Multibertsotik Oscarretara

'Everything Everywhere All at Once' filmak 11 izendapen eskuratu ditu; zientzia fikzioa, abentura eta komedia uztartzen ditu. 'Im Westen nichts Neues' Alemaniako filma bederatzi ataletan da hautagai

mikel lizarralde
2023ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Dan Kwan eta Daniel Scheinertek zuzendutako Everything Everywhere All at Oncefilma lehen lerroan jarri da Oscar sarietako lasterketan,11 izendapen eskuratuta; horien artean, film eta zuzendaririk onenarenak. Zientzia fikzioa, abentura eta komedia uztartzen ditu pelikulak, eta multibertsoaren mundu infinituetan girotuta dago. Filma ondo kokatuta zegoen aurretik ere, eta ez da ezusteko handia izan jaso duen izendapen mordoa. Bestelakoa da, ordea, Im Westen nichts NeuesAlemaniako filmaren kasua (Edward Berger). Erich Maria Remarqueren gerraren aurkako nobela klasikoaren egokitzapenak bederatzi izendapen jaso ditu, eta, nazioarteko filmik onenaren saria ez ezik, pelikularik onenarena ere jasotzeko hautagaia izango da.

Izendapen gehien lortu duten hiru filmen artean dago The Banshees of Inisherin ere, Martin McDonaghek idatzi eta zuzendu duen komedia dramatikoa. Bederatzi eskuratu ditu.

Hiru horiez gain, hauek dira film onenaren saria eskuratu dezaketen lanak: Avatar: The Way of Water (James Cameron), Elvis (Baz Luhrmann), The Fabelmans (Steven Spielberg), TÁR (Todd Field), Top Gun: Maverick (Joseph Kosinski), Triangle of Sadness (Ruben Ostlund) eta Women Talking (Sarah Polley).

Zuzendaririk onenaren sarirako izendatu dituzten bost zinemagileak filmik onenaren kategoriako hautagaiak ere badira: Martin McDonagh, Dan Kwan eta Daniel Scheinert, Steven Spielberg, Todd Field eta Ruben Ostlund. Horien artean, Spielbergen izena nabarmentzen da berriro ere, zuzendaririk onenaren saria jasotzeko hautagai izendatzen duten bederatzigarren aldia baita aurtengoa —iaz West Side Story-rekin egon zen izendatuta—. Bitan jaso du garaikur preziatua: 1994an, Schindler's List-ekin, eta 1999an, Saving Private Ryan-ekin. The Fabelmans-ek zuzendari onenaren Urrezko Globoa eman zion dramaren kategorian.

Azken urteetako joera bat sakondu du aurten Hollywoodeko akademiak, eta nazioarteko filmik onena jasotzeko hautagaia den film bat (Im Westen nichts Neues) kategoria nagusietan ere lehiatuko da. Orain dela hiru urte, mugarri bat jarri zuen Bong Jong-hoo korearraren Parasite-k, lehendabizi izendapena lortuta eta ondoren filmik onenaren saria eskuratuta. Iaz, berriz, Ryusuke Hamaguchi japoniarraren Drive My Car ere kategoria nagusien lehian sartu zen, nahiz eta azkenenean nazioarteko filmik onenaren saria besterik ez zuen irabazi.

Im Westen nichts Neues-ez gain, hauek dira nazioarteko filmik onenaren izendapena jaso dutenak: Close (Lukas Dhont, Belgika), Argentina, 1985 (Santiago Mitre, Argentina), EO (Jerzy Skolimowski, Polonia) eta The Quiet Girl (Colm Bairead, Irlanda).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.