Mundu baten kaleidoskopioa

Xabier Lete eta Lourdes Iriondoren munduari bere begirada erantsi dio Bernardo Atxagak 'Lu eta Le' antzezlanean. Ados Teatroak taularatuko du lana, abenduaren 4an, Donostian

Bernardo Atxaga, Xabier Paya, Jose Antonio Vitoria eta Juan Carlos Perez, atzo, antzezlanaren aurkezpenean, Donostian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2016ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Xabier Leteren Gabon, Txirrita antzezlanaren «irakurketa garaikide bat» egin, eta obra berri bat idazteko enkargua egin zion Donostia 2016 Kultur Hiriburutzak Bernardo Atxagari. Abiapuntu hori hartuta ekin zion lanari idazleak, baina azkenerako, bestelako bide bat hartu zuen sorkuntzak. Xabier Leteren eta Lourdes Iriondoren mundua erakusten baitu Lu eta Le antzezlanak, baina baita Atxagaren beraren begirada ere. «Nahi nuen teatroa egiten ahalegindu naiz», azaldu zuen idazleak atzo, obraren aurkezpenean. Juan Carlos Perezek jarri dio musika antzezlanari, eta Garbi Losadaren zuzendaritzapean, Ados Teatroa konpainiak taularatuko du lana, abenduaren 4an, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian.

Leteren obrarekin hasi zen, beraz, lanean Atxaga, haren egokitzapen bat lantzen. Garai batean idatzi zuen antzezlan baten gisako zerbait egitea izan zuen hasieran buruan; Argentinako Euskal Etxean Ebatxo Peron pastoralaren entsegu bat zen obra hura, eta obra berria Gabon, Txirrita-ren entsegu bat izan zitekeela pentsatu zuen, Lete eta Iriondo bertan irudikatuta. «Baina idaztea ez da aldez aurretik dena lotuta duen eginkizun bat; idazten ari zaren bezala eraldaketa bat suertatzen hasten da». Bere koadernoetan «apunte poetiko batzuk» idazten hasi zen orduan. «Eta azkenean, hasierako ideia hura, Gabon, Txirrita, ahaztuta geratu zen, eta, batez ere, Xabier Lete eta Lourdes Iriondo hartu nituen gogoan». Puntu horretan, idazleak haien bizipenei bereak propioak erantsi zizkien. Hala, kontakizun poetiko bat sortu du nolabait, bi sortzaileen unibertsoa bere begiradatik agertzeko. Atxagak ez zuen obrari buruz askoz gehiago aurreratu nahi izan. «Nahi nuke antzokira doan jendeak ez dezan aurreiritzi askorik eraman».

Lanari musika jartzeko, Juan Carlos Perezengana jo zuen, hainbatetan egin dutelako lan elkarrekin. Musikariaren hitzetan, Atxagak «argi zuen zein musika klase nahi zuen, eta hori idaztea» izan da bere egitekoa. Antzezlaneko «mundu horren atzealdea» izan behar zuen musikak, haren ustez, eta, horregatik, perkusioa hartu zuen oinarri nagusitzat; orkestraren perkusio osoa joko duen lagun bakar bat ariko da zuzenean. Beste oinarria, berriz, soprano baten ahotsa da; kantatu ez ezik, antzeztu ere egingo du Klara Mendizabalek. Harekin batera, Ramon Agirre eta Joseba Apaolaza aktoreak igoko dira oholtzara.

Garbi Losadaren gidaritzapean aritu dira denak, lana taularatzeko Ados Teatroarengana jo baitzuen idazleak, japoniar antzerkiaren kutsuko estetika baten bila zebilela. Ados Teatroko Jose Antonio Vitoriaren hitzetan, «arriskua» ikusi zuten Atxagaren testuan, eta horrek erakarri zituen proiektuan murgiltzera. «Lete eta Iriondoren munduaren irakurketa ezohikoa egin du; mundu horren nolabaiteko kaleidoskopioa da, Bernardoren begiradaren galbahetik pasatuta».

Aurre estreinaldiak

Txirrita bertsolaria hil zela 80 urte bete dira aurten, eta efemeridearen harira, Letek idatzi eta 1982an estreinatutako Gabon, Txirrita antzezlana berriro taularatu zuten hainbat herritarrek joan den irailean, Donostian eta Urnietan (Gipuzkoa), Urnietako Udalaren eta D2016ren ekimenez. Proiektu beraren barruan egin zioten obra berri bat idazteko enkargua Atxagari, «kultur berrikuntza sustatzea ere badelako kultur hiriburu baten egitekoa », D2016ko kultur programazioaren arduradun Xabier Payaren hitzetan.

Obraren estreinaldia ikusteko abenduaren 4ra itxaron beharko den arren, lehenago ere publikoari irekitako beste hiru saio egingo dituztela jakinarazi zuen Vitoriak, taldeko kideentzat «entsegu orokor baten modukoak» izango direnak. Bihar iluntzean izango da lehena, Urnietako Sarobe Arte Eszenikoen gunean, eta azaroaren 23an beste bi saio egingo dituzte, goizez bata eta arratsaldez bestea, Iruñean, Nafarroako Antzerki Eskolan. Donostiako estreinaldiaren osterako, saio bat dute lotuta, oraingoz: urtarrilaren 20an, Iruñeko Gaiarre antzokian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.