Desafioak aletzen hasi da Xabier Paya. «Berbazko arteetan aritu den gidoigile bati arte performatibo baten gidoia egin dezan eskatzea izan liteke arriskua edo erronka». Euskaltzaindiaren enkarguz, Aukeran dantza konpainiak euskara batuaren historia kontatzen duen dantza pieza baten gidoia ontzeko eskatu zion Payari, eta ordukoak azaltzen ari da. «Gogoa banuen. Baina nola egiten da dantza talde baten dantza ikuskizun gidoia?». Pausa. «Nola esaten zaio dantzari bati hau esateko?». Beste geldialdi bat. «Garbi nuen euskara batuaren historia dantzatua kontatu behar genuela. Baina horra paradoxa: nola kontatzen da gorputzaren bidez hitzezko kodea dena?». Tabu izeneko jolasa jarri du adibide gisa: hitzik egin gabe, esan nahi den hori mugimenduekin azaldu beharra. Hasi eta buka: proposamena egin eta Biz Hitza dantza ikuskizunaren gidoia osatu zuen Payak. «Nik argi azaldu nien gidoia soineko bat dela, eta Aukeran dantza konpainiako kideei zegokiela soinekoa jantzi eta aztertzea mauka laburtu behar zaion, gerria luzatu edo zerbait egokitu behar den». Ikuskizunak hamar pieza biltzen ditu, eta 60 minutu irauten; hilaren 16an aurkeztuko dute, Bilboko Arriaga antzokian, Loraldia jaialdian.
Euskaltzaindiaren mendeurreneko ospakizunaren harira sortutako egitasmoa da Biz Hitza. Hala azaldu du Andres Urrutia euskaltzainburuak: «Behin baino gehiagotan azpimarratu dugu Euskaltzaindiaren mendeurrena ez zela soilik ekitaldi akademikoz osatuta egongo. Ekitaldi artistiko eta kulturalak egongo zirela esan genuen hasieratik». Euskara batuaren historia ardatz hartuta ikuskizuna sortzeko jo zuen akademiak Aukeran dantza taldearengana, eta Payari eskatu zioten oinarria.
Euskararena ez ezik, hizkuntza ororen kontakizuna ondu duela dio Payak. «Euskara batuaren historia dantzatua kontatu nahi banuen, bada sinistuta nagoelako euskara batua dela XX. mendean izan dugun asmakuntzarik handienetakoa».
Hizkuntzen historia
Euskara batua sortzeko prozesua Euskal Herria batzeko prozesua izan dela dio. «Ez baldin bagenu hizkuntza bera hitz egingo, uste dut zatikatuago izango litzatekeela Euskal Herria. Hori ere kontatu behar dugu, eta ez bakarrik Euskal Herrian, baita munduan ere. Gizarte kohesiorako tresna linguistiko bati buruz ari gara». Euskararen historia ez eze, hizkuntza ororen kontakizuna ere bada ikuskizuna. «Hizkuntzen historia unibertsala kontatzen du».
Aukeran dantza taldeko kideek gorpuztu dute Payaren gidoia. 20 urte bete zituen konpainiak iaz, eta taldearen norabidea aldatu du 21. urteurrenean heldu zaien Biz Hitza ikuskizunak. Zenbaki jolasa egin du Payak. «Konpainia aitzindaria da Aukeran. Egitasmo bati berrikuntza adierazteko ezartzen zaio 21 zenbakia». Agenda 21 egitasmoaren adibidea aipatu du. «Dantza talde berritu bat erakusteko aukera bat zen 21. urtemugan datorren hau». Baiezko keinua egin dio Edu Muruamendiaraz taldeko zuzendariak.
Mugarritzat du hilaren 16an aurkeztuko duten pieza. «Beste dimentsio batean sartu dugu dantza taldea. Orain arte egin dugunarekin alderatuta, oso bestelakoa da ikuskizuna». Aitortu duenez, lan nekeza izan da euskararen historia gorputzaren mugimenduen bidez irudikatzea. «Erronka ederra izan da, baina, aldi berean, oso gogorra. Saiatu gara Xabiren gidoiari jarraitzen». 11 urtez euskal dantzetan aritu zen Paya, eta zalea dela aitortu du. «Gidoian arkatzarekin proposatu dizkiet dantza piezak, gerora beraiek boligrafoz idazteko». Muruamendiarazek dioenez, dantzarien lana arindu du horrek. «Ikuskizun minimalista bat ondu dugu». Bederatzi dantzari arituko dira oholtzan: Garazi Egiguren, Ander Errasti, Eneko Galdos, Ione Iriarte, Ekain Kazabon, Oier Laborde, Maier Muruamendiaraz, Uxue Urruzola eta Itziar Uzkudun. «Denak gara bat».
Dantzatik esandakoak
Aitor Etxebarriak egin du musika, eta emanaldietan ere zuzeneko musika joko du berak. Sorkuntza prozesuak ikerketa kutsua izan duela iradoki du, euskal dantza tradizionaletako erritmoak «estetika garaikidera» eraman baititu. «Berezia izan da betiko doinu horiek bestelako soinuetara eramatea eta doinu klasikoak estrukturarik gabeko erritmoetara eramatea. Dantzarientzat ere ez da sortu ditudan doinuetara egokitzea». Gidoigile, dantzari zein musikari: erronka bihurtu da Biz Hitza ikuskizuna denentzat. Hitz gutxi batzuk baditu ikuskizunak, baina Payak argi utzi du. «Makulu dira».
Gidoiaren oinarriak 2010etik zituen Payak buruan. «Boiseko (AEB) euskal jaian deskubritu nuen diasporaren bigarren belaunalditik aurrera hizkuntza galtzen duela ehuneko handi batek. Baina dantzak hartzen duela hizkuntzaren tokia». Hortik gogoeta. «Ideia hori geratu zitzaidan buruan: hauek dantzak bihurtzen ditu euskaldun. Gu, aldiz, hizkuntzak egiten gaitu euskaldun. Baina, zer gertatuko litzateke dantzak euskaldun bihurtu beharko bagintu?».
Ideia horri tiraka jarraitu du. «Hizkuntzaren tokian jarri dezadan dantza eta konta dezadan nola euskara inoiz existitu bazen, denok dantzatuko genuen dantza bat izango zela. Gerora, hizkuntzak aurrera egiten duen heinean, dantzak ere aurrera egingo zuen, eta dantza aniztasuna nagusituko zen. Hain zuzen, aniztasunean oreka bilatzea da euskara batuaren erromeria handia, non denok doinu berari segika gauden. Bakoitzak aukera izango dugu gure pauso, jauzi eta gurpilak egiteko, baina soinu berari segika denak».
Mugimendu den kontakizuna
Euskara batuaren historia ardatz hartuta, Aukeran dantza konpainiak 'Biz Hitza' ikuskizuna aurkeztuko du, hilaren 16an, Bilboko Arriaga antzokian. Xabier Payak ondu du dantza piezaren gidoia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu