Lucia Lakarra. Dantzaria

«Mundu honek asko eman dit, baina nik ere dena eman diot»

Lacarrak dio maila batera heltzekotan hor gelditzeko moduko «pisua» hartuta heldu behar dela; bidea dela gauza, ez inorako presa. Hiru hamarkadatik gora daramatza dantzan, sari entzutetsuenak bizkarrean, eta Golden Producciones-ekin landu dituen lehen bi piezak emango ditu asteon Gasteizen eta Donostian.

JON URBE / FOKU.
itziar ugarte irizar
Zumaia
2022ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Oinez ikusi besterik ez dago, dantzan irudikatzeko. Dioenez, dantzari izango zela erabaki zuen artean hitz egiteko gai ez zela. Eta puntakoetan puntakoenen artera heldu da azkenean. 32 urte daramatza egunero dantzan Lucia Lakarrak (Zumaia, Gipuzkoa, 1975), eta antzoki dirdiratsuenak zapaldu ditu. 13 urterekin atera zen etxetik: lehenengo Donostiara, gero Madrilera, eta gero eta urrunago apurka. 2019tik Zumaian erroldatuta dago ostera, bi bizimodu paraleloren erdian. «Zumaian, alabaren bueltan, hemengo betiko bizitzan; eta gero laneko zoramenean: bidaiak, antzokiak, jantziak, argazkiak...». Gustuko du konbinazioa: «Pentsatzen dut buruarentzat ona dela; biek ematen didate arnasa».

Azkar heldu behar izan zenuen hain gazte aterata?

Bai. Derrigor. Azkar ikasi behar izan nuen neure burua zaintzen, aurrera egiten, baina zorte handia izan zela uste dut. 13-14 urterekin ume bat zara, baina gai ere bazara horretarako. Nik gauzak oso garbi neuzkan, eta lanerako gogo eta diziplina handia. Ikasi nuen erabakiak hartzen, eta horrek indarra ematen dizu pertsona gisa.

Denaren abiapuntuan bitxiontzi bateko dantzari bat omen dago.

Bai... Hori uste dugu izan dela nik dantzarekin izan dudan lehen kontaktua. Nola ezagutzen duzu dantza ez baldin baduzu inoiz ikusi? Zumaian ez zegoen ezer, telebistan ere ez... Amak esaten du orduak egon nintekeela bitxiontzi horri begira. Txiki-txikia nintzen, eta ez nuen esaten dantzari izatea nahiko nukeela, baizik izango nintzela. Segitu nuen tira eta tira, talentua neukala ere esaten zuten... baina munduko talentu guztia izanda ere, horrekin bakarrik ezin duzu ezer egin.

Madrildik Marseillara, San Frantziskora, Munichera… Zer topatu duzu bidean?

Leku batetik bestera joateko arrazoiak beti izan dira artistikoak niretzat. Nire mundua dantza izango bazen, mundu hori ahalik eta gehien ukitu nahi izan dut. Eta ez bakarrik estiloak, koreografiak... neure burua ere ezagutu nahi nuen. Jendeak esaten dizu zer egin beharko zenukeen, baina norberak probatu behar du, ea jantzi hori norberarentzat egina dagoen ala ez. Horrek betetzen dizu maleta, bidean irabazten duzunak: pixkanaka aldatzen eta hazten joatea.

Nola funtzionatzen du zirkuituak?

Mailaren araberakoa da. Normalean, konpainietan sartzeko, audizioak egin behar dira, baina nik ez dut inoiz audiziorik egin. Madrilen, eskolatik konpainiara sartu ninduten zuzenean, 15 urterekin, eta beti izan da pixka bat horrela.

Lehia handia dago?

Bai. Jende asko dago, baina konpainiak ez dira hainbeste.

Noiz ikusi zenuen lehenengoz dantza?

Arriagan izan zen, 1988an. Victor Ullate konpainiaren lehen emanaldia. Astea Donostian egiten nuen orduan, eta handik joan nintzen. Izugarrizko antzoki ederra da Arriaga, eta han eseri, eta neukan antizipazio hori... oraindik pentsatzen dudanean, begira [oilo ipurdia erakutsi du]. Dantza ikusi behar nuen bizirik! Lorik ere ezin nuen egin ondoren, hitz egin eta hitz egin egon nintzen amarekin. Urtebete geroago Madrilen nengoen. Hor ireki zitzaidan atea.

Munduko Dantzari Onenaren Nijinksi saria (2002), Vienako Urteberri Eguneko kontzertua (2007), hamarkadako dantzaririk onenaren saria (2010)... Zein une edo mugarri duzu kuttun?

Asko... Txikitan itsatsita gelditzen nintzen Vienako kontzertuari begira, eta deia jasotzea izugarria izan zen. Gero zoramena izan zen, hori bai. Abenduaren 26tik aurrera, egunero entseatu genuen arratsaldeko zazpietan hasi, orduan ixten baitzuten jauregia publikoarentzat, eta goizeko ordu biak arte, nekatuta, hankeko minez... Egin eta egin eta egin. Zuzenean egin genuen; areto asko zeuden, eta batean dantza, bestean saltoak... Aurreko gauean, hamabiak jo, «urte berri on» esan, eta lotara joan ginen. Zazpietan entseatzen geunden ja, eta ordu batean zuzenean dantzan. Une hori adrenalina hutsa da.. Hainbeste entseatu duzu behin egiteko, eta mundu guztian erakusten dute. Ederra izan zen. Ama bertan egon zen, gainera, zuzenean ikusten kameren ondoan.

Ikasten da erritmo horri eusten?

Bai. Mundu honen onena agertokian egotea da niretzat; horretarako egiten duzu lan hori dena. Baina, atzera begira, momentu maitagarrienak beti etxekoei lotuta daude. Antzoki onenetan dantzatu dut, hori egia da: Errusiako Bolxoin, Kiroven, Mariinskyn; Londresko Convent Gardenen, New Yorkeko Lincoln Centerren... Baina ohitzen zarenean ezezaguna den publiko batentzat dantza egiten, etxekoak aurrean izatea da bereziena.

2019an Victor Ullate konpainiako zuzendaritza utzi zenuen. Zer gertatu zen?

Ikusten nuen gauzak egiten zirela ni 15 urterekin han egon nintzenean bezala, eta aldatu nahi nituen. Baina berehala ohartu nintzen ez zidatela uzten. Oso zaila da zuzendaritza hartzea eta jabea bertan gelditzea, are jabea koreografoa ere izanda. Zure izena nahi dute, baina eskubiderik ez duzu ezer aldatzeko. Aldatu nahi nituen tratua, lan egiteko modua...

Exijentzia?

Exigentzia positiboa ere izan daiteke, eta norbaitek ondo egiten duenean, esan; bere buruarekin ondo sentitzen lagundu. Azpiko gauzak ere ikaragarriak ziren.

Konta daitezke?

Ez. Baina argi nuen ez nuela parte hartuko. Gaixotu egiten ninduen.

Maiz irudikatzen den bezain gogorra da dantza mundua, beraz?

Mundu zaila da, bai. Dantzariak dantza egin nahi du, eta, askotan, aukerak galtzeko beldurragatik, ez da eskatzen eskubideak errespetatzeko. Nik lanari dena eman diot, gorputza, bihotza... baina ez diot inori zapaltzen utzi. Burugogorra ere banaiz, eta inoiz ez dut arazorik izan nire eskubideak eskatzeko.

Agente barik egin duzu bidea, goi mailan aritu arren. Hori ere babesteko modu bat izan da?

Bai. Agenteek askotan diruaz aritu nahi dute, eta nik pentsatu nahi izan dut non zeuden nire interesak artistikoki. Hasieran ez zen erraza izan, bain,a orain, produkzio konpainiarekin, kapaz naiz kontratuak egiteko, bidaiak antolatzeko... Eta hori da 20 urterekin hasi nintzelako galak bakarrik egiten, jendearekin hitz egiten, jakin gabe nola, baina pixkanaka.

Feminitateari estu lotzen den artea da balleta. Dantzatutako roletan, konpainietan... izan duzu genero bizipen aipagarririk?

Beste emakume askorekin konparatuta, zorte handia izan dut. Dantza munduan hasieran emakumeak zeuden, gero etorri ziren gizonak eta hartu zuten emakumeek besteko garrantzia. Baina nik egiten dudana mutil batek ezin du egin, eta alderantziz. Gorputzengatik eta elkarren beharra dugulako. Dena den, orokorrean, pentsatzen dut dantzaren mundua askoz irekiagoa izan dela beti genero kontuetan. Dantzaren mundua artistikoa da, eta hor denok gara ezberdinak, eta balioa du horrek. Denok gara arraroak... [barrez]. Hori ederra da.

Eta euskaltasuna nola bizi izan duzu munduan barrena ibiltzean?

Balleta ez dago gure sustraietan, baina, aldi berean, balleteko pauso asko euskal dantzetatik datoz: pas de basque, saute de basque... Aurreskua ikusten dudanean ere, izenak ipini diezaieket urratsei: rond de jambe, grand battement... [eskuekin marraztu ditu zabal]. Ez dakit loturarik duen, baina kanpoan Euskal Herriko dantzari asko topatu ditut, leku guztietan.

Zuk topatu zenuen giroaren eta egun hasten ari direnek topatzen dutenaren artean zer alde ikusten duzu?

Gauza asko aldatu dira, ez beti hobera. Gaur Internet dute dantza ikusteko. Gul antzoki batera joan behar genuen, eseri eta ikusi. Bere alde ona ere badu; Instagramen ikus ditzakezu teknikoki ikaragarriak diren gauzak, baina hori ez da dantza. Atletak bihurtzen ari dira, eta artea galtzen ari da, arima. Arteak emozioak behar ditu, eta gaur egun lantzen da teknika, teknika... Batek egin baditu hamar pirueta, besteak hamabi. Emozioak partekatu, istorioak kontatu, jendea beste mundu batera eraman... hori da dantza. Ez bakarrik zure gorputzarekin zerbait egitea.

Gauzak luzera begira lantzeko pazientzia eta determinazio hori ere ahultzen ari ote dira?

Bai. Gaur egun azkar iritsi nahi da izena hartzera. Baina hau erresistenziako lana da. Benetan mundu hau ezagutu eta bizi nahi baldin baduzu, bidea egitea da gauza. Maila batera iritsi behar da hor gelditzeko moduan, pisua irabazita. Iristea ez horrela [piko bat marraztu du], baizik horrela [lerro diagonal bat egin du]. Orduan bizitzen duzu mundu hau. Niri asko eman dit, baina nik ere dena eman diot: nire bizitza. Bueltan ere eman nahi dut orain, ez bakarrik dantzan, baizik saiatzen Euskal Herrian modu batean edo bestean dantza beste toki batean ipintzen. Garrantzitsua da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.