Mugaz gaindiko diskurtsoak

Filipa Cesarren 'Kotoiaren algoritmoak' eta Madrassa Collectiveren 'On Fail[l]ed Tales and Ta[y]lors' erakusketak ireki dituzte Tabakaleran. Otsailaren 16ra arte izango dira ikusgai

Madrassa Collectiverekin lan egiten duen Oda Projesi talderaren As if a Jammer instalazioa. GORKA RUBIO / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2019ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Mundu garaikidea ikuspegi geopolitiko eta poskolonial batetik begiratzea. Begirada horretan sakontzea. Ildo horretan kokatzen dira Donostiako Tabakalerak ireki dituen bi erakusketa berriak: Filipa Cesarren Kotoiaren algoritmoak eta Madrassa Collective taldearen On Fail[l]ed Tales and Ta[y]lors. Oinarrizko ideia batek biltzen ditu biak, Oier Etxeberria Tabakalerako arte garaikidearen arloko arduradunak azaldu duenez: «Artistek ikuspegi horretatik lantzen dituzten diskurtsoek esan nahi digutena da prozesu politiko, ekonomiko eta historiko horiek ez direla arrotzak gure sentsibilitatean. Bestela esanda, gure mundu ikuskera prozesu horiek baldintzatzen dutela».

Bi kasuetan, ez da artisten lana Tabakaleran erakusten den estreinako aldia. Cesarrek Look again erakusketan hartu zuen parte, duela hamar urte, eta, duela bi, Spell Reel filma aurkeztu zuen Zinemaldian, Zabaltegi-Tabakalera sailean. Madrassa Collective, berriz, egonaldi artistiko bat egiten izan zen 2017an, eta handik eratorri da, hain zuzen, orain aurkeztu duen lana.

Arte garaikidearen zirkuituan aztarna uzten ari da Cesar (Porto, Portugal, 1975). Bere herrialdearen iraganaz interesatuta dago, eta Portugalek Ginea Bissaurekin duen erlazio kolonialaren atzetik osatu du bere obrako lan lerro sakonenetako bat; horri dagozkion hiru lan jarri ditu ikusgai Tabakaleran. The Embassy (2011) filma da horietan lehena. Ginea Bissauko artxibozain bat ageri da iruditan, kolonizatzaile portugaldarren ikuspegitik osatutako argazki album bat erakusten eta haren gaineko bere narrazioa kontatzen. «Argazkietan ikusten dena bainoago, keinua bera da garrantzitsua filmean», ohartarazi du artistak. Kolonialismoan baino gehiago, lana «erresistentzia prozesuetan» oinarritzen dela dio, eta artxibozainaren berrirakurketan datzala gakoa.

Garai bertsuko Cacheau 16 milimetroko filma jarri du erakusketaren amaieran, eta tartean, bere azken proiektua: Looming Creole instalazio eta entsegu filmikoa. Ginea Bissauko kreoleen eta ehungintza tekniken arteko erlazioa aztertzen du bertan artistak, ostera haien osteko subertsio-kodeak bistaratzeko. «Ehunek kode bezala funtzionatzen dute. Bizitzeko moduak kodifikatuta daude horietan, oso modu subertsiboan». Izan ere, edukiek bai, baina teknikak du garrantzia Cesarren proposamenean, erakusketaren izenburuak aurreratzen duenez. Etxeberria: «Erabiltzen ditugun dispositiboek historia hori xurgatu eta erreproduzitzen dutela erakusten digu artistak; baita lengoaia horiek guztiak deskodetu daitezkeela ere, kasu honetan, artearen bitartez».

Akastun istorioen ehuna

Modu irekian egiten du lan Cesarrek, ahots askori lekua eginez bere obretan. Eta kolektibotasunaren ideia horrek ere lotzen du Madrassa Collectiveren lanarekin. Nagusiki Afrikako eta Ekialde Hurbileko zortzi kidek osatzen dute taldea, eta praktika kolektibo eta mugaz gaindiko lankidetzekin egiten du lan. Sei pieza bildu dituzte Tabakalerako erakusketan, honako artista eta taldeen hauen eskutik: Oda Projesi, Sofiane Zouggar, Ala Younis, Yasmina Reggad —Oda Projesiko kidea—, Suspendek Spaces eta Etcetera taldea. Guztiek dute abiapuntuan ideia bat: arrakastaren eta porrotaren dialektika gainditu, eta akatsa bera lanerako eremutzat hartzea. Hortik izenburua.

Erakusketak espazio eta denbora askotatik bide bat irekitzen du, Francesca Masoero Madrassako kidearen esanetan. Donostia, Istanbul, Aljeria, Egipto, Brasil, Buenos Aires. 1960ko eta 1970eko urte iraultzaileak, 2010 inguruko krisi urteak, oraina. Eta gaiak ugari: memoria arkitektonikoa, zentsura, parte hartze politikorako bideak, berri faltsuen afera eta beste. «Akastun istorioak» lotzen dituen sormen prozesu kolektiboaren emaitza, Masoeroren hitzetan.

Erakusketa biak 2020ko otsailaren 16ra arte egongo dira ikusgai, eta solasaldi, proiekzio, tailer eta performanceen jarduera programa batek osatuko ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.