Mugaritzi buruzko filmak zabalduko du Zinemaldiko Culinary Zinema saila

La Fura dels Baus antzerki talde katalanak ekoitzi du.Hamahiru film luze eta lau labur eskainiko ditu sailak, zazpi afari tematikorekin batera

Mugaritz jatetxeari buruzko filmeko irudi bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Juan Luis Zabala
Donostia
2015eko uztailaren 31
00:00
Entzun
La Fura dels Baus antzerki talde katalanak Errenteriako (Gipuzkoa) Mugaritz jatetxeari eta Andoni Luis Aduriz sukaldariari buruz ekoitzitako filmaren estreinaldiak jarriko du abian aurten Donostiako Zinemaldiko Culinary Zinema saila. Campo a través. Mugaritz, intuyendo un camino (Zeharbidean. Ekinaren sena, Mugaritz) izenburua jarri dio lan horri Pep Gatell zuzendariak.

Bosgarren urtez izango du aurten Donostiako Zinemaldiak zinema eta gastronomia uztartzen dituen saila, Culinary Cinema deitua, eta, sail horretan, hamazazpi film emango dira orotara: lau labur eta hamahiru luze. Horietatik bederatzik lehiaketan parte hartuko dute, eta gainerako laurak lehiaketaz kanpo izango dira ikusgai. Film horietako zazpiren emanaldiekin batera, afari tematikoak izango dira, Euskal Herriko sukaldari ezagunek plantatuak.

Inaugurazio afariaren arduraduna Andoni Luis Aduriz izango da, egun berean estreinatuko den filmeko protagonista nagusia; bukaerako afarikoa, berriz, Can Rocako (Herrialde Katalanak) El Celler jatetxeko Roca anaien eta haiek gonbidatutako sukaldari baten presentziarekin egingo da. Bi egun horien arteko afarietan, Mikel Gallok, Ruben Trincadok eta Grupo Nove galiziar elkarteko kideek hartuko dute, besteak beste, sukaldearen ardura. Datozen asteetan sukaldari gehiagoren izenak iragarriko dituzte antolatzaileek.

Culinary Zinemak aurten lehenengo aldiz Nespresso etxea izango du babesle, eta, gainera, lankidetzan jarraitzen du Tokio Gohan Film Festival jaialdiarekin. Zinema jaialdi horren helburua, era berean, zinema eta gastronomia fusionatzea da. Tokio Gohan Film Festivalek aukeratutako epaimahai batek 10.000 euroko sari bat emango dio Donostiako Zinemaldiko Culinary Zinema sailean programatutako filmetako bati, eta filmaren nazioarteko banatzaileari edo, halakorik ez baldin badu, ekoizleari.

Saileko proiekziorako eta afarirako txartel bateratuak irailaren 1ean jarriko dira salgai, 67,20 euroan, Zinemaldiaren ohiko bideetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.