«Mugitzen dena bizirik al da?». Galdera horri edonork erantzun diezaioke nahi duena. Iritzi horixe du Edu Muruamendiaraz dantzariak (Bergara, Gipuzkoa, 1964) berak zuzendutako dantza ikuskizun berriari buruz. Migratzaileak da obra berri hori, eta gaur estreinatuko dute, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, 19:30ean, eta bihar beste emanaldi bat izango da, ordu berean. Hurrengo emanaldia, berriz, hilaren 25ean, Bilboko Arriaga antzokian izanen da, 19:30ean hori ere. Migrazioaren hainbat aurpegiri emanen dizkio dantza urratsak eta musika emanaldi eponimoak.
Aurten, konpainiak hogeitabortz urte ospatuko dituenez, lankide guztiek xede zuten zerbait «berezia» egitea. Mende laurdena dela eta, ez dute edozein gai hautatu: migrazioa. Iraganekoa, gaur egungoa, etorriko dena. Zuzendariak azaldu du ideia sortu zela duela urte bat, anekdota bat erranez: «Behin, Oier Guillan antzerkigilearekin kafe bat hartu bitartean, tabernara sartu zen migratzaile bat. Hurbildu zitzaigun eta berarekin mintzatu ginen, euskaraz. Kontatu zigun bere istorioa. Euskal Herrira heltzen bortz aldiz saiatu zen, eta bortzetan pateraz». Kontakizunariitzal egin gabe, Guillanek galdegin zuen gero, harrituta: «Gu nola kokatuko gara honetan?».
Ahoz kontatutako gorabeherek hunkitu dituzte bi lankideak, eta bertatik bertara lanean hasi ziren duela urtebete. Geroztik, piezaren «zati txiki bat» aurkeztu zuten Viktoria Eugenia antzokian, Dantzaren Nazioarteko Egunean, maiatzean.
Argi zen ibilbide hori eraiki nahi zutela, bizipen batean oinarritua. Ikuslearen begien aurrean gertatzen dena kontatzeaz gain, barrukoa mugitzeko ikuskizuna irudikatu nahi izan dute; mugimendua baita gakoa, funtsean. «Dantzari gisa, interesgarria iruditu zaigu gorpuztea benetako istorio bat», erran du Muruamendiarazek. Ikuskariak haragitzen du, beraz, gizaki batek baino gehiagok bizi izandakoa, zenbait galdera eginez, dantzaren bitartez.
Piezaren zintzotasuna azpimarratu du zuzendari eta koreografoak, interpretazioak interesgarriak eta anitz izaten ahal direla: «Egunero entzuten ditugun estereotipoetatik atera nahi genuen». Oholtzan, migratzaile hitza bere osotasunean jorratzen dute. Izan ere, migrazioa mugimendutzat jotzen dute, eta mugimendu hori eszenatokiaren espazioan deklinatzen da. Leku irudikapenaren aldetik, hainbat elementuk osatzen dute gunea: «Hormak agertzen dira, txoriak ere bai. Ideia da agertokia mugimenduaz betetzea».
Mugimendua desplazatzen da, metafora baten moduan errateko barruko emozioak ere mugitzen direla, zuzenean.
«Ikuspegi poetikoa»
Migrazioari buruz mintzatu bitartean, ohartarazpen bat egin du zuzendariak. «Kasualitatez, edo ez, egungo egoerak blaitzen gaitu testuinguru sozioekonomiko jakin batean, baina ez genuen ildo hori jorratzerik nahi».
Ordubeteko emankizunean, zentzu zabalagoa ematen zaio migratzaile kontzeptuari, beraz. Migrazioaren esperientzia Euskal Herriko familia anitzek bizi izan dutela aipatu baitu Muruamendiarazek, Ameriketara egindako bidaiak gogoan. «Ikuspegi politikoa bainoago, poetikoa bilatu dugu obrarekin».
Musikari, koreografo eta dantzarien arteko elkarlanaren fruitua da emaitza. «Taldea buru-belarri hasi zen lanean», Muruamendiarazek. Oier Guillanek osatu zituen gidoia eta dramaturgia osoa, elkarlana hasi aurretik.
Agertokian, zortzi dantzarik gorpuztuko dute ikuskizuna: Ane Anza, Bingen Esturo, Ane Etxeberria, Unai Iraola, Maier Muruamendiaraz, Nahikari Sanchez, Uxue Sanchez, Danel Serrano eta Claudia Talavera. «Artista gazteak ikusiko ditugu, ilusioz betetakoak», zehaztu du Muruamendiarazek. Koreografia, aldiz, Iker Karrerak landu du: egun, Madrilen egiten du lan, 180 dantza konpainian, baina dantza eskema oso bat garatu du Aukeran-en pieza berrirako. Taulan, hamabi koreografia ikusgai izanen dira denera.
Muruamendiarazen oinarrizko formakuntza dantza tradizionala izanik, bertze pauso bat eman dio bere ibilbide artistikoari aurten. «Nahi genuen erronka berri bat gure gorputzentzat, ikusteko ea gai ginen gure erregistrotik ateratzeko eta Ikerren munduan sartzeko».
Ondorioa honako hau: garaikidearen eta tradizionalaren arteko esperimentazio eta berrikuntzara bideratuta da Migratzaileak. Koreografia bereziari Aukeran 2.5 izena eman diote, konpainiaren urteurrena ospatzeko eta belaunaldi «bizia eta berria» izendatzeko.
Onartzen dute azken orduko aldaketak egin dituztela, eta «ziurrenik gehiago etorriko direla hasi baino lehen», baina ez dute ezkutatzen urduritasuna baloratzen dutela, adrenalina modura. Konposizio musikalak ere gaian ditu erroak: «Herriminaren kontzeptua adierazi nahi dugu». Baseak ordenagailu baten bidez egin dituzte, eta Argentinako eta Afrikako herrialde batzuetatik hartutako erritmoekin landu dituzte. Aurkezpenaren karietara, musika disko ilustratu bat aterako dute, Xabi Aburruzagaren eskutik. Piezaren abesti guztiak entzungai izanen dira.
Jantziak Oscar Armendarizek prestatu ditu eta Carlos Solanok zuzendu du argiaren teknika.
«Oso kontent gaude, baina oso urduri ere bai», aitortu du Muruamendiarazek. Bi hiriburuen emanaldien artean, Urnietan (Gipuzkoa) ere erakutsiko dute pieza, konpainiaren lantokia bertan dela eta. Martxoaren 20an izango da hori, eta espero dute «aitzinera antzoki gehiagotara ailegatzea».
Mugimenduaren erretorika
Aukeran dantza konpainiak 'Migratzaileak' dantza ikusgarria estreinatuko du, gaur, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Edu Muruamendiaraz zuzendari eta koreografoaren eskutik ondu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu