Mundu eta molde baten amaiera

Aurelio Artetaren 'Gerraren triptikoa' izango da Bilboko Arte Eder museoaren obra gonbidatua

Aurelio Artetaren Gerraren triptikoa margolana (1937) atzo aurkeztu zuten Bilbon. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2013ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Aurelio Artetaren (Bilbo, 1879-Mexiko Hiria, 1949) Gerraren triptikoa (1937) obrak badu atzealde bat, Javier Biar Arte Eder museoaren zuzendariaren arabera. Ez da soilik gerraren aurkako ederlan bat. Ez du bakarrik zibilizazio baten amaiera kontatzen. «Pinturaren inguruko hausnarketa bat ere bada margolana. Tradizio baten akaberaz abisu ematen du, euskal pintoreek goretsi izandako mundu baten eta modu baten amaiera baita», Biarren esanetan. Abangoardien ostean, ordena aldarrikatu zuten novecentismoko artista erromantizisten azken urratsa da. Eta apirilaren 7a arte izango da Bilboko pinakotekan, obra gonbidatuaren atalean.

Frontea, Exodoa eta Atzeragoardia izenburuko lanek osatzen dute triptikoa. Lehenengo eta hirugarren oihalek estilo berdintsua dute. Pintura astunagoa da, ilunagoa, zikinagoa, urduriagoa. Erdiko oihaleko irudiak, aldiz, argiagoak eta lasaiagoak dira. Biarrek kontatu duenez, izan da kritikaririk lan horien batasun eta koherentzia faltaz hitz egin duenik. Alabaina, Arte Eder museoko zuzendariak ez du inondik inora halakorik ikusten Artetaren obran. Hiru eszenek «mundu bakar bat eta haren galdera» irudikatzen dutela uste du.

Lehen lanean, Frontea-n, gudari gazte bat ageri da, fusila eskuan, eta zeruan dauden gerra hegazkinei ezintasunez begira. Aldamenean gudari biren gorpuak daude. Hirugarren lanean, Atzeragoardia-n, emakume gazte bat dago, hilik, besoetan haurra duela. Bonbek zartatutako horma zatiak eta hildako abereak erakusten ditu lanak, halaber. Exodoa-n, giroa lasaiagoa da, baina ez du sosegurik transmititzen. Itsasoratzen ari den mutiko taldea eta joan orduko haien hutsa sentitzen duten senideak azaltzen dira.

Historialari batzuek diotenez, Julian Tellaetxek izapideak hasi zituen Parisko Nazioarteko Erakusketako Espainiako pabiloianArtetaren Gerraren triptikoa jartzeko, Picassoren Gernika-ren ordez. Biarren esanetan, «gertaera horrek Artetaren margolanaren garrantziaz kontu ematen du». Haren iritziz, «ziurrenik Artetak berak eskatu zion Tellaetxeri halakorik ez egiteko, Picassori errespetu handia ziolako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.