'Beyond Human Perception'
Artistak: Maria Castellanos eta Alberto Valverde. Non: Hibridalab zentroan, Gasteizen. Noiz arte: 2025eko urtarrilaren 17ra arte.
Uste dut urte honen hasieran idatzi zidatela lehen aldiz Hibridalabetik, unibertsitatearen eta zentroaren arteko lehen zubi lanak eraikitzeko asmoz. Ez nuen zentroaren izena entzuna ere, eta Interneten bilaketa azkar bat egin ostean, 2022 amaieran inauguratutako espazio berri bat zela ikusi nuen, Arabako Foru Aldundiaren, Conexiones Improbables-en eta Vital Fundazioaren arteko elkarlanean sortua. Osasun arazoak zirela eta, bajan harrapatu ninduen email hark, eta ez dut gezurrik esango, ahaztua nuen kasik, harik eta espaziotik orain dela gutxi beste email bat jaso nuen arte erakusketa baten inguruko informazioa igorriz. Eta lotsa ere eman zidan haren helbidea bilatzen ari nintzela hainbatetan zapaltzen dudan EHUko Arabako kanpusaren ondo-ondoan zegoela ikusi nuenean. Ez da zehazki arte espazio bat, baina, webgunean bertan azaltzen denaren arabera, kulturaren, gizartearen eta ekoizpen-sare ezberdinen arteko harremanak bultzatu nahi dituen gune hibrido bat da, bereziki berrikuntzari eta transferentziari loturikoa. Eta helburu horien artean, noski, erakusketek ere badute lekua, nahiz eta horiei dedikaturiko programa finkorik ez izan.
Txirrina jo beharra dago sartu ahal izateko; besteren gainetik, lanerako espazio bat baita Hibridalab. Baina harrerako neskari bertaratzearen intentzioak azaldu bezain pronto, erakusketa espaziora bideratu ninduen, eta segidan jarri zuen martxan Maria Castellanos eta Alberto Valverde artisten Beyond Human Perception proposamena, beharrezko monitore eta sistema guztiak piztuz.
Aretoa txikia da, eta erakusketa osatzen duten elementuak ere ez dira asko: bi ikus-entzunezko eta landareekin eginiko instalazio bat. Baina erakusketak ere ez du gehiagorik behar, proiektu jakin baten aurkezpena izanik, eta are gehiago, proiektuaren elementu nagusia artistek bideratutako ekintza bat dela kontuan harturik.
Espazioaren asmoa den hibridazioak sortzearen ideiari helduta, kasu honetan aurkezten dena artearen eta zientziaren artean zabuka dabilen proposamena da, gizartean eta oro har hain antagonikotzat hartzen diren bi ikerketa esparru horien arteko mugak lausotuz. Izan ere, proiektuaren helburu nagusia landareen hautemateko gaitasunen inguruko hausnarketa eta azterketa bideratzean datza, baina bilaketa hau ez da egiten intuiziozko inguratze edo espekulazioren batetik, baizik eta azken teknologien erabileraren eta zientzia enpirikoen aplikaziotik. Eta hau argi eta garbi azpimarratzen dute erakusketako euskarri ezberdinen bidez, sarrera testutik hasita.
Badira zenbait urte Castellanos eta Valverde elkarrekin antzeko ekimenetan lanean dabiltzala, zyborgaren ideiatik abiatuta, gizakiaren, makinen eta espezie bizidun ezberdinen arteko komunikazioak eta erlazioak arakatzen. Kasu honetan, elementu detonatzailea musika izan da; alegia, gizakiek eta landareek musika mota ezberdinen aurrean dituzten erreakzio edo pertzepzio fisikoak aztertu eta konparatzeko ahalegina egin dute. Eta ekintza horren emaitzak dira ikus-entzunezko nagusian aurkezten direnak: kanal batean ekintza beraren erregistroa —alegia, landareak eta gizakiak kontzertu bat entzuten—, eta bestean, berriz, haien erreakzioak biltzen dituzten grafikoak proiektatzen dira. Eta hona emaitza: estimulu beraren aurrean antzeko erreakzioak ditugu bi espezieek.
Nahiz eta badiren urte batzuk landareen inguruko ikerketetan sakondu eta landareek elkarren artean komunikatzeko dituzten errekurtsoen inguruko ikerketak egiten ari direla, badirudi oraindik ere kosta egiten zaigula antropozentrismoaren atzaparretatik ihes egitea, eta ia ezinezkoa dirudiela, batzuen begietan behintzat, halakorik egia izatea. Nik neuk erakusketan ikusitakoa nire inguruan kontatuta ere, teknologia horren egiantzekotasuna zalantzan jartzea izan zen jasotako lehen erreakzioa. Eta agian erakusketa bera eta haren sarrera testuari halako izaera zientifiko sakona ematearen arrazoia ere hor topa dezakegu: oraindik ere antropozentrismoa alde batera utzi, eta planetan bizi garen izaki eta espezie guztien arteko ekitatea onartu eta bermatzeko dugun zailtasunean. Horren aurrean, proposamen argigarria behintzat bada erakusketa hau.