Munduko beste gune askotan bezala, Euskal Herrian ere mugek, geografikoek eta haiengandik eratorritako sinboliko nahiz psikologikoek, garrantzi handia izan dute jendearen arteko harremanen nolakotasunean. Euskarak berak ere muga kontzeptua onartzen du ezintasun molde bat adierazteko. Mugaren kontzeptu hori birpentsatzeko helburu nagusia du Maite Garbaio Maeztu irakasle eta arte kritikari nafarrak (Iruñea, 1980), urtebetez Donostiako Tabakaleran garatuko duen Mugak proiektuaren bidez. Tabakalerak eta Donostia 2016k elkarrekin deitutako ikerketa artistikoen egonaldien esparruan kokaturiko proiektua da. Iaz egin zuten aurreneko aldiz artistentzako egonaldia, eta Pablo La Parra ikerlari valentziarrak garatu zuen proiektua, zinema militantearen inguruko lanarekin.
Garbaio Maeztuk hainbat egonaldi egingo ditu Tabakaleran 2017an. Lehenengoa apirilaren lehen hamabostaldian egiten ari da. «Orain, batez ere, irakurketa fasean nago, gaiari buruz idatzi direnak irakurtzen; jendea elkarrizketatzen ere hasiko naiz. Elkarrizketatu nahi ditut mugaren inguruan bizi direnak. Esaterako, Behobiako mugan, denda batean 40 urte lanean dabilen bat elkarrizketatuko dut. Hark ikusi baitu jendea harat honat, eta izan diren aldaketa guztiak». Ez horiek bakarrik, ordea. Arte sorkuntzarekin, hezkuntza akademikoarekin edo literaturarekin loturiko pertsonak ere elkarrizketatuko ditu; Aurelia Arkotxa eta Itxaro Borda, esaterako. «Mugako idazleak dira. Eta Bordak, esaterako, bi hizkuntzatan argitaratzen du; bere burua itzultzen du». Izan ere, Garbaio Maezturentzat, itzulpenarena «gai ezinbestekoa da» mugaren kontzeptuarekin loturik. Gure muga horretan, polifonia linguistiko bat dugu. Hiru hizkuntza ditugu. Etengabe itzulpen eta autoitzulpen lan bat egiten ari gara». Hainbesterainoko garrantzia ematen dio gaiari, ezen bere egonaldiaren barruan proposaturiko ekimen programan Danele Sarriugarte idazle eta itzultzaileak emaniko tailerra txertatu duen. Udaren ostean izango da hori.
Garbaio Maezturen iritzian, «oso gogoeta gutxi egin da gure mugaren inguruan», eta hori ahalbidetzea du asmoa: «Mugak zeharkatzen gaitu, eta gure lurraldea zedarritzen du, batetik, zentzu geopolitiko, fisiko eta material batean, baina bestetik, baita kontzeptualki ere». ETAren armagabetzea izan berritan, arte ikertzaileak gogoratu nahi izan du gatazka horrek eragin duela «polaritate politiketan bizi izana» urte askoan. Eta, haren ustez, bizitzaren arlo guztietara zabaldu izan da polaritate hori: «Horregatik, mugako pentsamendua esaten dudanean, edo mugatik pentsatzea, edo geure burua mugatik birpentsatzea, edo soil-soilik muga garela pentsatzea, esan nahi dut polaritate politika horiek baztertu, eta esentzialismo identitarioz kanpo geure burua birpentsatzea; etengabe ibilian goazen gizakiak garela. Muga ez hartzea banatzen gaituen gune gisa, baizik eta erlazionatzen gaituena, desberdinak batzen dituena». Muga zubi izatea da Garbaio Maezturen proposamena: «Mugatik pentsatzea da enpatiatik pentsatzea, bestea ulertzetik, ez oposiziotik».
Garbaio Maeztu Mexikon bizi da azken bolada luzean. Mexiko eta Amerikako Estatu Batuak bereizten dituen mugak inguruan eragiten duen errealitatearen berri hurbilekoa badu, eta idazle txikano feministak ditu erreferentzia: Gloria Anzaldua, Cherrie Moraga... «Mugako pertsonaiei buruz hitz egiten dute: mugak alderik alde zeharkatzen dituzten pertsonei buruz: baztertuak, mestizoak, queer-ak...».
Mintegiak, esku hartzeak...
Garbaio Maezturen ikerketa, elkarrizketa eta lanketaz gain, Mugak proiektuak jarduera programa bat izango du urte osoan: mintegiak, esku hartze artistikoak eta Pirineotako muga inguruetan txango antolatuak egingo dituzte, besteak beste.
Programako lehen ekintza gaur bertan hasiko da, 19:00etan. Amaia Molinet artistak mugaren nozioa oinarrizko ardatz duten hiru proiektu aurkeztuko ditu. Nozioari berari alderdi politiko, kultural eta fisikotik helduko dio. «Europan, Saharan edo Islandian kokatutako lurraldeen egoera arakatuko du», Ane Rodriguez Tabakalerako kultur zuzendariak atzo egindako aurkezpenean azaldu zuenez: «Gero, lurralde propioan amaituko du, artean bere ohiko lanak duen izaera fotografikoa azalduz».
Amaia Molinetenaz gain, bi hilean behin esku hartze gehiago hartuko ditu proiektuak. Hurrengo esku hartzea Taxio Ardanazek egingo du, ekainaren 17an. Bestalde, urte amaieran bi eguneko nazioarteko mintegi bat antolatuko dute Garbaio Maeztu lantzen ari den gaiaren inguruan; adituak bilduko ditu.
Muga zubi
Maite Garbaio Maeztu arte ikerlariak Mugak proiektua garatuko du Tabakaleran. Urtebeteko egonaldi artistikoa da, eta muga kontzeptuaz gogoeta egitea du xede
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu