KRITIKA. Artea

Mugak eta planoak

(ID_13569338) (/EZEZAGUNA) baba
Randa Maroufiren 'Bab Sebta' filmeko irudi bat. ARTIUM MUSEOA
2024ko otsailaren 6a
05:05
Entzun

'Bab Sebta'

Artista: Randa Maroufi. Non: Gasteizko Artium museko Z aretoa. Noiz arte: Apirilaren 21era arte.

Artiumeko Z aretoko proiekzioek harrapatu ohi naute; filmen kalitatearekin bat, espazioak ahalbidetzen duen atmosfera harrapatze horren erruduna dela susma dezaket. Izan ere, nolabaiteko gela sekretu bat izango balitz bezala, erakusketa espazioak zeharkatu ostean butakadun zinema gela txiki bat aurkitzeak izaera intimo bat ematen baitio bisitari.

Gelan sartu aurretik, erakusketa espazioa izan zitekeen horretan, idulki baten gainean ikusleok har dezakegun orri handi bat dago, plano bat. Haren ingerada zuriek ezezaguna zaidan espazio baten erreprodukzio lineala irudikatzen dute, eta bertan agertzen diren zenbakiek espazio bakoitzaren izena igortzen didate. Bab Sebta filma ikustera sartu baino lehen ikusleok kontuan hartu beharreko instrukzio orria da, espazioekin lotzera bideratzen gaituena, eta, era berean, jarraian ikusiko dugunarekiko perspektiba panoramikoa eskaintzen diguna.

Bab Sebta Ceutan, Espainia eta Maroko artean kokatutako muga-postua da, eta muga hori egunero zeharkatzen dutenak dira filmeko protagonistak. Randa Maroufi artista marokoarraren lana da, eta bertan, hainbat eta hainbat pertsonen errealitatea mahai gainean jartzen digu. Bada, artistaren bestelako lanetan gertatzen den bezala, fikzioaren eta errealitatearen artean mugitzen den irakurketa bisualen testigu izango da Artiumeko Z aretora gerturatzen den oro.

Zinema espazio bakartian sartzen naiz, eta butaken artean pantailatik gertuen dagoenetako bat aukeratzen dut. Orduan, espazio neutro bat aurkezten zait begi aurrean, eta sentitzen dut aurretik hartu dudan planoaren eta pantailak proiektatzen duen horren artean ez dagoela alde handirik. Izan ere, esku artean eusten ari naizen paperean gertatzen den era berean, espazioa goitik ikusten dut, eta planoan agertzen diren izenak ere agertzen dira: Mediterraneoa goian, Ceuta alde batean, Maroko bestean...

Hasieran neutrotzat hartu dudan espazio horrek halakoa izateari utzi dio, mugen zeharkatzearen menpe dauden pertsonek bete baitute. Neutraltasuna planoan geratu da; momentu honetan bertan pertsona horien egunerokotasunak barreiatzen nau. Ama bat agertzen da, haurra esku artean eusten duen bitartean espazioan mugitzen dena. Eta nik, ikusle orojakile baten baitan, haien mugimenduak zelatatzen ditut.

Ahots bat entzuten da, Bab Sebtari buruz hitz egiten duena, Europako Batasunaren eta Afrikaren arteko lehorreko mugaz, hain zuzen ere. Haren hitzetan, espazio hura segurua da, indar armatuekin esku hartzeko eta lankidetzan aritzeko eremua baita. Alabaina, ondorioztatuko dugu segurtasun hori partziala dela, segurtasunaz arduratzen direnek, hori baino gehiago, boterea hartzen baitute beren gain, eta, botere harreman toxikoek bideratu ohi dituzten eredu hierarkikoen era berean, kasu honetan argi geratzen zaiguna da erpinaren azpian daudenen mugimenduak goian daudenek bideratzen dituztela.

Zentzu horretan, aipatzekoa da Maroufik bideratzen duen kamera jokoak guztiz harrapatzen gaituela. Halaber, filmaren lehenengo segundoetan zalantzara bideratzen gaitu, ez baitakigu zer izango den ikusmiran sartuko zaigun hori. Bada, kamera da mugitzen dena, eta zenbait puntutan itogarriak suertatu ahal zaizkigun mugimenduek muga zeharkatzen duten horien sentipenekin konektatzera bideratzen naute.

Era berean, irrealtasunaren eta errealitate gordinaren artean kokatzen den lengoaia estetikoak, Bab Sebta astero zeharkatzera behartuta dauden horien egunerokotasunarekin lotzen nau, eta ezinegona sentiarazten dit. Izan ere, sentitzen dut, kolonizazioaren eraginak jasaten ari diren herrialde askoren egoera tragikoak jasanezin egiten zaizkigunean, begiratzeari uzteko gaitasuna bereganatzen ari garela, erosotasunean murgildu, eta orduan erabakitzen baitugu noiz begiratu eta noiz ez. Bitartean, pertsona horiek ezin dute beren egunerokotasunetik ihes egin, eta honen inguruan hausnartzen dudan bitartean, haiek hor daude, Bab Sebtako muga puntua zeharkatzeko aukeraren esperoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.