'muare'
Gipuzkoatik datorren bikotea da Muare, eta, lehen diskoa argitaratu berri badute ere, kideek eskarmentua dute, besteak beste, Koban taldeko kide izan baitira biak aurretik. Sintetizagailuetatik abiatuz, eta Maddi eta Eliren ahotsekin jolastuz, popetik ateratzen diren adar ezberdinak jorratzen dituzte zazpi abestietan. Sintetizagailuen oinarriek eman dezaketen kutsu elektronikoa beti presente dela, dream-pop eta trip-hop doinuak aurki ditzakegu estreinako lan honetan, baina baita folk doinuak ere. Portishead taldearen bertsio bat ere badago tartean. Nabari da mimoz ondutako lana dela, estreinakoa izanagatik abesti xume bezain landuz betea, eta xehetasunik txikienari ere bere lekua eskaintzen diona.