Arantza Santesteban
Zehar-irudiak

Muga lausoa

2025eko martxoaren 16a
04:30
Entzun 00:00:0000:00:00

'LA FLACA ALEJANDRA'

Zuzendaria: Carmen Castillo.
Urtea: 1994.
Iraupena: 57 minutu.
Ikusgai: Vimeo.

Batzuetan artikulu bateko lerroek ez dute nahikoa espaziorik eskaintzen sakoneko putzuetan nabigatzeko. Halere, saiatu beharra dago, burua une batez aingura deserosoetan sartzen eta ostera, bertan ikusitakoak utzi dituen markak ebaluatzen.

1994an Carmen Castillo idazle eta zinegile txiletarraren La flaca Alejandra estreinatu zen eta balekoa da aipatzea, ez dela, inondik inora, aise ikusten diren dokumental horietako bat.

Txileko MIR (Movimiento de Izquierda Revolucionaria) erakundeko partaide izan zen Marcia Merinoren bizipen latza kontatzen da bertan, espetxetik atera eta bi urte eskasera. Protagonista 1974an atxilo hartu zuen DINAk —Pinocheten polizia sekretuak— eta horrelako kasuetan ohikoa zen bezala, basatiki torturatua izan zen. Atxiloaldiaren lehen egun horietan eutsi zien kolaboratzeko egindako presioei, harik eta kideak abisatu zituen arte —zigarro paper batean idatzitako mezu klandestino batean— horrela jarraituz gero kideen izenak aitortzen hasiko zela. Esan gabe doa, torturek jarraitu zutela eta Merino jausi zela, ohartarazi bezala, itzulbiderik gabeko salaketa kate batean. Eman zituen izenak, helbideak, informazio ezberdinak, detaile guztiekin eman ere. Halako egoerei men egiterakoan behin eta berriz agertzen da filmean quebrarse kontzeptua, zeinaren bidez adierazi nahi den muturreko egoeretan eutsi ezin denean gertatzen den barneko haustura sakon hori. Askotan haren existentziaren susmorik eduki gabe, egon daiteke norberaren izatearen hondoan amore emate inboluntario bat. Muga lausoa izan daiteke.

Hala, Merinok kamera aurrean dokumentalaren zuzendariari kontatzen dio nola askatzen zuten poliziek kalean atzetik zelatan zituen bitartean, kideak aurrez aurre identifikatu eta berehalakoan atxilotzeko. «Kide bat ezagutzen nuen bakoitzean, beherago erortzen nintzen». Errepikatu zen hainbestetan honakoa, ezen Merinoren irudia traidore nagusitzat hartua izan zen mugimenduaren barruan.

Hemezortzi urtez iraun zuen atxiloaldian —ez zen une oro kartzelan egon, tarteka eraman zuten pisu batera, tarteka atzerrira— Merinok lan egin zuen DINArentzat modu ezberdin askotan. Alabaina, urteak pasatuta eta diktadurako arduradunak epaitzen hasi zirenean, agerraldi publiko batera deitu zuen Santiagon, 1992ko egun haietan. Prentsaurreko horretan barkamena eskatu zien bere kide ohiei, egindako salaketa bakoitzarengatik, entregatutako —eta ondorioz desagerrarazitako— lagun bakoitzaren galeragatik.

Orduantxe ikusi zituen Frantzian bizi zen Carmen Castillok aipatu agerraldiko irudiak, eta halako erabaki azkar batean jakin zuen emakume harekin egon nahi zuela, eta enkontru hura grabatu. Azken honen bikotekidea —Miguel Enriquez— DINAk erail zuen 1970eko hamarkada hartan eta, gerora aitortuko zuenez, dokumentalaren benetako arrazoia zein sakoneko pultsioa, Merinoren jokabidearen atzean zegoena ulertzea izango zen. Zer izan daitekeen haustea, hots, zertan datzan torturak eragindako quebrarse delako hori eta ondorioz aktiba daitekeen kolaborazio-salaketa-parte hartze esanezineko hori. Epaitzetik haratago, Castillok ulertu nahi du eta horretarako dispositibo sinple bezain biluzia erabiltzen du dokumentalean: off-eko ahots bat —idazlea izanik badu kutsu poetikorik hala nola erreflexiotik ere bai— eta Merino zein haren arteko enkontruaren zuzeneko grabaketa. Bigarren tomarik gabe, dokumentalaren energia lehen enkontru harena da.

Enkoadratzearen ariketa ez da inoiz hutsala. Bi emakume hauek abiatuko dira irudietan zehar dialogo luze batean. Merinori egindako torturaren esperientzia berbiziko dute elkarrekin, bisitatuko dituzte hautsi ez ziren hainbat kide, elkarrekin. Izan ere, hori da nire ustez, film honen ekarpenik errelebanteena: nolatan batu daitezkeen plano beraren barruan ustez antagonikoak diren bi figura, ustez traidorea, ustez martirra.

Agian izan daiteke gehiegi esatea, baina esango nuke soilik halako filmak egin ditzaketela esperientzia politikoa auzi sentikor, zabal, humano eta sakon bat bezala bizi dutenek. Pilar Calveiro politologo argentinarrak idatzi zuen 1998an —hiru aldiz atxilo egon ostean— kontzentrazio esparruetan zein tortura gela ilunetan desagertzen direla traizioaren eta heroismoaren arteko banaketa, eta lausotzen dela horien artean dagoen muga. Castillok dokumentalaren une batean esango duen bezala, «ez dago logikarik toki hauetan».

Esango nuke soilik halako filmak egin ditzaketela esperientzia politikoa auzi sentikor, zabal, humano eta sakon bat bezala bizi dutenek

Galderak luzatzen dituen dokumental honen alde, esan beharra dago eskaintzen duen denbora zinematografiko horretan ikus ditzakegula, batez ere, memoria traizionatu nahi ez duten bi emakume kolpaturik, arras-bizirik eta betiere, sendotasun izugarriz.

(ID_17417839904485) (/EZEZAGUNA) La flaca Alejandra dokumentalaren fotograma bat
La flaca Alejandra dokumentala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.