Mugen «inkongruentzia»

Bere aitak Tetuanen igarotako haurtzaroa eta egungo bi migratzaileren bizipenak batu ditu Iratxe Fresnedak 'Tetuán' film dokumental luzea osatzeko. Gaur emango dute Zinebin

Iratxe Fresneda zinema zuzendaria eta Vanesa Fernandez Zinebi jaialdiko zuzendaria. OSCAR MATXIN EDESA / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2022ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
«Tetuán bidaia bat da, bidaia intimo bat; Tetuango protektoratuan hazi zen nire aita, eta haren istorio intimoa kontatzen du, eta hortik abiatuta istorio kolektibo bat bihurtzen da». Esaldi horrekin definitu du bere hirugarren film dokumental luzea Iratxe Fresneda zinemagileak. Eta, hark deskribatu bezala, Tetuán bada bi adarreko ikus-entzunezko bat. Hasi, Carmelo Fresneda izeneko aitaren haurtzaroa eta Annemarie Schwarzenbach argazkilari suitzarraren nondik norakoak erreskatatzen dituen saiakera tonuko lehen zati batekin hasten da filma, baina, erdialdetik aurrera, tonuz eta ia-ia teknikaz aldatu, eta Kuban hazitako Mohamed Iacob sahararraren eta Arrigorriagan (Bizkaia) bizi den Irina Conca lipoveniarraren egunerokoa erakusten du lanak. Eta horregatik intimotik kolektiborako bidaia hori. Gijongo (Espainia) FICX zinema jaialdian estreinatu berri dute filma, eta gaur emango dute Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian. Bertoko Begiradak atalean izango da proiekzioa, BBK aretoan, 20:00etan.

«Erregistroaren trilogia» deitu duen zikloa ixten du lanak, zuzendariak azaldu duenez. Fresnedak hari berean lotuta ikusten baititu orain arteko bere ez-fikziozko hiru lan luzeak: hasteko, Irrintziaren oihartzunak (2016), Mirentxu Loiarte zinemagilearen lana erreskatatzen zuen obra; gero, Lurralde hotzak filma, 2018an estreinatua; eta, orain, Tetuán. Azaldu duenez, haserreak jarri zuen dena abian, horixe sentitu baitzuen Mirentxu Loiarteren lana deskubritu eta zinemaren historia liburuetatik kanpo nola gelditu zen ohartzean. Kontatzen denaz eta kontatzen ez denaz gogoeta egitera bultzatu zuen horrek, eta, dioenez, bultzada horrek gidatuta iritsi da orain Tetuán ere.

Eta horregatik hura txikia zela zendu zen aitaren migratzaile bizitza errekuperatzeko gogoa. Eta horregatik beren sorterritik kanpo bizi diren beste bi pertsona horien bizitza erregistratzeko erabakia ere. Euskaraz mintzo da Fresneda off-eko ahotsean lehen partean, eta azpidatzita uler daitezke bigarren parteko solasaldiak.

Fresnedak bazekien «arriskatua» zela filma bi zati hain markatutan zatitzea, baina hasieratik izan zuen argi erabaki hori. «Buru kaotikoa daukat, eta, urteekin, neure burua hezi dut oso-oso ordenatua izaten saiatzeko. Egitura guztia hasi aurretik oso ongi pentsatua nuen horregatik, eta gero jo dut errealitatera, eta orduan bakarrik zatitu da mila zatitan dena». Ez da apeta hutsa, gainera. Zehaztu duenez, bikoiztasun horri esker elkarri ispilu joko moduko bat egiten baitiote erreskatatutako aitaren haurtzaroak eta gaur egun beren herrialdera itzultzen erakusten dituen Iacob eta Concarenak.

Bidasoko muga

Bi ideia nagusi ere argi izan zituen hasieratik. «Argi nuen ez nuela pornografia familiarrik egin nahi», azaldu du, batetik. Eta, bestetik, argi zuen Iacob eta Conca ere «duintasunez» aurkeztu nahi zituela. «Denak ez du balio; ez da oso zabalduta dagoen ideia bat, baina denak ez du balio. Bi pertsona hauek askatasunez eta pazientziaz erretratatu nahi izan ditugu».

Familia bazkari baten plano luze bat badu filmak, esaterako. Gurasoekin eta amonarekin hizketan harrapatu du kamerak Conca, sorterrian. Postre sorta amaiezin bat mahaian, eta solasaldi bizian denak haien bueltan, elkarrekin egote hutsagatik pozik. Eta, bat-batean, amona. «Eta, Irina, noiz ezkonduko zara, ba?». Barreak. Astoa eramango dutela ezkontzara. Barreak. Eta, hortik tarte batera, serioago beste senide batek: «Barka, atrebentzia bada lasai esan, baina mutil-lagunik ez duzu?». Ezetz Concak. Helduko dela heldu behar badu. «Burua eta dirua izan ditzala, behintzat», amonak. Eta senideak ezetz. «Ez, ez: burua badu, aski; lortuko du dirua. Burua behar du». «Burua», baietz amonak ere, «burua... eta dirua!».

Bidasoan hartutako aireko planoekin hasten da filmeko pasarterik liriko eta, aldi berean, esplizituki politikoena. Mugen zatiketa arbitrarioaz mintzo da off-eko ahotsa, eta ibaiak justu itsasoratu aurretik sortutako uhartetxo eta sedimentazio sorta erakusten du kamerak. «Inkongruentzien mapa bat da». Eta mugei buruzko inbentario bisual bat hasten du orduan filmak: harresiak, hesiak, hormak, txarrantxa lerroak, lurretik itsasorako bidean lerro bat marrazten duten metalezko barrak, hormigoizko hormak, kamerak, zaintza dorreak, eta txori bat gero, horma horietako batean pausatuta.

Schwarzenbach gogoratuz

Hamar minutu baino gutxiago izango ditu sekuentziak. Ordea, hori da filmaren «bizkarrezurra», Fresnedak dioenez. «Pasarteak erakusten baitu zer-nolako eraikinak egiten ditugun besteengandik banatzeko, eta guk, aldiz, jendearen arteko loturak berreskuratzea genuen burutan pelikularekin». Gogorarazi duenez, gainera, Bidasoko aireko planoa grabatu aurreko egunean migratzaile bat hilda topatu zuten han.

Annemarie Schwarzenbach argazkilari suitzarrarena da Fresnedaren pelikularen beste harietako bat. Sortzaileak Euskal Herrira egindako bidaia, zehazki, eta, beraz, haren kameraren bidez ere erakutsiko ditu zinemagileak Iruñea, Esako urtegia eta Donostia, esaterako. Filmean bere aitaren istorioarekin lotuta doa harena. Haren askatasuna eta artea laudatu ditu Fresnedak, eta, onartu duenez, hari buruzko film propio bat egiteko gidoi bat ere badu erdi prest.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.