Literatura

Toti Martinez de Lezeak Mundakan girotu du 'L'Arratien taberna' eleberria

Gaur egungo «jende normalaren» errealitatea du eszenatokia 'L'Arratien taberna' eleberriak. Orainaldian idatzi du egileak, eta puri-purian diren gai ugariri heldu die, tabernara bildutako pertsonaien bidez.

Toti Martinez de Lezea, 'L'Arratien taberna' eleberriaren aleak eskuetan dituela. ANDONI CANELLADA / FOKU
Toti Martinez de Lezea, 'L'Arratien taberna' eleberriaren aleak eskuetan dituela. ANDONI CANELLADA / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
Donostia
2024ko azaroaren 22a
16:33
Entzun

Sukaldariak, marinelak, marinel baten alaba, dibortziatu berri den emakumea, espekulazioan bete-betean sartuta dagoen enpresaria, kotizazio urteak falta dituelako jubilatzera iritsi ezinik dabilen tabernaria edota azken horren senar arratiarra, Iparraldean lanean aritu zelako L'Arratien ezizena hartutakoa. Horiek eta beste hainbat dira eleberrira batutako pertsonaiak, Mundakako itsasertzean (Bizkaia) dagoen taberna zahar baten aitzakian. Egilearen esanetan, «normalak» omen dira denak; hots, bizimodu «normal» baten jabeak eta «aparteko gertaerarik» biziko ez dutenak. Halaber, «eleberrietan nagusi diren pertsonaia eder, gazte eta perfektuen antitesi» ere badira. 70 urte ingurukoak dira askotxo.

Haien arteko berriketez ere beste horrenbeste esan du Martinez de Lezeak: «Oso errealak dira, oso aktualak, beren egunerokoari oso lotutako gaiak dira batzuk, eta beste batzuk, berriz, albistegietan entzuten dituzten kontuen gainekoak»; hala nola uda sasoiko turisten inbasioa, migrazioa, etxebizitzaren arazoa, bizitokia herritik kanpo bilatu beharra, Urdaibaiko Guggenheim, jazarpena, festa eta Hegaztien Museoa, besteak beste. «Bizitza den bezalakoa» erretratatzen saiatu dela dio idazleak.

«Idatziak generoaren arabera sailkatzea XX. mendearen bigarren erdialdean sortutako moda da; hau zer den, ideiarik ere ez; izatekotan, errealismo errealista litzateke»

TOTI MARTINEZ DE LEZEAIdazlea

Eszenak atalen ordez

Martinez de Lezeak darabilen prosa «arina eta zorrotza» dela esan du Erein argitaletxeko kide Jose Agustin Iturrik: «Are berritzailea ere». Prosaz harago, egitura du bestelakoa liburuak, eleberrietan ohikoak diren atalen ordez eszenak aurkituko baititu irakurleak eleberrian barrena. Hain zuzen, telebistarako gidoi bat izan zen jatorriz L'Arratien taberna. Hori azalduta, liburuari egotz dakiokeen generoaz mintzatu da egilea: «Idatziak generoaren arabera sailkatzea XX. mendearen bigarren erdialdean sortutako moda da; hau zer den, ideiarik ere ez; izatekotan, errealismo errealista litzateke». Harentzat, literatura, besterik gabe, idaztea da, «zer den zehaztu behar izan gabe».

Eleberri historikoen egile gisa definitu izan dutela eta, bere idazlanen zerrenda «askotarikoa» aldarrikatu du, baita eremu berrietara lotzeko duen grina ere: «Bizirik gaudela frogatu behar dugu, eta bizitzaren alderdi guztietan gainera; eta nik erronka hori, frogatu behar hori, neure buruarekin dut batez ere».

Etiketak etiketa, historia beti izan du oso gustuko idazleak, baita mitologia ere, eta ildo horretatik jo zuen bere lehen liburuetan, 50 urte bete eta gero idazteari ekin zionean. Oraingoan ere keinu bat egin nahi izan die alor horiei, kontrabandistak, Ogoño edota sorginak ere liburuan barneratuta.

Iturrik adierazi du ahalegin berezia egin duela argitaletxeak, liburua euskaraz eta gaztelaniaz aldi berean plazaratu dadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.