore batekin lotzen da folka»

Hamaika talde eta bakarlariren laguntzaile izaten urteak daramatza. Baina behar batek bultzatuta, 'Esan' lehen diskoa osatu du. Horretarako, barruan «puri-purian» sentitzen dituen bi moduak uztartu ditu: herri musikarena eta kantuarena.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
Errenteria
2015eko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Oraintxe helburu bat dauka Arkaitz Minerrek (Errenteria, 1976): jotzen dituen instrumentuekin, biolinarekin, gitarrarekin eta mandolinarekin, Euskal Herriko herri musikan sakontzea. «Tapia eta Leturiarekin jotzen nuenean piztu zitzaidan, modu nabarmenago batean, herri musikarekiko interesa». Nabari da etxean bertan grabatu duen hamar abestiko diskoan: Esan (Autoekoizpena). «Pare bat daude trikititik gertu; porrusalda ukituko bat ere badago, kalejira bat...». Eta horretan igartzen da, gainera, kantugile klasikoen emaritik ere edan duela, haietako askorekin azken 15-20 urteotan egin duen ibilian.

Behar batek, esateko nahiak eraman du diskoa kaleratzera, eta Esan-eko hitzak mintzo dira, adibidez, «nortasunaz, aberriaz, egoera politikoaz, homofobiaz...». Oraingoz ez du zuzenean defendatzeko asmorik, lanpetuta dabilelako, denboraz estu [hamaika musikariri laguntzen die]. Biolin irakaslea da Oiartzungo Herri-Musika Eskolan.

Badira jada hamabost urte pasa musikari laguntzaile hasi zinela, bai estudioan eta bai zuzenekoetan. Pettirekin aritu zara, Mikel Markezekin, Rafa Ruedarekin eta Pantxoa eta Peiorekin, eta Ruper Ordorikarekin zabiltza. Noiz erabaki zenuen bakarkako disko bat osatzea?

Besteentzako lanean ibili izan naiz beti, eta uste dut, gainera, horretarako balio dudala gehien. Halere, beti daukazu galdera hori buruan, eta ingurukoek ere komentatzen dizute, gainera.

Beraz, alde batetik, herri musikan sartzean-eta, errepertorio hori lantzean, soinu bat aurkitu nahi izan dut, fandangoak, dantza musika eta beste jotzeko modu bat. Beste aldetik, aspalditik nabil kantutik oso gertu: Joseba Tapiarekin, Ruper Ordorikarekin, Mikel Markezekin... Asko ikasi dut haien ondoan, eta oso mundu interesgarria deskubritu. Esanguratsuak zaizkidan hitzak irakurtzean, zera pentsatu izan dut: «Honi musika jarri behar diot». Batekin hasi, gero beste batekin, eta pixkanaka kantu batzuk bildu ditut. Orduan, bi alde horiek batuta, halako batean pentsatu dut: «Hau egin behar dut».

Kantatu ere, estreinakoz kantatu duzu. Musikari batzuek errespetu handia diote abesteari... Pausoa emateak errespetu handia eragin al dizu?

Bai, bai, handia. Musikari batzuek errespetua sentitzen dute, baina beste batzuek, ordea, ez dute hori askorik baloratzen, eta... Gero, gertatzen da gertatzen dena [barreak]. Ahotsa beste instrumentu bat da, eta kantatzean gauza asko gertatzen dira. Ez da bakarrik kantatzea... Zerbait esaten duzu... Musika oso emozionala da, eta hori, agian, onargarria da, baina esatearena, eta batez ere Euskal Herriko testuinguru batean kantatzearena, oso gauza bitxia da; ez da Burgosen [Espainia] kantatzea bezala.

Zer esan nahi duzu?

Ez dakit nola azaldu... Euskal Herrian, kantatzeko modu bati lotuta egon da kantagintza, ideologia batzuei... Eta zer esan dezakezun eta zer ez, han baino serioagoa da. Ez dago, igual, beste leku batzuetan egon daitekeen banalitatea.

Diskoan instrumentalak ez diren abestietako hitzak Iñigo Aranbarriren, Koldo Izagirreren, Gotzon Barandiaranen, Allen Ginsbergen eta Nazim Hikmeten lanetatik hartuak dira. Ez zara idaztera ausartu. Zergatik?

Ez daukadalako segurtasunik horretarako. Ez dut idazteko ohiturarik. Aipatutako idazle euskaldunak, gainera, niregandik, modu batean edo bestean, gertu eduki izan ditut.

Doinu abestuek kantugile klasikoak ekar ditzakete gogora, eta instrumentalek, berriz, herri musikaren tradiziotik edaten dute nabarmen. Erdi eta erdi egitea erabaki kontziente bat izan al da?

Bai, esango nuke badela kontzientea, baduela nirekin zerikusia. Hain justu, bi bide horiek daudelako nigan puri-purian: herri musikarena eta kantuarena.

Ikusten al duzu zeure burua, molde klasikoan, gitarrarekin huts-hutsean disko bat osatzen? Biolinarekin egin zenuen orain hiru urte, Juan Arriolarekin batera, Hariari tiraka lana.

Auskalo, baina oraingoz ez. Gehiago ikusten dut neure burua musikari gisa, kantautore gisa baino. Hemengo herri musikatik gertuago sentitzen naiz orain; estilo horretatik edan ondoren egin nahi ditut gauzak. Modan dago esatea, «bai, hegoaldeko estiloa daukat musika egiteko orduan». Sureñoa. AEBen hegoaldeaz hitz egiten ari dira! [umorez]. Aspaldi bluesa jotzen nuen gitarrarekin, eta adiskide batek esan zidan blues disko bat egin beharko nuela. Horrek ikaragarri txokatu ninduen; ni ez naiz Mississipikoa! [barrez]. Halere, bakoitzak egin behar du nahi duena, noski, eta hemen ere badaude molde horretako gauza politak; Audience, adibidez.

Baina ni erromeria gidatuetatik-eta oso gertu nabil, Aiko taldearekin, Txertubirekin... Mundu oso-oso polita iruditzen zait. Folklorean gauza asko daude lantzeko, baina errazago esaten dugu, «joder, Italiako tarantella zein ikaragarria den», eta italiarrek esango dute: «Joder, euskaldunak zeinen ondo...». Oso-oso bitxia da... AEBetan, esaterako, harrituta geratzen dira trikitiarekin.

Aintzina taldearekin landu zenuen euskal musika tradizionalaren esparrua. Hemengo doinutegi tradizionala interesatzen zaizu, eta bide politak irekitzen ari direla iruditzen zaizu. Nora daramate horiek?

Ez dakit... Ikus dezakegu dantza gidatuen munduan badagoela mugimendua, herrietako kaleetan zehar egiten diren kantu saioetan dagoen moduan. Jende gazterik ez dago hor, ordea...

Agian folklore ukitu hori kendu beharko litzaioke, gazteak erakartzeko? Izan ere, jendearen begietara oraindik ere zera da...

Kontserbadorea?

Bai.

Bai, segur aski badago uste hori. Tapiarekin herri musikaren mundua ezagutzeko zortea izan dut, eta bera saiatu da aipatu dugun ukitu hori kentzen herri musikari. Erakutsi du herri musikarekin gaur egungo gaiak, gai modernoak ere ere landu daitezkeela. Gainera, ez soilik estilistikoki, baita intelektualki ere. Dena den, uste dut jendeak oraindik ere folka mundu kontserbadore batekin lotzen duela.

Baina AEBetako folka, adibidez, gauza oso gaur egungotzat hartzen da hemen.

Hori da. Oso bitxia da... Banjoa eta ukelelea jotzea, esaterako, gauza modernotzat hartzen da gaur egun. Aldiz, jota bat dantzatzea Bizkaiko ez dakit zein bailaratako estilo berezian, hori ez, ezta? Friki ere ez zaio deitzen hori egiten duenari! Nire belaunaldiaren parte batek bizkarra ematen dio hemengo folkloreari. Jota ere folklorea da, bluesa folklorea den bezala, beste modu batean saldu zaigun arren. AEBetako herri musika da bluesa, eta niri asko gustatzen zait!

Prestakuntza klasikoa daukazu biolinean. Mursegok, Maite Larburuk eta Jon Elizaldek ere, esate baterako, prestakuntza klasikoa dute, eta orain urte batzuk gertatzen ez zen bezala, jakintza hori beste eremu batzuetara eraman dute. Lehen ez zen ohikoa hori gertatzea...

Hala da. Ez dakit, baina herri musikan badago zer ikertua, zer sakondua; dena dago egiteko. Kontua da kontserbatorioan, edozein eskolatan, ideologia ere transmititzen dela. Irakasten dizute nola jo, eta nola bizi behar duzun instrumentu hori. Iruditzen zait klasikoan beste musikak mespretxatzeko joera egon dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.