Muga, literatura, euskara eta feminismoa. Ardatz horien gainean josi zuen Itxaro Bordak Baionako Herriko Etxean atzo eman zuen mintzaldia. Euskaltzaindiak iazko azaroan izendatu zuen idazlea euskaltzain oso, eta, akademiaren barne arauei jarraikiz, bere sarrera hitzaldia jendaurrean irakurri beharra zuen Bordak, karguaren zina egin aurretik. Bere mintzaldian, euskararekin duen harremanaz eta euskal idazle gisa izandako bizipenez mintzatu zen, eta muga kontzeptuaren inguruko gogoetak ere utzi zituen. Horien artean, adierazi zuen literatura ere mugako egikera bat dela, eta, alde horretatik, «onerako eta txarrerako», berak ere mugalari «izpiritua» duela. Bordaren hitzetan, «muga sorkuntzaren derrigorrezko baldintza da».
Euskaltzaindiak ohar baten bidez azaldu zuenez, Maddi Oihenart abeslariak eta Juantxo Zeberio musikariak girotu zuten ekitaldiaren hasiera. Ondotik, herriko etxean bildutakoei ongietorria eman zieten Andres Urrutia euskaltzainburuak nahiz Jean-Rene Etxegarai Baionako auzapezak. Segidan hartu zuen hitza Bordak, eta bere poemetako batzuk tartekatuz osatu zuen hitzaldia. Muga hitzari dagokionez, adierazi zuen euskaldunen artean kontraesanak eta beldurrak eragiten dituela kontzeptu horrek: «Mugatua den mundu bateko jende mugagabeak gara [...]. Muga pertsonifikatuak. Hor dira jartzen ditugunak, jartzen dizkigutenak». Kontraesan horien ildotik gogoeta gehiago ere utzi zituen: «Mugak, aldizka, errotzen eta exiliatzen gaitu [...]. Muga, batzuen ametsa da eta besteen amesgaiztoa». Gogorarazi zuen berak ere muga ugari gurutzatu dituela bizitzan, «batzuetan itzulerarik gabe», eta aitortu, oreka galtzear izan dela sarritan, «oreka galdua zutenekin eguneroko ahaleginetan».
Halaber, euskararekin ez ezik, inguruko hizkuntzekin izan duen harremana ere azaldu zuen Bordak. «Memoriaren intimitatean elkar bizitzen zebilzkigun euskara, gaskoia, frantsesa eta kolegioan gehitu zaizkigun ingelesa eta gaztelania [...]. Askotan arras euskaldunak ere ez ginela entzun behar izan genuen, gu baino perfektuagoak ziren euskaldunen partetik. Mugetakoak, ipar mugetakoak, hitzak trukatuz iraun zuten hiztunak». Gogora ekarri zituen hala telebistarik ez zegoen etxean idatzi zituen lehen poemak, nola Lafitten gramatikarekin, Haize Garbia-ko hiztegiekin eta Herria astekariaren laguntzaz euskara berreskuratzen hasi zeneko garaia, eta, era berean, Maiatz aldizkariaren sorrera, bere lehen itzulpenak, liburuak, artikuluak, Seaskan eginiko ahaleginak...
Bere ibilbide literarioa ere errepasatu zuen idazleak ekitaldian. «Euskal emazte idazleei bidea ireki zien belaunaldiaren parte sentitzen naiz», adierazi zuen. Belaunaldi horretako beste hainbat andrazko idazlerekin gogoratu zen, hala nola Amaia Lasa, Laura Mintegi, Arantxa Urretabizkaia, Tere Irastortza, Marijane Minaberri eta Marikita Tambourinekin. Eta haien guztien elkarpena aldarrikatu zuen: «Kezka sozial berriak ekarri genituen plazara, gorputzaren inguruko ikuspegi pentsaezinak eta, bistan dena, oroz bat, planeta honetako jendetzaren erdiaren presentzia literarioa [...]. Erakutsi nahi genuen, egunean eguneko euskara beharbada inperfektu batean, gure mundua ez zela bakarrik artzainez, laborariz, apezez eta hondar denboretan kazetariz eta irakasle kiristinoz osatua [...]. Emazte sortzaileak hor ginen, aniztasunaren ikur, eta emakume horietatik zenbait lesbianak ginen».
«Periferiakoa» izateaz ere hitz egin zuen, eta galdetu, ea horrek «idazle minorea» dela esan nahi ote duen. Aitortu zuen «inpostore» sentitu izan dela maiz, baina gehitu zuen hori dela bere betekizun «obsesiboa», mugalari izateak oparitzen dion «aldi berean inside eta outside ibiltzearena». Eta edonola ere, ororen gainetik, berak herria, hizkuntza eta literatura maite dituela adierazi zuen: «Idaztea izan da herriarekin ukan dudan lotura nagusia».
Bere ibilbidean lagun izan dituenei eskerrak emateko ere baliatu zuen mintzaldia Bordak, eta, ingurukoei ez ezik, besteak beste, Jean Errekart, Junes Casenave, Manex Erdozaintzi-Etxart, Eñaut Etxamendi eta Luzien Etxezaharretari egin zien aipamena.
Irakurleak xaxatuz amaitu zuen hitzaldia: «Iraun beza irakurlea esnaturik eta kritikoa izaten, ez diot besterik desiratzen».
«Ezten probokatzailea»
Sagrario Aleman euskaltzain osoak eman zion erantzuna idazleari. Muga hitzari heldu zion hark ere, euskarari Nafarroan bereziki ezarritako muga administratiboak salatzeko. Euskararen eta euskal kulturaren aurrean Bordak duen jarrera aktibo eta kritikoa ere nabarmendu zuen. «Euskaltzaindian ere zure ezten probokatzailea dastatuko dugula uste dut».
Euskaltzain berriak karguaren zina egin zuen azkenik, eta euskaltzain osoaren domina, diploma eta ikurra jaso zituen Urrutia euskaltzainburuaren eskutik.
Mugalari izpiritua duen idazlea
Itxaro Bordak euskaltzain oso karguaren zina egin du Baionan, sarrera hitzaldia irakurri ondotik. Bere idazle ibilbideaz, mugaren kontzeptuaz, euskalduntasunaz eta feminismoaz mintzatu da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu