Arbelari begira

Mugak

Beñat Gaztelumendi.
2011ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Maria Ximildegi Lapurdiko kostaldetik Zugarramurdira iritsi omen zen abendu batez. Eta bertakoei kontatu omen zien Ziburuko hondartzara deabrua joaten zela, eta festak egiten zituztela berarekin. Zugarramurdin bertan ere akelarreak antolatu omen zituzten. Azkenean, Inkisizioa iritsi zen herrira. Eta hortik aurrerakoa kontatzeak min ematen du oraindik, mendeak igaro ondoren.

Istorio honetan bada zerbait hitzez agertu ez arren presente dagoena: muga. Baina ez bi baserriren edo bi herriren arteko muga. Bi estaturen arteko muga dago sorginen istorioan, agertu ez arren. Mugaz bestaldekoaren misterioa. Mugaz bestaldekoaren beldurra. Eta beldur horren erabilera politikoa.

Mugaz hitz egin zigun Aizpea Leizaola antropologoak asteazkenean. Muga bat ez da ikusten. Ez da sateliteko argazkietan agertzen. Lerro bat da mapa baten gainean. Norbaitek erabaki zuen noizbait marra hori hor egongo zela, eta ez handik kilometro batzuetara. Eta halaxe egin zuen marra bat euskararen lurraldearen erdi-erdian. Norbaitek erabaki zuen frantsesez hitz egingo zela alde batean eta gazteleraz bestean. Aizpeak Sara eta Zugarramurdiren arteko mugak bi herri horietan daukan eragina aztertu du. Eta kontatu zigun mugak zatitzeko sortzen badira ere (edo justu horregatik) harreman bereziak sortzen dituela bi herriren artean. Espainia eta Frantziako estatuak bereizten dituen mugak berezitasun handi bat du: mende luzeetan ez da mugitu. Muga naturaltzat hartzen dute, gainera, ibaiek eta mendiek eraikia baita. Beharbada ahaztua izango du norbaitek agintari baten nahiak ibaiak eta mendiak ere mugi ditzakeela.

Mugak oztopo dira lurralde bat bereizten dutenean. Euskal kulturgintza saretu nahi dugu, komunitatea eraiki nahi dugu, eta behin eta berriz egiten dugu talka horma berarekin. Bi estatutan bizitzeak kultura ezberdinen pean bizitzea esan nahi du. Eta horrek nabarmen zailtzen du kultura partekatu bat eraikitzea, erreferentziak konpartitzea. Mugetan bat egiten dute bi estatuk. Saran eta Zugarramurdin mendeetan asmatu izan dute mugatik bizitzen. Egunero gainditu izan dute muga kontrabandoan aritu direnek, esaterako. Gaur egun mugaren alde biak batzen dituen sinbolo bat da, lanari lotua. Baina kultura batu bat elikatzeko bideak mozten dizkio euskalgintzari.

Europa Batuan bizi omen gara, Globalizazioaren munduan. Eta Youtuberen, Facebooken, Twiterren, informazioaren mundu honetan zergatik dakit auto istripua izan dela Cadizen, Hendaian izan dela jakin baino lehenago?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.