Aintzane Usandizaga. Idazlea

«Mozorroak ez dira egia tapatzeko geruza bat; geure parte ere badira»

'Zomorrotu' lanari ipuin liburuaren eta nobelaren arteko hezurdura bat eraiki dio, bost narrazioen artean loturak sortzen baitituzte pertsonaiek.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Andoain
2023ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Laguntasun harreman korapilatsuak, lankideen arteko elkarrizketa deserosoak, seme-alaben eta gurasoen arteko lotura gorabeheratsuak, bikoteen krisiak. Harreman mota ugari eta haien guztien konplexutasunak marraztu ditu Zomorrotu lanean (Elkar) Aintzane Usandizaga idazleak (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1988). Ez umorerik gabe, ordea. Egiturarekin soilik ez, pertsonaiekin ere jolas egin du, istorio batetik bestera jauzika jarri baititu bost kontakizunetan. Irakurlea jolas horretan sartzera deitzen du liburuak. «Azkenean, jolasa deskubrimendua da».

Ipuin liburuaren eta nobelaren artean koka daiteke zure azken lana. Egitura horren bila abiatu zinen idaztera, ala istorioek eraman zintuzten molde horretara?

Uste dut nahasketa bat izan zela, ze banuen gogoa egiturarekin jolasteko eta elkarri lotzen ziren istorioak idazteko. Hasi nintzenean, ez nuen argi zer izango zen; formarekin jolastu nahi nuen, ze asko gustatzen zaizkit istorioen barruan istorioak dituzten lanak, matrioxka egitura hori dutenak. Azkenean ez zen hainbeste hortik joan, baina pertsonaia eta istorio batzuek haietara bueltatzeko eskatzen zidaten. Gainera, banuen gogoa —badelako nire obsesioetako bat, segur aski— gertakari eta pertsonaia berak ikuspegi ezberdinetatik jasotzeko; nola batzuetan ez den hainbeste egia edo gezurra, baizik bakoitzak nola bizi duen egoera bat, zer motxila dakarren, nola sentitzen dituen gauzak. Hortik sortu zen egitura, baina pertsonaia eta gai batzuk lantzeko nahiari ere lotuta joan zen.

Pertsonaiek ipuin batetik bestera salto egiten dute, eta istorio bakoitzean pertsonaia beraren ikuspuntu desberdina izan dezake irakurleak. Denak dira mozorroak? Ala bada benetakorik?

Uste dut nik ez dudala mozorroa ulertzen egia estaltzeko traje bat bezala, baizik egoera bakoitzean transformatzeko erabiltzen dugun baliabide bat bezala, ia bizirik irauteko erreminta bat bezala. Beste gauza bat da pertsonaia askok ez dietela besteei erakutsi nahi gustatzen ez zaien beren alderdi bat; badago hori ere. Baina, nire ustez, ez da hainbeste egia tapatzeko geruza bat, baizik geruza horiek ere bagarela. Geuk aukeratzen ditugu geruza horiek; beraz, horiek ere badira geure parte.

Badago egungo gizartearen kritika bat horren atzean? Ala gehiago da giza kondizioaren alderdi hori erakusteko nahi bat?

Uste dut, izaki sozialak garen aldetik, mozorro horiek janzteko beharra dugula egoera batzuetan mugitzeko; egongo da hori egiten ez duenik, baina uste dut oso zaila dela hori erabat ez egitea, ze, besteekin testuinguru ezberdinetan harremanak izateko, erregulatu egiten gara. Egia da, era berean, gaur egun oso kanpora begira bizi garela; lehen ere bai, beste modu batera, baina orain, agian, beste intentsitate batez aukeratu eta aldatzen ditugu mozorroak, eta horretarako tresna gehiago ere baditugu.

Pertsonaien eguneroko kontraesan txikiak sarri agertzen dira, baita haien gogoeten xehetasunak ere. Gauza txikiei garrantzia eman zalea zara literaturan?

Bai, bereziki ipuinetan eta literatura mota batean egiten den zerbait dela uste dut. Keinu batek edo pertsonaia batek objektu batekin duen harremanak informazio asko eman ahal dizu haren izaeraz. Horren oso zalea naiz; irakurle bezala asko gozatzen dut horrekin, uste dudalako egiten nahiko zaila dela baina, informazioaz gain, zuzenean esan ordez zuk deskubritzeko plazera ere ematen dizula.

Pertsonaien arteko harremanak ere badira ardatz bat. Haien ertzen berri emateko beste modu bat da zuretzat, ala harago doa zure asmoa, eta erlazioen gaia bera lantzeko gogoa zenuen?

Biak. Pertsonaiak eraikitzean, niretzat garrantzi handia du inguruarekin eta beste pertsonaiekin duten harremanak; beren harremanekin eraikitzen dira guztiz. Ez dut ulertzen pertsonaia bat harremanetan aktibatu gabe; harremanek ahalbidetzen dute bizitza hartzea. Niretzat garrantzitsua da haiek eraikitzean zeinekin duten harremana, zeinekin ez, zeinekin gatazkak, edo zeinek pizten dizkien mamuak eta erresistentziak. Eta, gero, banuen halako gogo bat adierazteko askotan uste dugula pertsona isolatuak garela, eta gure ekintzek guri edo ondoan dugunari bakarrik eragiten dietela, baina modu honetan ikusten dugu uste dugun baino urrutiago iristen dela ekintza horren muina; horrekin ere ibili nintzen, pertsonaien mapak egiten eta jolasten.

Jolasa sarritan aipatu duzu. Zuretzat jolasa egon da idaztean? Edo gehiago izan da irakurleari proposatu nahi zenion jolas bat?

Niretzat, sorkuntza jolasa da. Horrek ez du esan nahi ez denik zaila, ez zarenik frustratzen, ez duzunik idatzitakoa leihotik behera bota nahi batzuetan... [irriz] Baina jolasa da, gauza ezberdinak egiten saiatzea gustatzen zaidalako, edo egin ez ditudanak; pertsonaia hau egoera honetan jarrita zer, honek zergatik sortzen dio ezinegona... Jolasa zentzu horretan, galdetzea, probatzea... Eta berdin egiturarekin. Kasu honetan, irakurleari jolas bat eskaini badiot eta ondo pasatu badu, ezin dut gehiago eskatu. Batzuei agian ez zaie gustatzen lan hori egitea, pertsonaiak berriz ateratzea aurrerago, edo pista bat ematea... Irakurle gisa, halakoak gustatzen zaizkit; halakoak bilatu zale denarentzat jolas bat da. Azkenean, jolasa deskubrimendua da, eta, niretzat, sortzea eta sorkuntza lanak zeureganatzea jolas horretan sartzea da; guztiz sartzen zarenean, harrapatzen zaituenean, hor bada magia pixka bat.

Umorea ere baliatu duzu tarteka, bereziki azken ipuinean. Zer ematen dizu umorea erabiltzeak?

Umore ironikoa edo azido xamarra izaten da. Uste dut umoreak laguntzen digula mingarriak zaizkigun gauza batzuk beste modu batera pasatzen gorputzetik, eta geure buruaz barre egiten. Liburuak badu pixka bat horretatik; aurki ditzakegu gu edo ingurukoak gogorarazten dizkiguten pertsonaiak, eta uste dut geure buruaz barre egiteak asko laguntzen duela gauzak beste perspektiba batean jartzen. Ez da apropos egiten dudan zerbait; uste dut begirada kontua ere badela. Badut joera gauza serioak umorera eramateko, eta umorea gauza serioetara, eta, gainera, gehiago funtzionatzen didate batera doazenean.

Aurreko lanean ere (Kabitu ezina, 2019, Elkar) bizitzari aurre egiteko pertsonaien nahiak eta ezinak zenituen hizpide, eta harremanak ere erdigunean ziren. Haren aldean, idazketa prozesua oso ezberdina egin zaizu?

Bai, oso-oso ezberdina. Aurreko liburua idazten hasi nintzenean, ez neukan proiektu osatu bat buruan; hasieran ipuinak ziren, eta, Igartza sarira aurkeztean, liburu forma ematen hasi nintzen. Orduan, prozesua beste modu batekoa izan zen, ipuin bakoitza zen osotasun bat. Kasu honetan, egiturak beste modu batera idaztera eraman nau, eta beti eduki behar nuen oso fresko aurretik idatzitakoa. Denbora bastante pasatu zen hasi nuenetik bukatu arte; tartean itxialdia egon zen, eta geldialdi nahiko handi bat izan nuen. Gorabeherak izan ditut, eta, aldi berean, hasieratik banuen osotasunaren ideia; oso modu ezberdinean bizi izan ditut bi prozesuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.