Udako seriea. Historian aztarrika (II)

Mugaren sakona azaleratzea

Erdi Aroko eliza bat induskatzen ari dira Resako aztarnategian, Andosillan. Gaur-gaurkoz, ondorioztatua dute XI. mendean eliza erabiltzen zela behintzat, baina zehazteko dago noiz eraiki zen. «Mugan» izateagatik aurkikuntzak duen balioa nabarmendu dute.

Resako aztarnategiko koordinatzaile Manex Arrastoa eta zuzendari Josu Narbarte, ekainaren 26an. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Resako aztarnategiko koordinatzaile Manex Arrastoa eta zuzendari Josu Narbarte, ekainaren 26an. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
Resa (Andosilla)
2024ko abuztuaren 21a
06:00
Entzun

Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak

 

Hitzordua ez zen izan aztarnategian bertan, ezpada Sartagudako (Nafarroa) kultur etxearen parean, eta horrek ziztuan eta garbi iradoki zuen zera: nahita ere ez zela izanen aurkitzeko erraza. Berez, Andosillan baitago Resako aztarnategia, baina, halere, kilometro gutxiago dira Sartagudara. Hegoaldera begira, administratiboki udalerri bati edo besteari dagozkien baratzez eta berotegiz josia da aztarnategiaren parea, eta hurbil da Ebro ibaia ere, aurreraxeago, Errioxarekiko (Espainia) mugaren marrazkilari. Muino baten magalean izanik, uda partean aztarnategia gerizpean izaten da eguna argitu ondoko lehenbiziko orduetan. Eta ordurako izaten dira bertan Aranzadi zientzia elkarteko kideak —indusketa kanpainan betiere—, lan eta lan. «Begira! Orain, eguzkiak oraindik zuzenean jotzen ez duenean, hobeki ikusten dira lurraren geruza eta kolore diferenteak; garai desberdinetako arrastoak», esplikatu du aztarnategiko zuzendari Josu Narbartek. Mende askoko historia dago bertan lurperatuta. Eta, gaur-gaurkoz, ekainaren hondarrean induskatzen aritu diren Erdi Aroko eliza da horren froga nagusietako bat.

Indusketa mapa, Resa
 

Ekainak 26 ditu; euria egin du bezperan. Tarte batez, kazkabarra ere bai, eta pentsa litekeen arren horrek guztia lohituko zuela, prezipitazioari onurak ere ikusi dizkio aztarnategiko koordinatzaile Manex Arrastoak, indusketa zonara bidean delarik. «Garbiago egongo da dena», kontatu du, baikor, autoan. «Gainera, ikusten hori? Olana zuri batekin estaltzen ditugu aztarnak; hainbeste belar atera ez dadin, eta babesteko». Muinoaren magalera seinalatu du hori esatearekin batera. Eta, nahiz eta tartean halako distantzia izanda txiki-txikiak diruditen, bai, ikus daitezke zazpi gorputz urrunean. Ordu horretarako auzolandegian dabiltzan zazpi lagunak dira, Narbarte tarteko. Arrastoarekin batera, zortzi dira guztira; historialariak, arkeologoak, edo horietakoren bat izateko bidean direnak gehienak.

Zuzendariak gogora ekarri duenez, Aranzadi zientzia elkartea 2018tik ari da Resan lanean, eta, jakina, ez ziren itsuan hasi. Dioenez, aspaldi zen jakinekoa Erdi Aroan —zehazki, XIV. mendean— hustutako herri bat izan zela bertan. Izan ere, Nafarroako Artxibo Orokorrean garai horretako erroldak ere badira, eta Resa izena frankotan azaltzen da. Gainera, gaur egun ere, antzeko toponimo asko dira inguru horretan. «Berdin mugaren alde batean edo bestean», zehaztu du Narbartek Ebrori begira, eta Valderresa eta Soto de Resa aipatu ditu adibide gisara. Bestalde, abizenetan ere sumatzen da arrastoa: Resa eta Resano deiturak aski ohikoak dira.

Edonola ere, iturri dokumentalek baino gehiago, 1970eko hamarkadan zona horretan egin ziren lan batzuek lagundu zuten herri hustu hura zehazki non zen jakiten. Narbarteren arabera, Ebrok gainezka egin eta uholdeak izaten direnerako defentsa azpiegiturak eraiki nahian zebiltzala, giza arrastoak azaldu ziren orain 50 bat urte. Berehala, hezurrak azaldu ziren, hilobiak, erromatar materialak, zutabe puskak... Azkenerako, Andosillako herritar talde boluntario batek eta udalak sustatuta, ikerketa arkeologikoari ekin zioten pixkanaka, eta 2018an Aranzadik hartu zuen bere gain gidaritza; Juantxo Agirre Mauleon izan zen zuzendari hasieran.

Ordutik egindako urratsen kronologia aletu du Narbartek: «Apurka, induskatu zuten dolare bat aurrena, beheraxeago dagoen villa baten aztarnak gero —orduan hasi zen kontua pixka bat konplikatzen—, eta 2019an topatu zuten eraikin hau, eraikin handi samar hau». Eraikin hitza baliatu du aurrena, zehaztugabetasuna adierazi nahian bezala; ez kasualitatez. Narbarte eta Arrastoa 2021aren bukaeran hasi ziren aztarnategiko lanak zuzentzen eta koordinatzen, 2022an gidatu zuten indusketa kanpaina aurrenekoz, eta, hain zuzen ere, aldi horretara arte ezin izan zuten ondorioztatu eraikina eliza bat zela. «Gauza asko ulertu genituen orduan», nabarmendu du zuzendariak.

(ID_14018512) (Jagoba Manterola/@FOKU) 2024-06-26, Andosilla. Andosillako Resa aztarnategiko indusketa lanak azaldu eta erakutsi du...
Lan aski fisikoa da Resan egun egiteko dutena; pikotxa ere badarabilte. J. MANTEROLA / FOKU

Gauza gehiago ulertu nahian ari dira ordutik, asko baitira oraindik argitzeko direnak. Halere, orain arteko aurkikuntzek emanak dizkiete arrasto ugari: esaterako, aterea dute eraikinaren beheko solairu osoa, eta elizaren nabearen neurria nolakoa den ere badakite hala —25 metro inguru luze, eta hamar bat metro zabal—. 

Aurtengo kanpainan, hau izan dute helburua: elizaren gainean ziren material amildu guztiak kentzea, sakonago iristeko eta lurzorura ailegatzeko. Aski aurreratu dute zeregina dagoeneko. «Hasi ginenean, metro bat garaiago zegoen dena». Kendu dituzte horma arrastoak, zutabe puskak, argamasa zatiak...; lan nahiko fisikoa da aurtengo kanpainan. «Eta etorkizunean, horrekin segitzeko asmoa legoke», esplikatu du Narbartek, duda iradokita, hala eta guztiz ere. «Ahal baldin bada, borondaterik badago».

Orduko balioa eta oraingoa

Elizaren aurkikuntzaren inportantzia nabarmendu du Narbartek, eta, hura arrazoitzeko, kokalekuari loturiko argudioak azaldu ditu lehenbizi. «Inguru honetan izanik, lagungarria da ulertzeko nolakoa zen Ebro inguruko muga hau Erdi Aroan; adibidez, Iruñeko Erresumaren garaian, Ebroren beste aldeko Calahorra herria (Espainia) islamikoa zenean —XI. mendera arte— eta, aldiz, Resa ez».

Hain zuzen, mugan izateagatik eta horrek garai batean zonari esleitzen zion funtzioagatik baita Resako aztarnategia hain interesgarria, neurri handi batean, Aranzadikoen iritziz; eta, besteak beste horren ondorioz, halakoxea da eliza ere. Iturri dokumentalek jasotzen dutenez, hain justu ere «muga» izateari utzi zionean hasi zen husten herria, «funtzio hori galdutakoan».

Edonola ere, Narbartek nabarmendu du, historiari dagokionez ez ezik, ondarearen ikuspegitik ere biziki interesgarria dela aztergai duten eliza; «ongi kontserbatuta» dagoelako, eta Erdi Aroko horrelako gutxi induskatu direlako orain arte Nafarroan. «Hain zaharrik, gutxi». Halere, zehazki noizkoa den, hori da eraikinari loturiko zalantzarik handienetako bat egun.

Ordea, arrasto bati edo besteri segika, ari dira apurka eliza datatzen. Oraingoz, behintzat badakite XI. mendean erabili erabiltzen zela. Orain arte azaleratutako harriek kanpotik zein barrenetik dute igeltsuzko kareorea, hori egiteko erreketaren aztarnak daude zirrikituetan harrapatuta, eta horiek datatuta lortu dute datua. «Horrekin, batetik, dakiguna da XI. mendean igeltsu geruza bat eman zitzaiola», zehaztu du Narbartek. Gainera, iaz hilobi bat aurkitu zuten elizaren iparraldeko hormetako bati itsatsi-itsatsita: 45 bat urteko emakume baten gorpua zen bertan, XI. mendekoa hori ere. Eta haur baten hilobi bat ere aurkitu zuten haren azpian.

14

Induskatutako hilobiak. «Hildakoak nonahi ateratzen dira», kontatu du Narbartek. Zehazki, Erdi Aroko hamalau hilobi induskatu dituzte orain arte Resako aztarnategian barna, VI. mendetik XII. mendera artekoak. «Gehienak oso pobreak eta sinpleak», esplikatu du zuzendariak, eta nabarmendu hain zuzen ere VI. mendeko hilobi bat aurkitzea dela zona horretan eginiko aurkikuntza esanguratsuenetako bat. Batik bat, arrasto asko ematen dituelako: «Erromatar Antzinate Berantiarrean, Calahorra hiri erromatarra zen oraindik —Resatik hamabost kilometro eskasera dago—. Aldiz, hemen, orduko hilobi kristau bat azaldu zaigu. Inportantea da ulertzeko nolakoa izan zen mundu erromatarretik Erdi Arorako trantsizioa». 

Bi ondorio horiek nabarmen eragin diete Aranzadikoei lehendik ere bazuten susmo bat: Resako eliza ez ote den, iturri dokumentaletan ageri denez, Santamaria de Resa eliza, Antso IV.ak 1070eko hamarkadan San Millan de la Cogolla monasterioari emanikoa. «Garai hartan, eliza asko pribatuak ziren, eta pentsatzekoa da Antso IV.ak eliza oparitu zuela bere erreinuaren azken aldiaren azken fasean, ezegonkortasun politiko betean zegoenean».

«[1070eko hamarkadan], eliza asko pribatuak ziren, eta pentsatzekoa da Antso IV.ak eliza oparitu zuela bere erreinuaren azken aldiaren azken fasean, ezegonkortasun politiko betean zegoenean»

JOSU NARBARTEAztarnategiko zuzendaria

Oraindik ezin jakin, ordea, noiz eraiki zen. Baina, diotenez, eraikinaren zenbait ezaugarrik iradokitzen dute «aski zaharragoa» izan daitekeela, hala nola beheko solairuaren neurriari eta eraikuntza teknikari erreparatuta. Arabako Errioxako Oconen eta Bastidako Buradonen (Araba) antzeko aztarnak aurkitu direla gogorarazi du Narbartek, eta litekeena dela horiek VI. edo VII. mendeetakoak izatea. Zuhur azaldu da, ordea: «Ezin dugu ziurtatu hau ordukoa denik, ezta gutxiagorik ere, baina... balio dute konparatzeko».

Beste detaile bat ere argi dute: elizaren parterik handiena zernahi mendetan eraikia izanik ere, bistan da absidea modernoagoa dela. Ertz zirkularrekoa da —«aldarea izango zuen bertan»—, eta zera da kontua: absidearen horma eta oinarria koroaren horman bermatuak daudela.

Erronkak eta laguntzak

Eliza igeltsu harrizkoa eta igeltsu kareorezkoa da, eta horrek nabarmen zailtzen du indusketa; batik bat, erlojuaren kontra aritu beharra dakarrelako kasik. Igeltsua bereziki hauskorra baita, galkorra, eta erraz eta laster degradatzen da. «Azkar eta kontuz» aritu beharra dago, Narbarteren esanetan. Larunbeko (Nafarroa) Arriaundi mendiaren tontorrean dagoen aztarnategiarekin alderatu du —aurten iragarri dute 2022an K.o. I. mendeko harrizko pieza bat da aurkitu zutela bertan, Larrahe baskoien dibinitateari eskainitako aldare bat—. «Resakoa ez da Larunbekoa bezalakoa. Han, eliza kareharrizkoa da, eta kareharria sendoa da, eta ongi bereizten da lurrarekin; hemen ez da horrela gertatzen». Edonola ere, Narbartek iradoki duenez, Resako erronka izan zitekeen are eta zailagoa. Edo deus ateratzeko ezinezkoa, akaso: «Goi Erdi Aroko eliza gehienak oso material pobreekin eginak daude; egurrarekin, askotan. Eskerrak hau harrizkoa den».

(ID_14018499) (Jagoba Manterola/@FOKU) 2024-06-26, Andosilla. Andosillako Resa aztarnategiko indusketa lanak azaldu eta erakutsi du...
Eliza igeltsu harrizkoa eta igeltsu kareorezkoa da, eta horrek nabarmen zailtzen du indusketa lana, hauskorra baita. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Besteak beste, bidelagunei esker ari dira indusketa eta ikerketa prozesuan pausoak eman eta eman, gainera. Aranzadikoek hasiera-hasieratik dituzte ondoan dozenaka herritar. «Lehenbiziko egunetik bertatik gara hemen», kontatu du Andosillako Maricer Itartek, pozarren. Herriko boluntario taldearen koordinatzailea da 2018az geroztik —orduan jarri zen martxan—, eta, deialdiak daudenetan, inoiz gutxi faltatzen da. Taldean berrogei bat lagun dira guztira. Beti ez dira guztiak joaten, baina sarri azaltzen dira hogei lagun inguru lanera.

«Hasieran ez zen deus ere ikusten, soilik hilobi batzuen zantzuak... baina jakin bagenekien hemen zerbait izanen zela»

MARICER ITARTEAndosillako boluntario taldearen koordinatzailea

«Hasieran ez zen deus ere ikusten, soilik hilobi batzuen zantzuak... baina jakin bagenekien hemen zerbait izanen zela: Joakinek-eta askotan aipatzen zuten», hasi da kontatzen Itarte, memoriak freskatu ahala. Egun, altxor bat aurkitu duenaren aldarte berean mintzo da induskatzen ari diren elizaz. «Biltegi bat izan zitekeela ere okurritu zitzaigun, izanen zuen zentzua, eta begira orain: eliza zoragarri bat ari zaigu agertzen!». Motibazioa «sobran» dutela dio Itartek, ilusiorik ez dutela falta batere, eta, are, aitortu du aurkikuntza txikiena ere ospatzen dutela aldiro. «Miseria garrantzirik gabeenarekin ere lehertzen gara pozez». Halere, nabarmendu du bereziki itxaropentsu direla, elizak duen balioagatik. «Halako elizarik ez da Nafarroan».

Joan den ekainaren 24an hasita, guztira hamar egunez aritu ziren Resako aztarnategian, indusketan. Franko aurreratu zituzten lanak, eta balio izan zien zenbait ideia baieztatzeko, bai eta susmo batzuk aldrebesteko ere. «Honek ez luke hemen behar, ezta?», bota zuen Arrastoak 26ko goiz hartan, bat-batean, aitzurkada bat jo eta espero ez bezalako harri pilaketa bat ikusitakoan. «Sorpresak?», galdetu zuten umorez lantaldeko bi emakumek. Arrastoaren eta Narbarteren aurpegierak ikusita, uler zitekeen, akaso, elizak ez duela aurreikusi bezalako forma; ez berdin-berdina, behintzat. Edonola ere, goizegi zen hori ondorioztatzeko ere. Lanean segitu besterik ez dute. Are: ekainaren hondarrerako egunok aski ez, eta beste data batzuk ere ari dira zehazten aurten bertan segitzeko. Udazkenean jarraituko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.