Alice Munrorengatik pozten dela dio Isabel Etxeberria itzultzaileak (Donostia, 1975). Bederatzi ipuin biltzen dituen Etsaiak, lagunak, ezkongaiak, maitaleak, senar-emazteak lana itzuli du, eta Euskadi sariak liburuari bigarren bultzadatxo bat emango diola espero du.
Munroren literatura itzultzea disfrutatzeko lana izan da?
Luxu bat da. Nobel saria jaso zuen urtean ez zen haren lana itzultzeko bekarik egon, eta urte batzuetara eskaini zuten aukera berriz Literatura Unibertsala bildumaren barruan. Goxoki bat da, baina lan egoera korapilatu zitzaidan, eta, azkenean, bizitzak harrapatuta ibili naiz, eta batzuetan Munroren pertsonaia bat nintzela sentitzen nuen.
Munroren estilo berezia itzultzea ez zen erraza izango.
Pertsonaien hitz egiteko modua oso neutroa da, eta oso garrantzitsua da zer elipsi mota egiten duten, baina nola itzultzen duzu elipsi bat? Dialogoetan zer esaten duten eta zer uzten duten esan gabe, zuk bilatu behar duzu modua esateko modu hori naturala izateko euskaraz.
Itzalean ibili ohi da itzultzailea. Eroso zaude fokupean?
Ez [barrez]. Baina uste dut euskal itzulpengintzaren historian oso une interesgarria bizi dugula. Merkatutik, zorionez edo zoritxarrez, pixka bat libre bizi gara, eta kapritxoak ere itzul ditzakegu, kalitate handia dago, titulu interesgarriak daude... Eta nik sentitzen dut sari hau ari naizela jasotzen mugimendu kolektibo horren ordezkari gisa.
Isabel Etxeberria. Itzultzailea
«Mugimendu kolektibo baten ordezkari gisa ari naiz sari hau jasotzen»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu