«Mugarriaren» berredizioaz

Inazio Mujikak editatu du 'Otto Pette' berritua. Orain 25 urtekoaren edizioan ere parte hartu zuen

Inazio Mujika Iraola eta Anjel Lertxundi, atzo, Donostian, liburuaren argitalpen berria eskuetan. GORKA RUBIO / FOKU.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2018ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Atzo aurkeztu zuen Alberdaniak Anjel Lertxundiren Otto Pette-ren (1994) edizio gaurkotua. Aurkezpen horretan izan ziren duela ia mende laurden nobela horren editore lanetan aritu ziren Jorge Gimenez Bech eta Inazio Mujika Iraola. Azken horrek egin ditu editore lanak orain ere, eta Lertxundi bera ere editore izan zela ez dauka ahazteko: «Biok elkarrekin aritu ginen Ereinen editore, eta han nengoela, 1990 inguruan, Anjel egun batean folioak eskuan etorri zen. Irakurri nituen. Otto Pette izango zenaren zati bat zen». Mujikak ez daki zehazki zein pasarte ziren, baina bai Errondalen zaldi gaineko ihesa kontatzen zela orrialde haietan. «Ipuin liburu moduan planteatuta zeukan liburu hura, esan zidanez; artean ez zeukan eraikita gero Otto Pette izango zen pertsonaia». Handik hamabost-hogei egunera, beste folio sorta bat ekarri zion Lertxundik Mujika lankideari. Kapitain Frakasa eleberriaren lehen orrialdeak ziren. «Zeini eman bultzada galdetu zidan, eta Kapitain Frakasa-ren alde egin nuen nik. Baita berak ere. Artean Otto Pette pertsonaia bera ondo eraiki gabe zeukalako, seguru».

Hala etorri ziren Kapitain Frakasa (Erein, 1991) lehenik, eta, hiru urte geroago, Lertxundiren ibilbide literarioan «mugarria» izango zen Otto Pette, Mujikaren hitzetan: «Liburu hori baino lehen eta ondoren ulertzen da Anjelen ibilbidea». Eta ibilbide horretan, Bernardo Atxagaren Obabakoak (Erein, 1988) irakurri izanak sortu zion zirrara aipatu behar, ezinbestean. «Anjelek berak esana dauka Obabakoak irakurri ondoren sentitu zuela ezin zuela lehen bezala idatzi». Tobacco Days (Erein, 1987) idatzia zeukan ordurako, eta Carla-rekin (Erein, 1989) ari zen, «baina haren idazkera gogorregia zen agian», Mujikaren iritziz. Kapitain Frakasa ere ahalegin horretan kokatu du editoreak, eta berreskuratzeko moduko lana izan daitekeela deritzo, baina idazketa eraldatzeko Lertxundiren ahaleginaren emaitza «borobil-borobila» Otto Pette izan zela nabarmendu du. «Hortik aurrera, beste Lertxundi bat da. Otto Pette-ra iritsi arte, saioetan dabil». 1983koa du Lertxundik Hamaseigarrenean, aidanez (Erein); segidan eman zuen aipatu Tobacco Days, idazleak berak huts egindako ahalegin gisa azaldu izan duen lana. «Otto Pette-ra arteko liburuetan kontatze soil bat dago, nahi baduzu, eta nobela horretan beste zerbait dago: kontatze hutsa gainditu nahi bat eta literatur anbizio bat». Eta sortzailearen gozamena. «Uste dut Anjelek izugarri disfrutatu zuela liburu hori sortzen, eta hori ikusten da. Sormenaren gozamena sumatzen da liburuan. Eta sortu zuen hizkera bat; sortu zuen mundu bat beregaina, liburuan bertan bere mugak dituena. Erabateko literatura dago hor, eta bere jardunaren eboluzio horrek bat egiten du euskal literaturan gertatzen ari den aldaketarekin. Heltze bat gertatzen da bietan».

Atxagaren Obabakoak-ek sortutako astinduak Lertxundiren Otto Pette eta Ramon Sizarbitoriaren Hamaika pauso (Erein, 1995) nobelen argitalpenean izan zuen erreplika, Mujikaren aburuz: «Gure literatur sistema xume honetan, eztanda kateatu moduko bat eragin zuten lanok; euskal nobelaren heldu aroa iritsia zen».

Obabakoak ez zen izan, baina, Lertxundiren duela mende laurdeneko idazkuntzan eragina izan zuen lan bakarra. J. M. Coetzeeren Waiting for the Barbarians (1980), Gesualdo Bufalinoren Gaueko gezurrak (1988), Leo Perutzen Der schwedische Reiter (1936), Italo Calvinoren Lezioni americane. Sei proposte per il prossimo millennio (1988) eta Daniel Defoeren A Journal of the Plague Year of 1665 (1722) aipatu ditu Mujikak Otto Pette-ren berrargitarapenerako idatzi duen hitzaurrean.

Atzera editore

Inazio Mujika Ereinen ari da lanean gaur egun, baina Alberdanian zegoen Otto Pette argitaratu zutenean, eta Alberdaniarentzako editatu du Lertxundiren lana. «Orain dela 24-25 urte nobelaren folioak utzi nituenetik, kasik begiratu ere egin gabe nuen nobela hau, eta, berriz heldutakoan, asko inpresionatu nau oraindik ere zein ondo funtzionatzen duen ikusteak. Atera zen garaian atera zelako inpresionatu nau. Liburu hori ezerezetik nola sortu zuen pentsatzeak inpresionatu nau», azpimarratu du Mujikak. Eta1994ko lehen edizio hartan pertsona asko aritu zirela editore: «Liburu hau inportantea izango zela oso argi ikusi genuen, eta euskaraz ere ahalik eta batuen eta txukunen ateratzeko ahalegina egin genuen. Jende askoren eskuetatik pasatu zen testua». Mujikak, baina, baten izena nabarmendu du bereziki: Juan Garzia. «Haren ekarpena oso inportantea izan zen. Prosaren erabilera, aditzaren kargak eta beste... gauzak beste modu batera planteatze bat izan zen».

Orduko lanari esker izan omen du oraingo berrargitarapenean zuzentzeko gutxi. «Oso begiratuta zegoen liburu hori. Editore bezala, ez dut gauza askorik aldatu. Euskaltzaindiaren arau batzuk eta lexikoari buruzko formaren bat ezarri, esaldiren bat argiago jartzen saiatu, baina oso gutxi ukitu dut». Orduko edizioaren hegalean idatzi zuten «Erdi Aroan gaude» hura aipatu du, hori bai. «Otto Pette ez da Erdi Aroari buruzko liburu bat. Euskal Herrian denik ere ez du esaten idazleak. Botereari buruzko nobela alegoriko bat da, eta Erdi Aro alegoriko hori gaur egunari buruz ere ari da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.