Mugimenduaren arte bilaketa

Jose Zugastik 'Otoi' jarri du ikusgai Donostian, askotariko diziplinak biltzen dituen erakusketa

Jose Zugastik Donostiako Arteztu arte galeria aukeratu du Otoi proiektua aurkezteko. GORKA RUBIO / FOKU.
Alex Uriarte Atxikallende.
Donostia
2022ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Jose Zugastik Otoi arte erakusketa aurkeztu du, Donostiako Arteztu galerian. Bere iraupen luzeko sortzaile ibilbidean ikasitakoak proiektu bakarrean bildu ditu, eta «itxura eta euskarri oso desberdinetako erakusketa» bat ondu du.

«Otoi, hasieratik amaierara, bidaia edo trantze baten pareko zerbait da», Zugastiren arabera. Izan ere, hiru geltokiko proiektua aurkeztu du, eta horietako bakoitzean adierazpide artistiko jakin bat jorratu. Erakusketaren ardatza «esentziaren, barrenekoaren eta oinarrizkoaren» bilaketa da; horretarako, Zugastik bere artelanetako langaiak «izugarri ekonomizatu» behar izan ditu: «Transmititu nahi nituen kontzeptuen esentzia bilatzeko, gehiegizko materia kendu dut, eta formetan edozein betelan saihesten saiatu naiz».

Oinarrizkoaren bilaketa horretan, Zugastik, besteak beste, itsasoa izan du inspirazio iturri: «Itsasoan gertatzen den bezala, une oroko mugimendua irudikatu nahi izan dut obretan, ia-ia kutsu kosmologiko batez». Azaldu du, halaber, mugimenduak orotariko sentipenak pizten dituela, eta aniztasun horrek, hain zuzen ere, erakarri egiten du Zugasti: «Pinturei erreparatuz gero, esate baterako, haietan ageri diren formek bakea, edertasuna, maitasuna eta higuina transmititzen dute».

Urteen zakuan bildutako ideiei tiraka egin du Zugastik Otoi: «Duela hamar urte osasun arazoak izan nituen, eta proiektu honetan islatu nahi izan ditudan burutapenetako ugari ahulezia haietatik abiatuta sortu zitzaizkidan», azaldu du.

Sortzaileak, bere lanek erakusten duten anbibalentziaren jakitun, naturako elementuak ditu ahotan, hala nola olatuak: «Ez daude bi olatu berdin, eta, gainera, itsasoa ez da sekula gelditzen, hau da, behin eta berriz mugimenduan dagoen elementua da; era berean, badira ur gardendun olatu apal eta atseginak, baina baita ur nahasizko olatu erraldoi eta nazkagarriak ere». Uhin bakoitzari dagokion mugimendua, ondulazioak eta denetariko irakurketak uztartu ditu bere obretan, beraz.

Gai bakarra eta hiru formatu

Langaien garrantziari ez ezik, euskarrien esangurari ere erreparatu dio Zugastik. Izan ere, bere habitat naturaletik atera da, eta bestelako adierazpen bideak bilatu ditu Otoi sortzean: «Ni, berez, eskultorea naiz, baina interes eta kezka handiak izan ditut betidanik beste alor artistikoen inguruan».

Hori dela eta, erakusketari hiru etapaz osatutako bidaia tematikoaren itxura eman dio: lehendabizikoan, eskulturak aurkeztu ditu; bigarrenean, berriz, margolanak, eta hirugarren eta azken txanpan, ordea, ikus-entzunezko formatura jauzia egin du, kolaborazio berezi batekin. «Errenteriako [Gipuzkoa] dantza talde bateko lagunek mugimendua irudikatu zuten beren gorputzen koreografien bitartez, eta hura kontzeptualki oso adierazgarria iruditu zitzaidan».

Hortaz, proiektuaren azken tarterako, koreografia horiek grabatu zituen, eta programa digital batekin landu, «margolanetako formekin eta erakusten zituzten materia gabeko mugimendu sentsazioekin hobeto janzteko».

Orain arteko harrerarekin «pozik eta asebeteta» ageri da Zugasti: «Erakusketa ikusi duten pertsonei gustatu egin zaie, eta, are gehiago, badirudi barneratu dutela irudikatu nahi izan dudan irakurketa hori». Eskarmentu handia du, gainera, arte publiko gisa definitzen duen alorrean, hots, bere artelanak espazio publikoetan aurkezteari dagokionez. Otoi, baina, galeriarako erakusketa da. Gustuko ditu bi esparruak, bakoitzaren argi-itzalak onartzen dituen arren: «Gune publikoetako lanak oso handiak dira, irudimena askatzeko bolumen izugarria dute, baina praktikoak izan behar dira, ingurukoarekin ondo ezkondu behar dira, eta, jakina, ezin dute ertz zorrotz edo sorbatz arriskutsurik eduki».

Galerietako ereduaz mintzo delarik, berriz, «intimoagoa baina minoritarioagoa» dela uste du: «Tankera honetako obrak galeria batean aurkeztean, egileak badaki zabalkunde murritzagoa izango dutela, interes artistiko berezia duen jendea hurbilduko dela, baina, era berean, aukera dagoela pertsona horiek lanak bereziki baloratzeko eta ulertzeko».

Etorkizunera begira, ez du baztertzen Otoi-k bigarren zati bat izatea. «Sortzaile gisa, uste dut artistak ez duela ziklikoki funtzionatzen, alegia, ez dagoela erabateko haustura estilistikorik». Era berean, barrukoa azaleratzeko bidean, «une oro» jasotzen ditu jakintza eta eragin berriak, eta lehendik zituenekin uztatu. Zugasti: «Nire proiektu berriak beren aurrekariekin nolabait erlazionatuta daude, zuzenean ez izanagatik ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.