Mugak arkitektura bienalak ehun bat jarduera antolatu ditu aurtengo

Urriaren 25ean hasiko da biurtekoa, eta Donostia izango du egoitza nagusi. Aurrez, hainbat ekitaldi izango dira Donostian, Gasteizen eta Bilbon

Mugak arkitektura bienalaren aurkezpena, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
2023ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Hastear da Mugak Euskadiko Arkitektura Bienalaren laugarren aldia. Berreraiki, berpiztu, berrasmatu lelopean egingo dute aurtengoa, eta urriaren 25ean hasiko da, Donostian. Erakusketa nagusia han jarriko dute, Euskadiko Arkitektura Institutuan, Aldaketa bizi izenburupean. Arkitekturaren eta artearen munduko hamar lagunen lanak bilduko ditu. Egun berean, Wang Shu arkitekto txinatarrak hitzaldia emango du Antzoki Zaharrean. Bi ekitaldi horiekin emango diote hasiera biurtekoari. Nolanahi ere, ehun jarduera inguru izango dira guztira, baita beste zenbait ere, urriaren 10ean hasita, Donostian, Bilbon eta Gasteizen.

Aurtengo programazioaren xehetasunak eman zituzten atzo Pablo Garcia Astrain Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura zuzendariak, Maria Arana biurtekoaren aurtengo komisarioak eta Goizane Alvarez Gipuzkoako Kultura diputatuak, Euskadiko Arkitektura Institutuan eginiko agerraldian. Esan zutenez, Mugak ekinaldiak «hausnarketarako guneak» sortu nahi ditu, hain zuzen ere, «mundua bizitzeko moduak» aztertzeko.

Erakusketan parte hartuko duten sortzaileen artean, Wang Shu arkitektoa nabarmendu dute antolatzaileek. Pritzker saria irabazi zuen 2012an, eta bere herrialdeko hirien «suntsipen azkarraren eta hazkunde geldiezinaren aldean, tradizioaren zaintzaren defendatzailea» izateagatik nabarmendu dela azaldu zuten. Haren obrak erakusketa banatuko den hiru aretoetan izango dira presente.

Horien aurretik, baina, urriaren 10ean hasita, beste zenbait ekitaldi egingo dituzte. Egun horretan, kasurako, Lost Forest jarduera egingo dute. «Basoetako suteetan erretako enborren egitura bat eraikiko dugu Saguesen, eta arazo horri buruzko gogoeta egitera gonbidatuko dugu jendea», jakinarazi dute antolatzaileek.

Arkitektura Institutuan egingo den ekitaldi batek itxiko du aurtengo egitaraua, azaroaren 24an. Nolanahi ere, azaldu dute aurrerago emango dituztela ekitaldi horren gaineko xehetasunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.